Punturik ez, baina bandera bat dago jokoan Castron
·Ustakabeak gertatzeko estropada aproposa izango da gaurkoa
DONOSTIA
Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen San Miguel Ligako hamabi ontziek hitzordu bat dute gaur 18.30 Castroko uretan. Izan ere, lehiaketako hamaikagarren proba jokatuko dute, baina aurreko hamarrak ez bezala, gaurkoa ez da puntuagarria izango. Punturik, beraz, ez da egongo jokoan, baina bai, ordea, Castroko Bandera.
Halako estropadak aproposak dira ustekabeak gertatzeko. Iaz, esate baterako, Oriok ezustean hartu zituen orduan faborito ziren Astillero, Castro eta Hondarribia. Orain urte bi ere oriotarrak izan ziren nagusi.
Hala, faboritoen zerrenda ohikoa baino luzeagoa izango da gaurko proban. Hondarribia da guztietatik garaipena lortzeko aukera gehien dituena. Orbañanosen mutilak Euskadiko Txapelketan gailendu ziren igandean eta Gipuzkoakoan asteartean, eta San Miguel Ligako buruan dira, bigarren postuan dagoen Castrorekiko hamahiru puntuko aldearekin.
Etxean arituko direnak dira beste faborito nagusiak. Jose Luis Kortaren mutilek garaipen bakarra lortu dute orain arte TKEren lehiaketan, eta beren zaleen aurrean gauzak ondo egiten ahalegindu nahi dute. Garaipenak Hondarribiarekiko aldea murrizteko balioko ez lukeen arren, koadrilaren morala altxatuko lukeela ez dago zalantzarik, eta hori garrantzitsua izan daiteke denboraldi amaieran ondo aritzeko.
Kinieletan ere, nola ez, Orio sartu beharra dago. San Nikolas azkenengo urte bietan gailendu da estropada eremu horretan. Gainera, Euskadiko Txapelketan bigarren izan eta gero, TKEn aurtengo hirugarren garaipena eskuratu nahiko du.
Pedreña ere kontuan izan beharreko taldea da. Joseba Fernandezek zuzentzen dituen mutilak goraka doaz, eta denboraldiko bigarrena ahalik eta azkarren lortu nahi dute.
Txandei dagokienez, Pasai Donibanek, Laredok, Zumaiak eta Mecosek lehenengoan egingo dute arraunean. Bigarrenean, berriz, Urdaibai, Arkote, Zarautz eta Cabo da Cruz izango dira nor baino nor, eta azkenengoan, ohorezkoan, Orio, Pedreña, Castro eta Hondarribia.
Gehienek Zarautzen dute burua
U.A.
DONOSTIA
Aste berezia izango da hau arraunaren lehendabiziko mailan, TKEk hiru estropada antolatuko baititu gaur eta igandea bitartean. Gaur Castro Urdialesen jokatuko dena denboraldiko estropada ez-puntuagarri bakarra izango da, eta talde askok tostetan aldaketak egingo dituzte. Prestatzaile gehienek atsedena emango diete orain arte lan asko egin duten arraunlariei, eta horrek ezustekoak egotea erraztuko du.
Talde gehienek, baina, hurrengo asteburuko estropada dute buruan. Larunbata eta igandea bitartean Zarautz XXIX. Estropadak jokatuko dituzte. Proba bakoitzean puntuak egongo dira jokoan, baina larunbateko eta igandeko emaitzak kontuan hartuta denbora onena egindako ontziak lortuko du ikurrina.
Zarauzko estropada bien ostean sei estropada falta izango dira San Miguel Ligari amaiera emateko. Hilaren 26an Orion izango dute hitzordua TKEko ontziek, eta hurrengo egunean, 27an, Castron.
Ondoren Kontxako Banderan buru-belarri sartuko dira TKEko talde guztiak. Donostiako estropada handiko sailkapen estropada hilaren 31n jokatuko dute.
|