Egia esan behar badut, ez nekien abuztuaren 9a zenik Jatorrizko Herrien Nazioarteko Eguna, hainbeste egun daude hainbeste kausarentzat! Jakina dugu gainera egun hauetarako gordetzen dela berez uneoro eginbeharreko jendarteratze eta salatze lana.Gaur, adibidez, EITBko albistegien bitartez, eta NBEk dioenaren arabera, jakin dugu jatorrizko herriak zeinen txiroak diren, zer osasun baldintza txarretan bizi diren eta gehienak ez daudela alfabetatuta.
Gure begi eurozentristen burua lehengo lepotik. Aktibatu dira gure jarrera paternalistak. Pena eta errukia sentitu ditugu. Indio gaixoak.
Askapenak aurtengo otsailean egin zituen jatorrizko herrien gaineko jardunaldiak. Jatorrizko izendatzen diren herrietan ibilitako brigadistek hitzaldiak eman zituzten hainbat herriren inguruan: kunak, maputxeak, aymarak, ketxuak, tojolobalak, txolakŠ Barne mintegiak ere egin genituen. Eta gaia irristakorra da, besteak beste, bere burua jatorrizkoa den edo ez den galdezka dabilen herri batean bizi garelako, gure herrian kultura eta folklorea be- reizten lanak ditugulako, gure hizkuntza ukatzen zaigulako, euskaldun baserritarrak euskaldun gorbatadunek zapaltzen dituztelako.
Bestalde, bitxia da adjektibo batekin nola ezaugarritzen ahal dugun. Herria jatorrizkoa denean, aitatxo eta amatxo bilakatzen gaitu gu mendebaldarrak, eta pena eta errukia sorrarazi. Beste edozein herrik ez du sortzen halako jarrerarik gugan, nahiz eta estaturik gabeko herria edo nazioa izan.
Horregatik ez zaigu jatorrizko adjektiboa gehiegi gustatzen. Ketxuak ketxua dira, maputxeak maputxe, samiak sami eta euskal- dunak euskaldun, herriak gara. Eta herriak garen heinean badagozkigu eskubideak. Gure Amalurraren jabe izateko eskubidea, herri gisa erabakiak hartzeko eskubidea, gure hizkuntza eta kulturan bizitzeko eskubidea.
Abuztuaren 9an euskaldun eurozentrikoak kezkatuta daude jatorrizko herrien egoerarekin. Analfabetatze tasa dela eta, beste edozein «europarrek» bezala diru-laguntzak, GKEak, kooperanteak, behar dena bideratuko du indioak laguntzeko. Gurutzearen bidea ere erakutsi diezaiegun bide batez, Inazio santu euskaldun handiak egin zuen bezala.
Goazen, beraz, indigenak alfabetatzera, goazen ura edateko moduko bihurtzera, goazen nekazaritza pixka bat irakastera, goazen gure instituzio eta enpresa handien diru-partida sozialekin ongia egitera.
Eta eskerrak gu alfabetatzera lehenago etorri ziren! Bestela zer irakatsia ez genuen izango. Eskerrak baserriko bizimodua jan diguten ia erabat, bestela zer nekazaritza atzeratua eramango genien? Eskerrak Ebanjelioa ere irakatsi ziguten, bestela auskalo Amalurraren zer konturekin joango gintzaizkien.
(Jatorrizko) herri gehien-gehienak herri zapalduak gara, eta herriok elkarren laguntza behar dugu. Euskal Herriak, herri ukatu eta zapaldua den heinean, beste herrien elkartasuna behar du eta beste herriek gure elkartasuna eta konpromisoa behar dute. Beste herrienganako konpromisoa gure eguneroko borroka da: etxean ditugu bai gure herria, bai beste herriak zapaltzen dituzten eurozentriko kapitalistak, diruaren diktadura kudeatzen dutenak. Euskal Herria beraiengandik askatu ahala izango da beste herriekin solidarioagoa. Ez dirulaguntza handiagoak poltsikoratzen dituztelako batzuek.
«Hamaika herri borroka bakarra» izan zen «Jatorrizko» Herrien kanpainarako «ere» erabili genuen leloa, abuztuaren 9an bezala egunero makurtzen ez garen ketxuak, aymarak, samiak, kunak, maputxeak, tzeltalak, sahararrak eta euskaldunak maite ditugu eta herri guztiok askatu arte, geu ere ez gara aske izango. -