BILBO
«Mesedez, utz iezaiozue herri honi bere etorkizuna bakean erabakitzen». Mezu argia helarazi zien Estatu espainolari eta frantsesari, milaka euskal herritarren aurrean, «Euskal Herriak autodeterminazioa» lelopean Bilbon atzo egin zuten manifestazioko deitzaileetako batek. Eguraldia lagun izan ez zuten arren, konponbide prozesuari beste bultzada bat eman zioten atzo Bilboko kaleetan barna izan ziren 10.000 lagun inguruk, GARAk egindako zenbaketaren arabera. Manifestaziorako deia egin zuten herritarrek ireki zuten gatazkaren konponbidearen muina «euskal herritar guztien hitzaren eta erabakiaren errespetuan» datzala aldarrikatzen zuen manifestazioa.
Konpartsa desberdinetako ordezkariak joan ziren aurretik, ikurrina eta Libanoko eta Palestinako banderak zituztela.
Eskubideen ukazioa, berdinean
Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeaz gain, prozesu politikoan herritarren parte-hartzea sustatzea bilatzen zuten antolatzaileek mobilizazioaren bidez; iaz, beste herritar talde batek deitutako egun bereko manifestazioan 7.500 lagun inguru elkartu ziren, eta atzokoan, aldiz, prozesua «krisi» egoeran barneratzeko«arriskua» dela, eta beraren aurkako erasoak direla medio, milaka herritar gehiago atera ziren Bilboko kaleetara konponbidearen alde. Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzeko aldarrikapena indartu zuten hala, amaierako ekitaldian nabarmendu zuten bezala.
Iazkoa, aldiz, jada bi urte beteko dituen «Orain herria, orain bakea» ezker abertzalearen proposamen politikoa babesteko izan zen, eta atzokoan ere berau izan zuten gogoan. «Nola da posible orain bi urte Batasunak, inongo oztoporik gabe, proposamena gizartean aurkeztea eta orain, etengabean, bere ekinbide politikoa kolpatzea?», galdegin zuen amaieran hitza hartu zuen herritar batek.
Argi adierazi zuen, bere aburuz, Gobernu espainolaren buru PSOE «bizkarra ematen ari zaio konponbide demokratiko bati». Are gehiago, azken denboraldian prozesuarekiko «erasoak berean jarraitu baino, areagotu» egin direla salatu zuen, baita Estatu espainolak eta frantsesak «euskal herritarron eskubideak ukatzen jarraitzen» dutela gaineratu ere. Konponbidearen «erroa» horretan datzala adierazi zuen.
ETA erakunde armatuak bere ekinbide armatuan eten iraunkorra aditzera eman zuenetik bost hilabete igaro dira, eta egoera horren aurrean, oraindik orain, «aukerak» irekiak daudela nabarmendu zuen, eta jarraian zera esan: «Batzuek hori nahi badute ere, aukera hori ez dugu alferrik galtzen utziko. Onar eta errespeta ezazue (PSOEri-UMPri galdeginez) justiziaz Euskal Herriari dagokiona: hitza eta erabakia».
«Piper-potoa», udaletxean
Euskal Herriaren eta irekitako prozesu politikoaren aurkako erasoak eteteko exijitu zion herritar taldeak PSOE alderdi espainolari, eta ildo berean, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, berriro ere, «Euskal Herria iraindu» duela gaineratu zuen, «umiliatzearen sinboloa den piper-potoa, bandera espainola» eskegi baitzuen atzo hogei minutuz udaletxeko mastan.
Manifestazioan ez ziren falta izan independentziaren edota euskal preso politikoen aldeko oihuak; oholtza gainean hitz egin zuen herritarrak ere gogora ekarri nahi izan zituen «Bilboko jaietan egon ezin diren horiek guztiak».
Ukabilak igota “Eusko Gudariak” abestu eta mobilizazioari amaiera eman baino lehen, konponbidearekin «konpromisioa» duten herritarrak direla nabarmendu zuten, baita gatazkaren konponbide demokratiko baten alde kalera irteten jarraituko dutela berretsi ere.