Aita Donostia Agiñan omenduko du bihar Hamabostaldiak, Oteizaren oroitarrian
Aita Donostia omentzeko, Lesakara iritsiko da bihar Donostiako Musika Hamabostaldia. Omenaldiak bi zati izango ditu. Lehenengoa, «Hutsaren borobila» izenburukoa, Agiñako gainean egingo dute, Oteizak Aita Donostiaren omenez paratu zuen oroitarriaren ondoan. Bertan, Lesakako txistulariak eta abesbatza ez ezik, Xabier Silveira eta Estitxu Arozena bertsolariak ere arituko dira. Bigarren zatia, berriz, Almudena Ortega sopranoak eta Josu Okiñena piano-jotzaileak herriko parrokian eskainiko duten kontzertua izango da. Besteren artean, Pascual Aldave lesakarraren pieza bat estreinatuko dute.
DONOSTIA
Mozart eta Arriaga ez ezik, Aita Donostia ere omentzen ari da aurten Hamabostaldia. Orain dela berrogeita hamar urte hil zen musikari euskalduna oroitzeko gogoaren lekuko dira bihar Lesakan “Musika aitzaki” sailaren barruan egingo dituzten ekitaldiak.Ekitaldiok, funtsean, bi izango dira. Lehenengoa eta ezohikoena “Hutsaren borobila” izango da, 18.00etan. Agiñako gainean egingo dute, Jorge Oteizak eta Luis Valletek Aita Donostiaren omenezko oroitarria eta kapera hurrenez hurren paratu zituzten parajean bertan. Bigarrena, berriz, ekitaldi klasikoagoa izango da kontzertu bat San Martin de Tourseko parrokian, 20.30ean. Bi ekitaldien artean, tartetxo bat aurkituko du Udalak Pascual Olave musikari lesakarrari herriko armarria urrean emateko, omenaldi gisa. Olave, Aita Donostia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuena, bihar San Martin de Tourseko parrokiako kontzertuan estreinatuko duten pieza baten sortzailea da. Arestian esan bezala, “Hutsaren borobila” izango da ekitaldirik ezohikoena. Antolatze lanetan aritu den Xabier Erkizia musikari lesakarrak honakoa aurreratu zuen atzo prentsaurreko batean: «Helburua, ohiko kontzertu bat egin beharrean, egoera berezi bat sortzea da, Agiñako parajearekin bat datorren egoera bat».
Gune berezi bat aldarrikatu Musikariak ez dira, ohi bezala, jendaurrean bakarrik arituko, eta hainbat ustekabe atsegin ere iragarri zuen Erkiziak.
Agiñako ekitaldiari Lesakako Txistulari Taldeak emango dio hasiera, Gaizka Sarasolaren zuzendaritzapean. «Gehienbat, haiek izango dira espazioa ‘beste modu batez’ landuko dutenak. Txistua ez ezik, perkusio tresnak erabiliko dituzte, kanpaiak-eta», aurreratu zuen Erkiziak.Ondoren, bertsolarien txanda iritsiko da. Estitxu Arozena eta Xabier Silveira arituko dira. Bukatzeko, Mari Sol Perezek zuzentzen duen Lesakako Koralak, Igantziko Giltzarri abesbatzako hainbat kidek indartua, Aita Donostiaren bost pieza kantatuko ditu. Erkiziak esan zuenez, “Hutsaren borobila”ren bitartez, Aita Donostia eta Oteiza ez ezik, Agiñako parajeak historiaurretik beretik bertako mairu-baratzeak, lekuko duen sinbolismo edo berezitasuna aldarrikatu nahi dute. Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkateak, berriz, azkenaldion Oteizaren oroitarria eta Agiñako parajea suspertzeko hainbat ahalegin egiten ari direla gogorazi zuen, eta biharko ekitaldia bide horretan ezin aproposagoa dela nabarmendu. Agiña ingurua bihar autoz gainezka egon ez dadin, Udalak doako autobus zerbitzua antolatu du “Hutsaren borobila”z gozatzera bertaratu nahi dutenentzat. Herriko plazatik abiatuko da. Interesdunek izena eman dezakete lesaka.net webgunean edo 948-217012 telefonoan.
Pascual Olaveren estreinaldia Agiñatik bueltan, Aita Donostiari eskainitako omenaldiaren bigarren zatia egingo dute San Martin de Tourseko parrokian. “Urrundik ikusten dut”, “Ene maitia”, “Bentanatik bentanara”, “Atxia motxia” eta musikari donostiarraren hainbat pieza interpretatuko dituzte Almudena Ortega sopranoak eta Josu Okiñena piano-jotzaileak. Aita Donostiari dagokionez, espezialistarik handienetakoak dira. Aspaldi hasi ziren donostiarrak ahots eta pianorako egin zuen musika guztia grabatzen eta, Okiñenak atzo iragarri zuenez, bildumako laugarren diskoa plazaratu berri dute.
Baina biharko kontzertuan, Aita Donostiaren beraren piezak ez ezik, Pascual Aldaveren “Haur Triptikoa” izenburuko lanaren bi mugimendu ere interpretatuko dituzte Ortegak eta Okiñenak. Erabateko estreinaldia izango da. «Aita Donostia Bartzelonan ezagutu zuen Aldavek, 1947an, eta lagun onak izan ziren argitu zuen Okiñenak. Hamabostaldiak Aita Donostia obra bat enkargatuz omendu nahi izan zuen, eta obra hori espresuki Aldaveri enkargatu zion». Obra horren bi mugimenduak dira bihar Ortegak eta Okiñenak estreinatuko dituztenak.Kontzertuko programa Federico Mompou eta Eduard Toldrà katalanen hainbat piezekin osatuko dute. «Piezok aukeratu ditugu azaldu zuen piano-jotzaileak musikagile hauek, Aita Donostiaren garaikideak izateaz gain, estetika bertsukoak zirelako, hau da, musika jasoari bizkarra ematen ez zioten arren, gehienetan herri kantetan oinarrituta konposatzen zutelako». Getarian, Vivaldirekin
Lesakakoa ez da Hamabostaldiak bihar “Musika aitzaki” sailaren barruan egingo duen ekitaldi bakarra, Getarian ere beste bat programatu duelako. 20.30ean izango da, San Salbador parrokian. Bertan, Donostiako Talde Barrokoak Vivaldiren hainbat pieza joko ditu, David Azurza kontratenorraren laguntzarekin. “Musika aitzaki”ren bidez Tolosa, Mutriku, Segura eta Hondarribia bisitatu ondoren, Lesaka eta Getaria izango dira Hamabostaldiak aurten bisitatuko dituen azken herriak. -
|