GOIZUETA
Eguerdiko 12.00etan eman zieten hasiera goizuetarrek beren herriko jai nagusiei, baina ordurako herria itxuraldaturik zuten bizilagunek: banderaxka eta afixa koloretsuak nonahi, herriko plaza hesiz inguraturik eta areaz beterik datozen sei egunetan aterako dituzten behientzako apropos prestaturik eta abar.Jaietako zinegotzi lanetan diharduen Eli Salaberria izan da aurten herriko jaiei hasiera emateko suziria piztearen ardura izan duena, eta nahiz eta une horren aurretik lasai eta patxadatsu zegoela esan, unea heldu ahala urduri jartzen hasi zela aitortu zuen. Bere esanetan, ez zuen uste balkoian begira egotetik suziria pizten egotera halako aldea zegoenik, baina ederki bete zuen bere egitekoa. «Poliki-poliki nerbioak kontrolatzea lortu dut», onartu zuen.
Bere herriko jaietatik gustukoen zer duen galdetuta, aukeratu ezinean ibili zen une batez aurtengo txupinera, baina «dena» atsegin duela esanik laburtu zuen, azkenik, hausnarketa. Herritar askok eta Goizuetako jaietara kanpotik bertaratzen den gehiengoak bezala, giroa nabarmendu zuen zinegotziak.
Hala ere, ahal duen heinean behintzat, festetako ekitaldi guztietara joaten saiatuko dela baieztatu zuen. «Egunez herritarrak ibiltzen dira batez ere, baina gauerako, ordea, inguruko jende asko etortzen da», agertu zuen Eli Salaberriak.
Guztia frontoi berrituaren giran
Goizueta herri txikia den arren, gure belarriak oso ohituak daude izen adierazgarri hori entzutera. Izan ere, Jose Mari Bakero futbol entrenatzaile eta jokalari ohiaren eta Arozenatarren familiako bertsolarien baimenarekin, pilotariek eman baitiote gaur egun duen sona herriari. Bertakoak dira, besteak beste, Salaberria, Olaizolatarrak eta Apezetxea gaztea ere.Hala izanik, ezinbestekoa dirudi pilotak garrantzi handia behar izatea festa nagusietan, eta kasu honetan halaxe da, jaiek iraungo duten zazpi egunetatik (umeen eguna egin zuten aurreko igandea kontuan hartuz) bostetan baitaude pilota partidak: herriko pilotariak, afizionatuak, profesionalak, Goizueta-Arano desafiokoak...
Hala ere, denetan jaialdi deigarriena gaurkoa da, frontoiaren inaugurazioa (berritze lanak direla-eta) egiteaz gain, Aimar Olaizolari omenaldia egingo diolako herriak. Udal ordezkariek esandakoaren arabera, iaz egindako urte ederra zoriondu nahi diote, eskuz banakako bi modalitateetako txapelak eskuratu baitzituen, bai kantxa osoan eta bai lau eta erdian ere. Iaz frontoia obretan zegoen, eta aurten egingo diote omenaldia. 12.00etan inauguratuko dute plaza eta jarraian izango dira omenaldia, dantzak eta pilota partidak.
Egitaraua
Asteartea 15
8.00: Entzierroa Lasturko zezenekin.
12.00: Umore Ona dantza taldea.
13.00: Pilota plazaren inaugurazioa. Aimar Olaizolari omenaldia.
18.00: Zezenak plazan (egunero).
20.00: Herri kirolak.
22.00: Euskal presoen aldeko afaria Umore Ona elkartean.
0.00: Kabul eta talde sorpresa gaztetxean.
Asteazkena 16
12.00: Afizionatuen pilota partidak.
16.30: Mus txapelketa Ixkibin.
19.30: Bertso saioa: Peñagarikano, M. Lujanbio, J.M. Irazu eta S. Kolina.
0.00: Sexty Sexers eta Orreaga 778, Gaztetxean.
Osteguna 17
8.00: Entzierroa.
12.30: Pilota partidak.
20.00: Nafar jotak plazan.
0.00: Dantzaldia Trikidantzekin.
Ostirala 18
12.30: Pilota partidak. Ondoren, Goizueta-Arano
15.00: Umore Ona peñaren bazkaria eta ondoren, kalejira
0.00: Dantzaldia Joselu Anaiekin.
Larunbata 19
12.00: Sagardo dastaketa eta toka txapelketa.
17.30: Pailazoak plazan.
19.00: Txatunga Benbe (perkusioa).
20.00: Trikizio eta Urgabe.