Ni Euskal Herriko errepideetan dabilen beste gidari bat naiz, eta autoa hartzen dugunoi gertatzen zaigun legez, gidatzeko unean neure puntu indartsuak eta ahulak izango ditut. Edozelan ere, orain arte gidari zuhurtzat izan dut neure burua, eta horren froga argia hauxe da: 16 urtetan errepideetan inolako istripurik eta arazo larririk eduki ez izana, eta azken lau urteotan egunero 90 kilometro inguru gidatzen dudala kontuan harturik, nik uste dut hori argi eta garbi geratzen dela.Martxotik aurrera Artaza parean (BI-637, 13.7 km, Bilboko norabidean) abiadura neurtzeko radar bat ipini ei ziguten. Puntu hori autobia batean kokaturik dago, eta azken seinaleak abiadura 120ra mugatzen badu ere, handik 500 bat metrora aldapa behera joanda 60an joateko adierazten duen beste seinale bat dago, eta hantxe dago radarra. Aipatutako puntu horretan astean zehar zirkulazio handia izaten da, baina asteburuetan ordu askotan ia ez da autorik ikusten, eta halako mementoetan 60ko muga errespetatzeko lanak egin behar ditu gidariak. Uribe Kostan bizi garen askotxok egunero puntu horretatik pasatu beharra daukagu, eta horien artean ni neu.
Uztailaren erdialdean, postatik martxoaren 18ko isun adierazpen bat jaso nuen, eta bertan abiadura %50ean gainditzen nuela adierazten zenidaten. Handik hiru egunetara beste adierazpen bat jaso nuen, eta gaurko abuztuak 4ra arte baziren lau adierazpen, eta denak puntu kilometriko berean eta radar berak jasoak, ezaugarri berberekin gainera.
Ekintzak gertatu zirenetik hona ia lau hilabete pasatu direla kontuan harturik, zera adierazi gura dizuet:
Lege-haustearen lehen adierazpena izan dudanerako, dagoeneko 4, 6, 8, 10... bider jausiko nintzen «tranpa» berean, eta badirudi horrek bidea ematen duela puntu berean zenbat lege-hauste egin hainbeste isun jartzeko. Orain arte inongo lege-hausteren adierazpenik izan ez dugula kontuan hartu behar da, eta gidari zuhur samarra izanik, nork pentsa lezake behin lege-hauste bat eginez gero eta hori argi jakinda berriz ere gauza berbera egin nezakeela?
Esan dudan legez, orain arte inolako arazo larririk izan ez dudala, zelan da posible puntu kilometriko berean ustekabean behin eta berriz egindako lege-hauste batengatik tamaina horretako jazarpena jasotzea, gidari hiltzaile eta burugabea izango banintz bezala? Gogoratu beharra daukat orduan egindako lege-hauste bakoitzak isunaz gain, hilabete batetik hiru hilabeterako gidabaimena kentzea suposatzen duela, eta gaur egungo puntu sistemaren arabera, halako lege-hauste bik puntu guztiak galtzea suposatuko lukete. Nik dagoeneko bi aldiz galduta izango nuke gidabaimena.
Berriro ere ekintza zehatzak baino ez dira kontuan hartzen, eta ez lege-hausteak egin zireneko egoerak eta baldintzak, hala nola: ordura arte (eta jadanik hamasei urte gidatzen nabilela) tamaina horretako lege-hausterik egin ez izana, une horietan zegoen zirkulazio eskasa edo beste une batzuetan zirkulaziorik eza (zirkulazio ugari dagoenean ez baita posible abiadura muga gainditzea), errepidea bustita edo laban egon ez izana...
Esan gabe doa, gainera, oraingo egoerak familiari suposatu dion ezegonkortasuna: isunak ordaintzeko muga ekonomikoak, gidabaimena kentzeak ekar ditzakeen arazoak (umeekin hara eta hona ibili beharra daukagu), trauma psikologikoak eta eztabaiden iturri...
Trafikoko jaun-andre horiek: hori ote da gidari zuhur samarrak zigortzeko duzuen modua? Gure moduko gidarien aurkako jazarpena eginez, benetan zirkulazio istripuak ekidin daitezkeela uste ote duzue? Modu honetan uneoro abiadura mugak hausten dituztenak harrapatzen ote dira? Ala ez ote da lau gidari koitxaduren kontura administraziorako dirua batzeko modu berri bat izango?
Nik legea hautsi dudan zalantzarik ez daukat, eta prest nago lege-hauste horren ardura neure gain hartzeko, baina ez dut uste zilegi denik puntu kilometriko horretako lege-hauste hori 6, 8, 10... aldiz biderkatzea, zirkunstantziak zeintzuk diren kontuan harturik.
Ene uste apalean, zirkulazio-lege berriak errepideetan egiten ditugun huts egiteak konpondu beharko lituzke, eta ezartzen diren zigorrak ikaskizun suertatu beharko litzaizkiguke, baina arren, ez dadila lau gidari koitxaduren kontura administraziorako dirua lortzeko modu ziztrina izan. -