LEITZAKO JAIAK
Leitzarrek ezin izan zien euren buruari eutsi suziria lehertu arte
Atzo arratsaldean eman zieten hasiera Leitzako jai nagusiei, eta une horixe iristeko leitzarrek zuten ezinegona agerian geratu zen. Izan ere, festak zoriondu ostean, abesbatzako ordezkariari suziria pizteko ere astirik ez baitzioten eman; herritarrak zoriontzeko esaldia amaitu eta berehala lehertu ziren plazan zeuden xanpain botila guztiak, denborarik galdu gabe. Horrela, sei eguneko jai giro etengabeari eman zioten hasiera, zortzikoa aurreko biak zenbatuz.
LEITZA
Kantu ukitu nabaria izan zuen atzo arratsaldean Leitzan bizi izan zen jaien hasierak. Euskal Herri osoan oso ohitura zabaldua da kantuarena, eta Leitzaren kasua ez da, noski, salbuespena ahots ederrez gain, bertsolari onak ere eman eta ematen ditu Nafarroa ipar-mendebaleko herri ezagun honek. Baina hala ere, inoiz baino nabariagoa izan zen hori atzo egin zen 2006ko San Tiburtzio jaien hasieran.Bai altutik eta baxutik ere ahots oso onak daude euskaldunen artean, baina atzo Leitzan denen aurrean agerian geratu zirenak altutik, oso altutik aritu ziren, udaletxeko balkoitik, hain zuzen ere. Izan ere, aurten urteurrena ospatzen dutela-eta, Leitzako Jeiki abesbatzako kideak izan ziren jaiei hasiera emateko ardura izan zutenak, bertako zuzendaria, hain zuzen. Hark, abesbatza guztiaren izenean zoriondu zizkien jaiak bai herritarrei eta bai ordurako bertaratuak ziren makina bat kanpotarrei ere: «San Tiburtzio jai zoriontsuak pasa ditzazuela Jeiki abesbatzaren partetik». Urte osoa une horren zain egon ondoren, leitzarrek ezin izan zien euren buruari gehiago eutsi, eta suziria lehertzerako xanpain botila gehienak (edo guztiak) zabalik ziren eta euren edukia zabaltzen ziharduten. Egia da, urduritasunak eraginda alde batetik, eta iaz gertatua gogoan (ez da erraz esaten zein neurritan) bestetik, abesbatzako zuzendariak tartetxo bat behar izan zuela suziria pizteko, eta horrela, gainezka zegoen plazako jendearen ezinegona areagotu zuen.
Ikurrina balkoian
Nafarroa osoko herri askotan ez bezala, leitzarrek urtetik urtera ikurrina udaletxeko balkoian jartzeko modua bilatzen dute euren festa nagusien hasiera ekitaldian. Horretarako bidea ematen diena txupinazoan Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako gonbidatu bereziren bat izatea da, eta atzo ere halaxe egin zuten. Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburu Tontxu Campos izan zen atzoko gonbidatua, eta hari esker, ikurrinak ekitaldi osoa gainbegiratu zuen.Hala ere, saiheska ibili behar hori ez dago oso ongi ikusia bizzilagun askorentzat, eta bat baino gehiago izan ziren ikurrinaren ofizialtasuna eskatzen zuten afixak. Baina ez zen hori izan atzo 18.00etan Leitzako udaletxe plazan ikus zitekeen aldarrikapen bakarra. Larrain plataformak deituriko elkarretaratze jendetsuaz gain, intsumisioaren, burujabetasunaren, euskal preso politikoak etxeratzearen (tartean Igor herritarra) eta euskararen ofizialtasunaren aldeko kartelak ikus zitezkeen.
Aurreko asteburuan hasita
I.I. LEITZA San Tiburtzioren omenezko jaien hasiera ofiziala atzo arratsaldean izan bazen ere, bai Leitzako biztanleek eta bai inguruko herrietakoek ere, ongi dakite jai giroa, musika eta alaitasuna zenbait egun lehenagotik jabetzen direla leitzarren gogo eta arimez. Izan ere, jaiak hasi aurreko asteburuan festa giroan bete-betean sartzen da herri osoa, orduan egiten baitituzte programa banaketaren eguna eta umeen eguna ere. Aurreko larunbatean (aurten abuztuak 6) egin zuten herritarrek programa banaketaren eguna, eta gazte koadrilak auzoz auzo ibili ziren, musikari ugariz lagunduta, jaietako egitaraua banatzen. Ekintza horrekin leitzarrek hasitzat ematen dituzte jaiak, eta egitarauari begiratu bat emanez gero, asteburu hori ere badakarrela ohar gaitezke. Igandean, bestalde, umeen eguna izaten da eta egun
horretan etxeko txikienak bihurtzen dira protagonista nagusi. Eurei preseski
zuzenduriko jokoak, puzgarriak eta dantza emanaldiak izan ziren iragan igandean,
eta eguna behar bezala amaitzeko, Trikidantz taldearen dantzaldia izan zuten.
Egitaraua
Ostirala 11 09.00: Entzierroa eta behiak plazan (egunero). 12.00: Ezpata-dantzariak eta pilota. 18.30: Ateka Beltzan muralaren margotze parte
hartzailea. Bukatutakoan arratsaldekoa Gazte txosnan. 19.00: Herri kirolak plazan. 22.00: Zezensuzkoa. 00.00: Dantzaldia Gaubela taldearen eskutik. Ordu berean, kontzertua gaztetxean. Larunbata 12 11.30: Ordiziako Erraldoiak. 18.00: Zezenak plazan. 19.00: Aurrerako dantzariak plazan. 00.00: DJa gaztetxean. 00.30: Incansables txarangaren gaueko erronda. Igandea 13 11.30: Pailazoak plazan. 19.00: Arturello di Popolo umore saioa. 19.30: Pilota partida profesionalak (FRONTIS). 00.00: Kontzertuak gaztetxean. Astelehena 14 11.30: Oilasko paella lehiaketa Karrapen. 19.00: Bertsolariak: Jon Maia, Sustrai Colina, Amets
Arzallus eta Maialen Lujanbio. 22.00: Zezensuzkoa plazan. 00.00: Jorge Sanchez, kubatar musika. Asteartea 15 12.00: Herri kirolak. 18.00: Ezkondu eta bikoteen entzierroa eta zezenak
plazan. Ondoren, Ingurutxoa. 00.00: Oro de Mexicorekin mariachi emanaldia plazan. Ondoren, Gaixoa Ni Labetxeko atarian Incansables txarangak alaituta.
Beste behin ere, polizia kontrola herriko sarreran
Leitzatik joan daitezen ahaleginak hainbatetan egin diren arren, Guardia Zibilaren kuartela oraindik ere herrian bertan dago, horrenbeste zeresan eman duen Maxurrenean, hain zuzen. Hala izanik, ez da arraroa kontrolak noiznahi egotea, eta atzo ere herriko sarreran hainbat jende gerarazi zuten. -
|