SARA
Anne Etxegoien kantari gazteak eta Aizkoa gizonezkoen abesbatzak kontzertu bat eskainiko dute Sarako leizeetan igandean, gaueko bederatzietatik aurrera.Kantaldi berezi honetan bakarlariak eta koruak joan den azaroan elkarrekin grabatu zuten diskoaren aurrerapena eskainiko dute. Lehenago bakoitzak bere musika-lanak ere interpretatuko ditu.
Biarrizko abesbatza ezagunak eta kantari donapaleutarrak Sarako leizeek eskaintzen duten agertoki natural eta magikoa baliatu nahi izan dute heldu den abenduan kaleratuko duten gabon kantez osatutako diskoan agertuko diren kantu batzuk aurkezteko. Eguraldiak kontzertua inguru naturalean garatzea posible egingo ez balu, herri bereko elizara aldatuko litzateke ikuskizuna.
Gabonetako euskal kantuekin osatu duten disko horretarako hainbat kolaborazio jaso dituzte kantariek. Bordeleko orkestrak, hari-tresna hirukote batek eta bi txalaparta jolek ere hartu dute parte une honetan produkzio ondoko fasean dagoen egitasmo berri honetan.
Anne Etxegoien “Otentik” diskoko “Ici ou là bas” kanta berezia aurkezten ari da udan. Abesti horretan kantari gazteak ijitoak ditu kolaboratzaile euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz kantatzeko.
«Otentik» eta «Egon»
Igandeko kontzertuan Christophe Barennes, Philippe Barennes eta Olivier Parroten laguntzarekin kantari donapaleutarrak bere lanez gain, herri-kantuak eta Pier-Pol Berzaitzen zenbait abesti ere interpretatuko ditu.
Jean-Marie Guézalak zuzentzen duen hamabi gizoneko Aizkoa abesbatzak, bestalde, aspaldiko herri-kantuak «berrezagutzeko» bertsioekin batera “Egon” lanean grabatutako kantuak ere interpretatuko ditu zuzenean. Peio Serbielle, Xabier Marcos eta Phillippe Pallarorekin batera eginiko disko berria da “Egon”.