Buen: «Kale borroka PSOEri presioa egiteko berbiztu da»
Joan den asteburuko kale borroka ekintzek PSOEk konponbiderako prozesuan aurrera egin dezan presioa egitea dutela helburu ziurtatu zuen atzo Miguel Buen PSEko agintariak. Kale borroka berpiztu izanak «bake prozesuari» ez diola laguntzen esan, eta bide horretatik ez dela «ezer konponduko» gaineratu zuen.
DONOSTIA
Azken egunotan kale borroka berpiztu izana PSOEri, konponbiderako prozesuan aurrera egin dezan, presioa egiteko bidea dela uste du Miguel Buen Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak. Hori adierazi zuen atzo Europa Pressek egin elkarrizketa batean. Ezker abertzaleak «aldez aurretik pentsatutako estrategia bati» ez diola erantzuten gaineratu zuen.«Kale terrorismoa berpiztu izana hondamendia da guztiz, ez baitu ezertan laguntzen edonolako indarkeria desagerrarazteko baldintza objektiboak sortzerakoan», esan zuen Buenek. Ekintzak gaitzetsi zituen, eta kale borroka berpiztu izana penatu zuen. «Ez dago eskubiderik talde batzuk, gogoa dutelako soilik, gauzak berriro apurtzen hasteko», azaldu zuen. «Horrela ez da ezer konpontzen», ziurtatu zuen PSEko agintariak, eta kale borroka zergatik berpiztu den ez dakiela azaldu zuen. Hala ere, ekintza horiek ezker abertzalekoek «aldez aurretik pentsatutako estrategia bati» ez diotela erantzuten nabarmendu zuen.
«Frankotiratzaile moduan» Buenen ustez, ekintza horiek «frankotiratzaile moduan» aritzen diren elementuen «noizbehinkako agertzea» besterik ez dira, eta horren helburua PSOEri presioa egitea dela gaineratu zuen. «Estatuari, PSOEri, botere eta erakunde demokratikoei prozesuak haiek gura duten bidetik, autodeterminazioaren bidetik, aurrera egin dezan presioa egiten dietela uste dute». Hori ez dela inoiz posible izango gaineratu zuen. EAEko PPko idazkari nagusi Carmelo Barriok kale borroka ere gaitzetsi zuen, eta, aurreko asteburuan Errenterian, Lekeition, Barakaldon, Gasteizen, eta, atzo, Donostian, izandako kale borroka ekintzen egileek herenegun Gipuzkoako hiriburuan burutu zen manifestazioan parte hartu zutela ziurtatu zuen.
«Argi dago ETA-Batasunak bere kaleko terroristei atentatzen jarraitzeko agindu diela», adierazi zuen. PSOEko agintariei «kale borroka ekintzen aurrean isilik egotea eta beste leku batera begiratzea» leporatu zien Barriok. EBk ere kale borroka ekintzak gaitzetsi zituen, eta behin betiko desagertzeko eskatu zuen «bake prozesuaren» garapenean «oztopo bat» direla argudiatuta. Bidalitako prentsa oharrean, indarkeriaren erabilpena oinarrizko eskubideen eta «bake prozesuaren» kontrakoak direla ziurtatu zuen.
Beste ekintza, Donostian
GARA
DONOSTIA Ezezagun batzuek kutxazain bat eta hainbat edukiontzi erre zituzten atzo, gauean, Donostian. Barne Saileko iturriek jakinarazi zutenez, ekintza 22.00ak aldera izan zen, Bulebarreko gunean. Donostiako inguru horretan dagoen Banco Basconia bankuko kutxazainaren kontra hainbat molotov koktel bota zituzten, eta horren ondorioz sua piztu zen. Ostean, hainbat edukiontziri su eman zioten ezezagun horiek, errepidean gurutzatu ostean. Horren ondorioz, errepidea moztuta egon zen sua itzali arte. Suhiltzaileak bertaratu arren, kutxazaina kaltetua izan zen. Hala ere, kalte gutxi jasan zituela ziurtatu zuen iturri berak.
|