Zortzi pertsona pozoitu dira Derioko zahar etxe batean
Zortzi pertsona pozoitu dira Derioko zahar etxe batean, zazpi bezero eta langile bat. Dirudienez, horiek edandako ur basoetan aurkitu duten substantzia kimiko baten ondorioa da, agian ontzi garbikaria. Dagoeneko etxean daude pozoitu ziren zortziak, baina oraindik ez dituzte gertatutakoaren zergatiak aurkitu.
DERIO
Adineko zazpi pertsona eta horiek bizi ziren zahar etxeko langile bat pozoitu egin ziren joan den ostiralean substantzia kimikoren batekin nahastutako ura edan eta gero. Gertakaria ostiral arratsaldeko 18.00ak aldean izan zen, zentro horretako langileek, arratsalderoko ur basokada eskaini zietenean adinekoei, deshidratazioa saihesteko. Ur basokada edan eta berehala, zazpi pertsona erredura sentsazioa zutela kexaka hasi ziren; mingaina eta aho sabaia hazi egin zitzaizkien, arnasa hartzeko arazoekin hasi ziren eta botagura jarri zitzaien. Hori ikusirik, langileetako batek ere edalontzi bateko ura edan zuen, guztiaren eragilea hori ote zen frogatzeko, eta adinduen egoera berean jarri zen berehala. Zortzi pozoituak Galdakao, Basurtu eta Gurutzetako erietxeetara eraman zituzten, baina dagoeneko denek alta jaso dutela baieztatu zuten atzo arratsaldean zahar etxeko informazio iturriek. Larunbatean bertan irten ziren erietxeetatik gehienak, eta azkenak, berriz, urteetan aurrera joandako bikote bat, atzo goizean. Aipatutako erietxe horietako medikuek adierazi zutenez, zortzi pertsona horiek ura beste substantzia kimikoren batekin nahasita edan ostean izaten den erredura-pozoiketaren sintomak zituzten, ontzi garbikaria agian, adierazi zutenez.
Zergatiak ez dira ezagutzen
Derioko Udalaren egoitza izanagatik ere, Urgatzi enpresa pribatuak kudeatzen du zahar etxea, eta talde horretako ordezkari Juan Carlos Bidaurrazagak atzo adierazi zuenez, egun oraindik ez dakite zerk eragin duen gertakaria, baina egindako analisien emaitzak egun gutxiren buruan ezagutuko direla gaineratu zuen. Lehen hipotesi bat ere aipatu zuen, ordea. Haren esanetan, baliteke zahar etxeko ur instalazioan arazoren bat egotea. Dena den, egindako analisien emaitzak eta erresidentziako ur instalazioaren balorazio teknikoa datozen egunotan jakingo dituztela nabarmendu zuen. «Horiek jakindakoan kaleratuko dugu gertakari ezatsegin hau eragin duten zergatiak azalduko dituen behin betiko txostena», gaineratu zuen.Bestalde, Lakuako Gobernuko Osasun Sailak intoxikazioaren jatorria eta zahar etxeak kalitatea bermatzeko protokoloak betetzen ote dituen argituko duen txostena gaur kaleratuko duela espero da.
«Arazoa ez da ur sarea»
GARA
BILBO Zahar egoitzako arduradunek hasiera batean aipatutako hipotesiari aurka eginez, Bilbao Bizkaia ur partzuergoak ezeztatu egin du intoxikazioaren jatorrian ur hornidurarako sareko arazo bat egotea. Partzuergoak kaleratutako ohar batean diotenez, ostiralean izan zuten gertatutakoaren berri, eta egunean bertan joan ziren hainbat teknikari hornidura sareko ura analizatzera. Horietan, diotenez, ez zen ohiz kanpoko emaitzarik izan. Horrez gain, partzuergoak egoitzaren inguruko etxe eta eraikuntzetako nahiz Derioko beste instalazio batzuetako azterketa egin ostean, ura «arazorik gabe» edan daitekeela baieztatu du.
|