BAIONA
Baionako Euskal Museoak duela urte anitzetik egoera ekonomiko zaila du; hortik ateratzeko Baionako hiriak, BABeko hiri elkargoak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak indarrak elkartzea erabaki dute. Horren gauzatzeko egitura juridiko independiente bat sortuko dute Euskal Museoa kudeatzeko, eta manager kultural batentzako postu bat ere sortuko da.
Duela bost urte ireki zen berriro Euskal museoa, 12 milioi euroko inbertsioa eskatu zuten berritzeak egin eta gero. Geroztik museoak milioi bat euroko defizita du urtero.
Egoera ekonomiko zail horri aurre egiteko aipatu hiru instituzioek «Maîtres de Rêve» kabineteari txosten bat egiteko eskatu zioten. Txostenetik atera ondorioak aztertzeko elkartu ziren joan den uztailaren 28an Kontseilu Nagusiko presidente Jean-Jacques Lasserre, BABeko presidente Didier Borotra eta Baionako auzapez Jean Grenet.
Museoak dituen bildumen tamaina eta kalitatea eta tokiaren kokapen pribilegiatuei begira, Baionako museoa euskal kulturaren erreferente bilakatu beharko litzatekeela ondorioztatu zuten hiru instituzioetako buruek. Xede horiek lortzeko museoari kudeaketa eta garapenerako autonomia gehiago emango dion sindikatu misto bat sortzea erabaki zuten. Sindikatu horretan aipatu hiru instituzioek parte hartuko dute. Egitasmo horren egiturarako eztabaida 2007. urteko urtarrilean hasiko da. Hurrengo urteko lehen egunerako ere museoa kudeatuko duen manager kultural bat kontratatzea aurreikusi dute.
Euskal Museoaren garapenerako diru laguntzak honela banatuko dira: Baionako hiriak %40 finantzatuko du, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak %30 eta BABeko hiri elkargoak, berriz, gainerako %30a.