Hilabete joan da Israelek «Just Reward» (gogoan ote du norbaitek hasierako izen pelikulero hura?) operazioa, hots, Libanoren aurkako eraso bidegabea hasi zuenetik, eta, ikuskizunaren jasangaiztasuna ordaintzeko adina ez bada ere, denborapasa entretenigarri bihurtzen ari da batzuek duela lau aste zer zioten eta orain zer dioten alderatzea. Halakoen azala miresteko besterik ez bada ere.
Orain Hezbolaren aurka amore eman eta negoziatzen hasi ala lurreko eraso etsi bezain antzuari ekin aukeratu beharrean aurkitzen den Olmert bere buruari ipinitako segada batean erori dela, duela 24 urte Sharoni gertatu zitzaion bezalaxe, dioten horietako batzuk baitira, hain zuzen, duela hilabete pelikularen gidoia atzekoz aurrera irakurtzen zutenak: «Mesede ederra egin dio Hezbolak Israeli bi soldatu horiek atzemanda: orain ikusiko dute nolako jipoiak emango dizkigun israeldar Armadak eskuak libre ditueneanŠ eta ibili daitezela argi Siria eta Iran!».
Hilabete, hilabete arrunta besterik ez du behar izan Yedioth Ahronoth egunkarian, beronen zutabegile nagusiak sinatuta, hauxe irakur dadin: «Hildakoen kopurua arazo politiko bilakatzen ari da, duela hogeita lau urte gertatu zen bezalaxe. Hezbolak ez ditu ehunka miliziar behar gure soldaduei aurre egiteko; jende taldetxo bat aski du. Marrazki bizidunetan Tom katuak Jerry saguarekin duena bezalakoxea da Israelek Libano hegoaldean duen egoera. Olmertek egin behar duena da Ameriketako Estatu Batuen eskaintza diplomatikoa onartu eta helburu bakan batzuk eskuratuz gerra horretatik alde egin. Olmert, har ezak eskaintzen diatena eta atera hadi hortik ziztuan».
Horrenbesteko gordintasunik gabe bederen, tenore bertsukoak dira beste «aditu» askoren gaur-gaurko gogoetak: urte eta tentu askorekin Hezbolak Libano hegoaldean eratu duen zelata-sarean jauzi omen da Israelgo Armada; «amerikanotu» egin omen da Tsahal-a, airetik baino ez omen daki gerra egiten, buruzagi gorenarengandik hasita; Intifadaren aurkako errepresio lanek erabat herdoildu omen dute israeldar soldaduen gaitasun militarra...
Mila libanoarren hilotzek, beste dozenaka mila askoren oinaze fisiko eta psikologikoek, herrialde osoaren suntsimenduak... eman ez dien adimen argitasuna pizten die batzuei, dirudienez, beren usteen usteltasuna dastatzeak. Ez dago gaizki hilabete bakarreko uzta izateko. -