GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-08-11
EAko Galdosek eta EBko Madrazok garrantzia kendu diote liskarrari
Atzo goizean EAko eta EBko kideek elkarrizketa banatan garrantzia kendu zioten Donostiara joateko egindako deialdiaren harira sorturiko liskarrari. EAko Galdosek manifestazioa egiteko eskubidearen alde egin arren, Batasunari eta PSOEri prozesuko agenda kontrolatu nahia egotzi zien. Madrazo «konfrontaziorik» ez izateko eskatu zien abertzaleei.

BILBO

Iñaki Galdosek zein Javier Madrazok ere iganderako deitutako manifestazioaren harira sortutako liskarrari garrantzia kendu zioten atzo, nolabait.

EAko Gipuzkoako buru Galdosek, kasu, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean auzia baliatu zuen PSOEren eta Batasunaren artean «itun taktiko antzeko bat» dutela arbuiatzeko. Horren bidez, bere ustez, bake zein normalkuntza prozesuari dagokion agenda politikoa kontrolatzea bilatzen dute biek beren «barneko egoeraren eta beharren» arabera. Hori hala, gizarteak batzuk zein besteak zertan ari diren jakiteko eskubidea duela gogorarazi zuen.

Nabarmendu zuenez, beraz, PSOEk zein ezker abertzaleak Pimpinela bikote musikala dakarkie burura: «Gaur elkarri musu ematen ari direlako, hurrengo egunean haserre daudelako, bestean jeloskor, gero elkar besarkatzen eta hurrengoan nahiko erotikoak diren argazkiak hoteletan ateratzen», azaldu zuen. Beraz, EAkoak esan zuen berak, eta gizarteak ere, badutela eskubidea horretan guztian egia zer den jakiteko, bere ustez, gero eta argiago baitago bien artean nolabaiteko itun taktiko bat badela.

«Manifestazio eskubide osoa»

Iganderako deitua zen manifestazioaren harira, nabarmendu zuen ezker abertzaleak «eskubide osoa» duela hori aurrera eramateko, «nahiz eta deialdia egiteko Batasunak ez duen biderik errazena hautatu», bere esanetan, hori debekatu nahi dutenei gauzak erraztu dizkielakoan.

Osterantzean, Galdosek erabateko adostasuna agertu zuen aurretik bere alderdiko Rafa Larreinak egin adierazpenekin. Azken horrek Zapaterori egotzi zion alderdien mahaia eratzeko atzerapenaren ardura. «Ez dakit ausardia falta ote zaion, gauzak ez dituen argi ikusten, bere alderdian arazoak dituen edo ez ote dituen gauzak helduak ikusten, baina guztiz bat nator Larreinak hari buruz esandakoekin. Horri erantsiko nioke, bai- na, ezker abertzalearen faktorea, gauzak ongi irten daitezen, uneotan ez baitut uste laguntzen ari denik», esan zuen.

EB, erantzukizun eske

EBko agintari Javier Madrazok, bitartean, «erantzukizuna» eskatu zien Batasuneko kideei igandean «konfrontazio agertokirik ikus ez dadin» Donostian, hori bake prozesuarentzat kaltegarri litzatekelakoan.

RNEri eskaini elkarrizketa batean, berretsi zuen manifestazio eskubidea «oinarrizkoa» dela, eta «Estatu demokratiko batean» ezin daitekeela hori zalantzan ipini. Baina, nabarmendu zuenez, Batasunak «erantzukizun maila bat bere gain hartu, eta elkarrizketa zein akordiorako politikak sustatu behar ditu»: «Manifestazio hau, uneotan planteatuta dagoen bezala baimenduta dagoena, bake prozesuari mesederik egiten ez dion konfrontazio egoera bihur daitekeen beldur naiz».

Salatu zuen prozesua geldi dagoela, alderdiak mahaiaren aurretik sortu beharreko prestatze lanetarako elkargunean arreta ipini beharrean manifestazio honen inguruan sortutako «zentzurik gabeko eztabaidan» baitabiltza. Auzitegi Nagusira agintari abertzaleak deitu izanaren harira, bestetik, prozesuak tirabirarik gabeko keinuak behar dituela berretsi zuen, eta ez konfrontaziozkoak.

Barkos: Alderdien Legea oinarri

Nafarroa Baiko Uxue Barkos diputatuak, bestalde, Gobernu espainolari Alderdien Legea indargabetu eta Batasuna legezkotasunera itzultzea ahalbidetu dezala eskatu zion, hala bake prozesuak bizi dituen igandeko deialdiaren inguruan sortutako egoera bezalako «une zailak» ekidin daitezen.

Bake prozesua gizarteak irrikaz itxaroten duela gogorarazi zuen Radio Euskadin atzo egindako elkarrizketa batean, eta agian ezker abertzalearentzat «une oso zaila» dela eta Batasunan «nolabaiteko urduritasuna» dagoela ere erantsi zuen.

Bake prozesuak aurrera egin dezan, Alderdien Legea «jokorako agertoki ezin txarragoa» dela berretsi zuen Barkosek, eta iganderako deitutako mobilizazioaren oinarria lege horretan dagoela adierazi zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Incursión del Ejército israelí a través del sur de Líbano y contraofensiva de Hizbula
Mundua
Unas 400.000 personas afectadas por el caos en los aeropuertos británicos
Euskal Herria
La Guardia Civil detiene en Gasteiz a un joven que estaba pendiente de juicio
Ekonomia
El BCEadvierte sobre el riesgo inflacionista y reitera su disposición a subir los tipos
Kirolak
Arkotek aise irabazi du Lekeition bere bigarren Bizkaiko Txapelketa segidan
Euskal Herria
Batasuna pregunta «a qué juegan el PSOE y el Gobierno español»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss