Edozein pertsonak noizbait amestu izan du eguneroko bizimodu gogaikarritik ateratzeko ihesalditxo bat egiten duela. Lana edo ikasketak alde batera utzi eta munduko beste puntara alde egitea edonori gustatzen zaion utopia bat da. Hilabete baterako soilik izan arren, Necoechea Argentinako euskal etxeak amestutako ihesalditxoa eskaintzen die hamar bat gazteri 2004tik. Bidaiara joateko baldintzak honako hauek dira: 18 eta 30 urte bitarte eduki behar dituzte, eta horrez gain, euskararen, euskal musikaren, euskal dantzaren euskal gastronomiaren eta euskal kirolen inguruan jakin behar dute. Ekimena Necoechea euskal etxeko familiak antolatzen hasi ziren, eta aurtengoa ekimena antolatzen duten hirugarren urtea da. Bertako familiek gazteak hartzeko etxeak prestatzen dituzte eta, aldi berean, janaria eta ostatua emateko egokitzapenak egiten dituzte.
Oihane Egurtza donostiarra proiektua martxan jarri zuten lehenengo urtean joan zen. Esperientziaren gainean galdetzean, hitz bakarrarekin definitu zuen; «miragarria» izan zela esan zuen. Euskal jendea ezagutzea da Necoecheako familien nahia, eta horregatik euskal herritarrak ezagutzeaz gain, hemengo kultura eta hizkuntza ere ikasi nahi dute. Oihane panderoa eta euskal dantzak irakastera joan zen, baina euskara irakasten ere bukatu zuela esan zuen.
Esperientzia polita
Abenturaren hasiera Algortako aldizkari batean Hator Hona proiektuaren berria ikusi zuenean hasi zen: «Hilabete bat Argentinan, ostatua eta janaria ordainduta... Zer gehiago eska daiteke? Pentsatu barik curriculuma bidali nuen idatzita zegoen helbidera». Eta zortea izan zuen Argentinara urte horretan joan ziren 16 kideetako bat izan baitzen. Lehenengo urtean, uztailean, zortzi pertsona joan ziren eta abuztuan, beste horrenbeste. Bi txanda horiek urte horretan bakarrik egin zituzten, Argentinan bi hilabete horietan negua denez gero, hemengo Gabon garaian bezala, bertakoek oporrak izan ohi baitituzte eta, ondorioz, denbora handiagoa daukate halako ekintzak egiteko.
Bi urte horietan bidaia egin dutenek esperientzia polita izan dela adierazi dute. Goizean, bakoitza bere kontura ibiltzen zen, eta normalean gauean poteak hartzen geratzen zirenez gero, hurrengo goizeko ordurik gehienak lo pasatzen zituzten. Oihanek, adibidez, hondartzan paseatzeko ohitura hartu zuela esan zuen.
Beñat Bergara bidaia egin zuten bigarren urtean joan zen Necoecheara, eta haren zeregina goizetan esku pilotako eskolak ematea zen. Ondorioz, arratsaldeak libreago zituen beste gauzak egiteko. Beñat Oihaneren iritzi berekoa da esperientzia asko gustatu baitzitzaion. Bigarren urteko dinamika ere lehenengo urtekoaren antzekoa izan zen, eskola gehienak arratsaldeetan eman eta gauean poteoa egiten zuten.
Leire Otxotorena hernaniarra Beñaten txandan joan zen bertakoei euskara irakastera. Leire AEK-ko irakaslea da eta euskaltegian bertan izan zuen proiektuaren berri. Hango familia batek beste neska bat eta bera hartu zituen. Leirek adierazi zuen bertako ikasleek euskal hizkuntza «gogoz» ikasi nahi zutela ikusten dela. Necoechean adin talde ezberdinetako ikasleak zeuden, nahiz eta gehienak nerabeak eta haurrak izan. Eskolak ordutegi finkorik gabekoak izan ohi ziren, eta ikasleak ahal zutenean geratzen ziren.
Oro har, Necoechearekin harremana izan duten guztiek esperientzia aberasgarria izan dela nabarmentzen dute, eta aurten bertara joango diren pertsonei bizipena aprobetxatzeko gomendioa egiten diete. -
BILBO