Askotariko doinuak besapean harturik iritsi da musika garaikidearen zikloa
Abian da Hamabostaldiko musika garaikidearen zikloa, eta gaur hasi eta heldu den larunbatera arte ekitaldi berritzaileak eginen dituzte egunero Donostiako Artelekun, Kursaalean eta Miramar jauregian, arratsaldeko seietan. Ramon Lazkano koordinatzaileak jakitera eman zuenez, aniztasuna, omenaldiak eta integrazioa izanen dira zazpi kontzertuz osatutako egitarauaren ardatzak, eta estreinaldi bat ere izanen da, Mario Carolik Maria Eugenia Lucen obra berria interpretatuko baitu.
DONOSTIA
Musika ugarik eginen du topo Hamabostaldiak abiatu berri duen zikloan, hagitz arlo ezberdinetako jendea gonbidatu baitute bakoitzak bere artearen lagina erakuts dezan. Yaron Windmüller Kanadako baritonoak, adibidez, Euskal Herrian ezezagunak diren obra batzuk plazaratuko ditu Aribert Reimann, Boris Blacher, Wolfgang Rihm, Moritz Eggert eta Wolfgang Fortner artistenak eta Sevillako Taller Sonoro taldeak Jose Manuel Lopezen, David del Puertoren, Jose Maria Sanchez Verduren eta ibilbide oparoa duen beste zenbait konpositore gazteren doinuak zabalduko ditu lau haizetara.Zikloaren koordinatzaile Ramon Lazkanok atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, omenaldiak eta urtemugak izanen dira egitarauaren bigarren ardatza: «Henri Dutilleuxen urtemuga da, baita Mauricio Kagel sortzaile handiarena ere, eta zendutako Gonzalo de Olavide eta Luc Ferrari ere gogoan izanen ditugu emanaldietan». Gaur arratsaldeko ekitaldian azken konpositore horri eginen diote omenaldia, Artelekun. «Eskerrak eman nahi dizkiet Hamabostaldiko antolatzaileei musika garaikidea sustatzeko egin duten ahaleginagatik, hainbeste sortzaile izan arren, obra gutxi izaten baita gure auditoriumetan. Ramon Lazkanori ere eskertu nahi diot askotariko doinuei atea irekitzen saiatu izana, ezohiko bideetatik, gainera», esan zuen omenaldian parte hartuko duen Xabier Erkizia musikariak. Ez diote iaz hil zen Luc Ferrariren figurari aparteko garrantzirik eman nahi, haren ekarpenak dira nabarmendu nahi dituztenak, eta konpositore frantsesaren lanen inguruan ausnartu dute: «Norbaitek esana da munduko belarri onenak zituela eta, beharbada, arrazoi izanen du». Tzesne eta Löty Negarti artistek grabatutako hainbat soinu aireratuko dituzte Arteleku eraikinaren inguru guztian, eta joko berezia sorrarazi espazioaren, doinuen eta publikoaren artean. Iban Urizar musikari elgoibartarrak, berriz, Ferrariren “Tautologos” lanaren bertsio bat aurkeztuko du, Ander Ginea, Andoni Mujika, Xabier Erkizia eta Iñigo Telletxea lagun dituela. «Konpositore askorekin gertatzen den moduan, hil ondoren goratu dute Luc Ferrari. Guk ere omenaldia eginen diogu, baina ez ditugu piezak harek idatzi bezala interpretatuko, gure bertsioa prestatu baitugu», argitu zuen Urizar musikari eta konpositoreak. Musika garaikidearen zikloak badu hirugarren ardatz bat ere: Euskal Herriko konpositoreek sortutako lanak eta nazioarteko artistek egindakoak elkartu nahi dituzte. Horren adierazgarri da Mario Caroli txirula-jotzaile italiarrak eginen duen errezitaldi «bikaina». Munduko talderik «onenekin» jo duen eta ibilbide «txundigarria» duen artista horrek Maria Eugenia Lucen “Red” lan berria estreinatuko du. Lucentzat «ohorea» da Hamabostaldian parte hartzea eta obra bertan aurkeztea, «musika garaikideko txirula-jotzaile onenetako batek» interpretatuta, gainera. «Haren grabazioak entzuteko parada izan nuen eta zoragarriak iruditu zitzaizkidan. Zur eta lur utzi ninduen konpositoreen pentsamenduan murgiltzeko duen abileziak. Horregatik idatzi nuen ‘Red’ , hari eskaintzeko. Izenak adierazten duen bezala, obra sarea da, musikaren elementuak batzen eta erlazionatzen dituena. Kolore gorriarekin ere badu ikustekorik, intentsitate handikoa, distiratsua eta ordarkorra delako. Azkenik, ‘Red’ hitzak obraren soinuei egiten die erreferentzia. Ahozko hitzaldia eta musikarena paraleloak izan daitezen saiatu naiz. Solastatzeko doinu armonikoak bokalak eta soinuak kontsonanteak erabiltzen ditugu, eta ‘Red’ solas laburra da, bokal bakarra duena, bi kontsonantez inguratua, gogorra bata eta leuna bestea», azaldu zuen. Iñaki Alberdi, Iñigo Aizpiolea, Pedro Carneiro eta Ricardo Descalzo dira zikloa ixteko ardura dutenak, eta Gonzalo de Olavide eta Joan Guinjoan omenduz eginen dute. «Ahalegin izugarria» egin zuten biek akordeoiarekin jotzeko obrak idazteko, eta lan hori goratu nahi du laukoteak.
Frantziako Orkestra, Kursaalean
M. I.
DONOSTIA Frantziako Orkestra Nazionalak kontzertua emanen du gaur eta bihar Musika Hamabostaldian, arratsaldeko zortzietan, Kursaaleko auditoriumean. Kurt Masurren zuzendaritzapean arituko dira, beste askoren artean, Barbara Hannigan sopranoa eta Detlef Roth baritonoa. Henri Dutilleuxen “Correspondance” lanarekin hasiko da gaurko emanaldia, eta Barbara Hannigan Kanadako sopranoak abestuko du. Ondotik, David Guerrier bakarlariak Richard Straussen “1. Tronparako kontzertua” interpretatuko du, eta Antonin Dvoraken “Bederatzigarren sinfonia” ezagunak «amaiera benetan indartsua» emanen dio kontzertuari. Biharko egitaraua ezberdina izanen da: Franz Schuberten “Si minorreko zortzigarren sinfonia” obraren doinuak izanen dira belarriak gozatzeko. Austriako musikagileak bukatu gabe utzi zuen, baina, hala ere, hamaika orkestrak interpretatzen du. Gustav Mahlerren “Lieder eines fahrenden gesellen”, Hans Werner Henzeren “Bost mezu erreginarentzat” eta Maurice Ravelen “Bolero” ezaguna entzun ahalko dira, azkenik. Egitaraua
Larunbata 26 Luc Ferrariren omenezko musika ibilaldia eta kontzertua, Artelekun. Astelehena 28 Diotima laukotea, Kursaalean. Asteartea 29 Taller Sonoro taldea, Kursaalean. Asteazkena 30 Yaron Windmüller, Kursaalean. Osteguna 31 Mario Caroli xirula-jotzaileak Maria Eugenia Lucen “Red” obra berria estreinatuko du, Kursaalean. Ostirala 1 Fibonacci hirukotea, Kursaalean. Larunbata 2 Gonzalo de Olavide omendu eta Joan Guinjoanen lanak plazaratuko dituzte, Miramar jauregian.
|