Herri kiroletan aritu dira Zizurkilen EHNAren alde
Euskal naziotasuna eta Euskal Herriko Nortasun Agiriaren (EHNA) aldeko herri kirol jardunaldia antolatu zuen herenegun Bai Euskal Herriari-k, Zizurkilen. Giro alaian lehiatu ostean, EHNA egitera eta erabiltzera deitu zuen. «EHNAren bidez, Euskal Herria eraikitzen ari gara», gogora ekarri zuten.
ZIZURKIL
Bai Euskal Herriari ekimenak antolatuta, herri kirol jardunaldia egin zuten herenegun Zizurkilen, «Euskal Herria, nazio bat garelako, Euskal Selekzioa» lelopean. Euskal naziotasuna eta EHNA egitea nahiz erabiltzea aldarrikatzea zuten helburu, eta segan, belar biltzen, kontrabandoan, lasto altxatzen eta fardo botatzen aritu ziren bertara joan zirenak, giro alaian, betiere.Herri kirolak amaitu ostean, Iñaki Aristeta Bai Euskal Herriari ekimeneko kideak hartu zuen hitza, eta EHNA erabiltzeko deia egin zuen. «Gure herriaren ordezkaritza gutako bakoitzarekin hasten da, eta nor garen aditzera emateko eskatzen diguten bakoitzean, gure erantzuna EHNA izan behar da, Euskal Herria izan behar da, EHNA onartua izatea lortzen dugun bakoitzean, Euskal Herria onartua izatea lortu baitugu», adierazi zuen. Horri zera gaineratu zion Aristetak: «EHNA egitean ez dugu aldarrikapen huts bat egiten, EHNA egitean gure naziotasuna praktikan jartzen dugu, eta, EHNAren bidez, Euskal Herria eraikitzen ari gara; EHNAren bidez estatuek Euskal Herriaren lepoan duten soka moztera goaz». EHNA iraunkorki egiteko Adunan, Asteasun, Billabonan, Anoetan, Ibarran, Leaburun, Orexan eta Orendainen aukera dago. «Gure txanda da», ohartarazi zuen. Tolosaldean 3.500 herritarrek baino gehiagok EHNA eskuratu dute. Bestela, larunbatean Donostiako Aste Nagusian Udalbiltzak antolatu EHNAren tramitazio egunean parte hartzeko deia egin zuen Aristetak.
|