Segurtasuneko hutsegite batek hiru milioi banku-kontu jarri ditu arriskuan
LONDRES
HSBC banketxe ingelesak izandako ustezko hutsegite baten ondorioz, hiru milioi kontu baino gehiago iruzurrak izateko arriskuan izan dira “The Guardian” izeneko egunkari ingelesak atzo adierazi zuenaren arabera. Egunkariak, gainera, banketxeak Internet bidez duen sisteman aurkitutako hutsegite horregatik azkeneko bi urteetan sistemaren erabiltzaile diren 3,1 milioi bezerori iruzur egiteko arriskua izan direla esan zuen. Hutsegitea Cardiff Unibertsitateko aditu talde batek aurkitu du, eta horko kideek argitutakoaren arabera, segurtasun hutsegiteaz baliatu nahi izan duen edonork bederatzi saio egin eta gero kontuetarako sarbidea lortzeko aukera izan du denbora honetan guztian. Antonia Jones irakasleak, ikertzaileen taldea zuzendu zuen informatikako adituak, “The Guardian” egunkariari esan zion «bezeroak arriskuan daudelako» erabaki dutela ikerketaren ondorioak une honetan azalaraztea.
Babesa ezinbestekoa da
«Ikaragarria da euren bezeroei esker diru asko irabazten ari diren banketxeek eta erakundeek bezeroei babes nahikoa ez ematea», salatu zuen, gainera, Jones irakasleak. HSBC bankua, beste alde batetik, ustezko hutsegitearen larritasuna txikiagotzen saiatu da, eta beste banku gehienak baino iruzur gutxiago izaten dituela gaineratu du.
|