Egungo zatiketari eta UPNren nahiari kasu egin behar zaiela esan du Barkosek
Eztabaida pil-pilean dago Nafarroan, eta Batasuna Euskal Herri osoko alderdi guztien arteko mahaia osatzearen alde denaren eta hiru mahai egin nahi dituzten alderdien artean ari da gertatzen. Nafarroa Bai-ren diputatu Uxue Barkosek atzo onartu zuenez, zazpi herrialdeetarako mahai bakarra izatea «eraginkorra» eta bakea lortzeko lagungarria litzateke, baina ez du bideragarritzat jotzen, besteren artean, UPNk ez duelako hori onartuko.
IRUÑEA
Alderdien arteko elkarrizketa mahai bakarra egitea edo, zatiketa administratiboren arabera, hiru osatzea da egungo eztabaida nagusietako bat. Batasunak lehenengo aukeraren alde egiten du, baina Nafarroa Bai-ren lau sinatzaileetatik hiruk (Aralarrek, EAJk eta Batzarrek) bigarrena lehenesten dute. Atzo, Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, ma- hai bakarraren aldeko argudioak eman zituen Uxue Barkos diputatuak, baina beste aukera errealagoa izan daitekeela ziurtatu zuen.NaBai-ren hautagaiak aitortu zuenez, «zazpi herrialdeetarako mahai bakarra egitea eraginkorra litzateke», besteren artean, «bakea lortzeko bidean lurralde muga horiekin lan egiten hastea ez delako oso handizalea». Baina zera zehaztu zuen segidan:«Une hauetan, politikoki nonbait errotuta dagoen errealitate administratiboa dugu, eta horrek lurraldeen arabera osatutako mahaietan lan egiten hasteko eskatzen du». «UPN Nafarroan nagusi dena ere eskatzen ari da hori, eta hori kontuan hartu behar da», erantsi zuen gero Uxue Barkosek. Izan ere, «orain mahairik nahi ez duen arren», Nafarroarako mahai hori onartuko lukeela uste du Barkosek. Hori osatzea ez du bideragarri ikusten NaBai-ren hautagaiak UPNk Nafarroako Gobernua eskuetan duen bitartean. Hala ere, hori hurrengo udaberrian egin beharreko hauteskundeetan gertatuko dela uste du, elkarrizketan nabarmendu zuenez. Estreinako aldiz Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan parte hartuko duen koalizioak hori bultzatuko duela berretsi zuen Barkosek, eta bide horretan PSNrekin bat egingo dutela espero du. Izan ere, haren ustez, Nafarroako biztanle gehienen nahia UPN botereguneetatik aldentzea da, gero eta nabar- menago. Egungo prozesuak esparru aldaketa ekarri behar ote duen galdetu ziotenean, hori ez dela nahitaez gertatu behar adierazi zuen Barkosek. «Herritarrek erabaki beharko dute hori», adierazi zuen.
|