Abuztuaren 29an plazaratuko du Bob Dylanek disko berria
BILBO. Bost urtez grabazio estudioetatik aldenduta ibili ondoren, Bob Dylanek hilaren 29an argitaratuko du hamar kantu berri biltzen dituen “Modern Times” izenburuko disko berria. “Thunder on the mountain”, “Spirit on the water”, “Workinman’s blues” eta “When the deal goes down” dira abesti berrietako batzuk, biretan laguntzen dion banda berarekin grabatuak. Dylanek lan honetan kantu luzeak bildu ditu, 4,47 eta 8,48 minutu bitartekoak. Diskoa Dylanek berak ekoitzi du, baina, beste batzuetan egin duen bezala, Jack Frost ezizena erabili du. Gitarra, harmonika eta pianoa ere jotzen ditu lan berrian. “Modern Times” izango da Dylanek argitaratzen duen 44. diskoa. Lehena 1962an plazaratu zuen.
|