|
|
|
|
|
Donostiako aste nagusia
Jai herritarrak aldarrikatuz, abordatzera!
Donostiak herri jaiak behar dituela erakutsi zioten atzo alkateari, baita ondo erakutsi ere. Jendetza izugarria bildu zen portu inguruan, hiriburua abordatzeko asmoz. Aurtengoan ere abordatzea egin zuten Piratek Donostiako uretan barrena. Inguruan jendetza bildu zen, Piraten nondik norakoak gertutik bizitzeko asmoz.
|
DONOSTIA
Abordatzera! Baita abordatu ere. Jende andana bildu zen atzo Donostiako portuan herri jaiak aldarrikatu asmoz. Adin guztietako piratak prest zeuden aste osoan zehar hainbeste lan eman zuten txalupen erresistentzia frogatzeko. Goizeko hamaiketarako, pirata guztiak kai ingurura abiatu ziren aurreko egunetan bildutako bidoi eta egurrak txalupa bihurtu asmoz. Haiek prest utzi ostean, bazkaltzeko garaia iritsi zen. Aukera onena, pirata guztiak bilduko zituen herri bazkaria. 700 pertsona joan ziren San Telmo plazara arratsaldeko abordatzean indarrik falta ez zedin sabela betetzera. Bertan, kantabriar sukaldariek prestatutako paella gozoa dastatu zuten guztiek. Ronik ez, baina sagardo botilak ez ziren falta izan. Piratak bai, baina euskal piratak. Eguraldiak ere jai giroan parte hartu nahi izan zuen, eta eguzkia izan zen nagusi egun osoan. Azkarrenek segituan hartu zuten lekua gerizpean; hala ere, txapela ezean, bazkarian bertan banatutako kamisetek estali behar izan zuten jendetzaren burua. Zapia buruan, partxea besterik ez zuten falta izan donostiarrek. Euskal pastela jan ostean, txalupari azken ukitua ematera abiatu zen jendea. Saiatuenek, ordea, ordurako guztia prest utzi eta Alde Zaharrean barrena abiatu ziren trago pare bat hartzera. Iritsi zen unea. Portura gerturatu bezain azkar, urrutitik suma zitezkeen bertan bildutako jendearen oihu eta algarak. Itsasora jaisteko aldapan, kolore eta mota guztietako txalupak ikusten ziren. Pazientzia gutxiko piratak ziren, eta abordatzea hasi aurretik, irin zaku eta arrautza ugari jaurti zuten han inguruan. Segurtasunekoek ere arrautza batzuk bazituzten beren janzkera txukunean. Beste batzuk, ezin egon horretan, uretara sartu ziren. Zikintzea gutxi axola zitzaiela ere bistakoa zen, segituan itsasoko uretan barrena ibiliko baitziren igerian. Ordurako aldapa inguruak jendez gainezka zeuden. Portuan bildutako atzerritarrak ere ez ziren gutxi izan, kamera eskuan hartuta, harrituta begiratzen zuten ekimena. Harrituta bai, baina inbidia ere nagusi izan zen lekukoen artean; ez zen gutxiagorako. Datorren urtera arte itxoin behar. Hastear zegoela, piratek hasia zuten dagoeneko beren jaia. Bat batean, batukadaren soinuaz hasi ziren dantzan guztiak. Musika saioaren ondoren iritsi zen zin egite pirata. Portuaren alde batean jarritako agertoki batetik hitz batzuk egin zituzten, eta, azkenik, abordatzeari hasiera emango zion txupinazoak egin zuen eztanda. Txalo eta oihuek lagunduta ekin zioten abordatzeari. Txalupa txikiak, puzgarriak, flotagailu eta bestelakoek osatzen zuten atzo arratsaldean portu aldeko paisaia. Uretara sartu bezain laster, bengalako sua piztu zuten txalupa batean. Harritzekoa izan zen; izan ere, sua piztutakoan txaluparen akatsak agerian utzita itsasora erori zen, eta suak hor jarraitzen zuen, itsas barrutik ateratzen ziren besoek helduta. Baltsa guztiak itsasoan zeudela hasi ziren arraunak astintzen. Arraunak edo... ikustekoak baitziren arraun lanak egin ditzaketen objektu ezberdinak. Irudimenak leku handia izan zuen atzokoan. Aulki, mahai eta eguzkitakoak ikusi ahal izan ziren txalupetan. Hondartzara iritsitakoan, guztia ondo jaso eta kalejiran abiatu ziren parte hartzaile guztiak Kontxako pasealekuan barrena, Bidebietako Lubaki taldearen laguntzaz.
Urtetik urtera hobetuz
U.G. / M.U.
DONOSTIA Urtez urte Piraten ekimenak indar handiagoa hartzen du, eta lehen urtean txalupa gutxi batzuk izan baziren ere, aurtengoan jendetza bildu zen portuan. Gainera, txalupak egiteko era aldatuz joan da, eta lau urteko esperientziak erakutsi du zer egin eta zer ez egin. Klasikoak, paleak, bidoiak eta gurpilak. Bitxikeria gisa, plastikozko mahai eta eserlekuz apaindutako txalupa, Bulebarreko terraza txiki baten antzean. Flotagailu beltz erraldoiekin ere urrutira iritsi ziren piratak, Kontxaraino bai, behintzat. Uretatik ateratzean hondartzan zen jende guztiak harrituta begiratzen zuen; nortzuk ote dira uretatik irteten ari direnak? 1...2...3 ieup! txalupak pasealekuraino eramateko bidea ere ez zen samurra izan, batez ere, kontuan hartuta aurreko urtean 5.500 kilo zabor jaso zirela, antolatzaileen esanetan. Aurtengoan ondo antolatuta zegoen zabor bilketa; izan ere, enpresa batek bideratu du guztia, eta kamioietan eraman dituzte txalupak, edo geratzen ziren kondarrak, behintzat. Hurrengo urtean, gehiago. Egitaraua
Asteartea 15 12.00: Pasealeku Berria igerian egitea, 38. edizioa. 17.30: Haurren Kursaala. Puzgarriak, karaokea eta
haurrentzako diskoteka Kursaaleko terrazetan. 17.30: Zaldi lasterketak Donostiako hipodromoan. 18.00: Zezenak Ilunben. 18.30: Los Pasai txaranga hirigunean eta Tximeleta
txaranga Alde Zaharrean. 19.30: Aizkolariak Trinitate Plazan. 20.00: Arkaitz euskal dantza taldea Konstituzio plazan. 20.30: Delorean & Standarden emanaldia, Haizearen
Orrazian. 22.45: Su artifizialak Kontxako Badian. Luso Piroteknia (Portugal). 23.15: Zezensuzkoa. 23.30: Revolverren kontzertua Saguesen. 23.30: Olga Romanen kontzertua Trinitate plazan. 23.30: Tsunami orkestrarekin dantzaldia Zuloaga plazan. 23.30: Perkusioa Perfusionsen eskutik, Bulebarrean. 23.30: Kursaal Goian Sessions. Gin&Tonic, Zurriola
terrazan. 00.00: Dantzaldia Triki Trukurekin Pasealeku Berrian.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|