Herritar guztien artean egin eta gozatzen dituzten jaiak
GOIZUETA
Herri eta hiri askotako jaiei buruz ari garela, oso ohikoa da «guztientzako moduko jaiak», «gustu guztietarako ekintzak» eta halako esaldi eginak aipatzea. Alabaina, Goizuetaz ari garela, esapide hutsak baino gehiago dira aipatutakoak. Izan ere, herri txikienekin gertatzen den antzera, bederatziehundik gora biztanle dituen herri horretan ere, Udalaz gain, herriko hainbat elkartek eta erakundek hartzen dute parte jaietako egitaraua osatzeko lanean. Askatasuneko ordezkari moduan talde lan horretan aritzen den Miel Joxeren esanetan, nahiz eta zenbait musika talderen kontratazioa «otsailerako-edo egin beharrekoa denez» Udalak bere kasa egin, jada martxoan bilerak egiten hasten dira. Bilera horietan Udalaz eta Askatasunaz gain, herriko gazte asanbladak, ikastolako guraso elkarteak eta Umore Ona elkarteak ere parte hartzen dute, «bakoitzetik bina ordezkarik-edo», Miel Joxeren hitzetan. Haren esanetan, horrela gauza berriak sortzen dira, eta dena askoz ere hobeto ateratzen da. «Herrian parte hartzeko ere askoz errazagoa da», gaineratu zuen Askatasuneko kideak.
Ikastolako txosna
Horri jarraiki, jaiak prestatzeko lantaldean parte hartzen duten gazte asanbladako kideek ere jaietako inplikazioa handia dela nabarmendu dute: «Goizueta herri txikia izaki, azkenerako ia herri osoa aritzen da lanean jaietako uneren batean». Horretan, gainera, zeresan handia dute ikastolaren txosna edo taberna delakoa aurrera ateratzeko biltzen diren herritarrek. Izan ere, herriko jaietako egitaraua adosteko Udal ordezkariekin biltzen diren lau herri erakundeak guraso elkartea, Goizuetako Gazte Asanblada, Umore Ona elkartea eta Askatasuna beren kasa elkartzen baitira ikastolaren alde jartzen duten tabernaren antolakuntza prestatzeko. «7 egunez eta 24 orduz egoten da jaietan zabalik», nabarmendu dute bai gazte asanbladako kideek baita Askatasuneko ordezkariak ere. Parrandarako giroa, musika eta edariak jartzeaz gain, bazkari eta afariak ere ematen dituzte bertan, eta horrek lanerako prest dagoen jende andana eskatzen du. Hala ere, ez dela arazorik baieztatu digute behin eta berriz: «Ia herritar guztiak baitaude erakunde horietako batean». Azken finean, hitz eginez, guztientzako lekua topa daite- keela argi utzi digute goizuetarrek: «Talde bakoitzak baditu bere berezitasunak programan, eta egun egokiena zein den hautatuta, guztiak errespetatzen dira», ondorioztatu zigun Askatasuneko kideak.
Gaztetxeko taberna
Azkenik, urtean zehar itxita egon ohi den gaztetxeko taberna ere jaietan zabalik izaten dela adierazi dute gazte asanbladakoek. Beraz, jai parte hartzaileak direla ziurta daiteke, guztiek hartzen baitute parte antolaketan, lanean eta festa egiterakoan, noski.
|