Seiehun metro behera, lur azpian. Argi leun-leuna, tristea, lanpara azpian doazen hiruzpalau lagunen aurpegiak ozta-ozta ikusarazten dituena. Kaiolara sartzea beti da bortitz samarra. Inork ez du berbarik egiten, zer datorren ondo jakinda, eta hogei gorputz baino gehiagok, pilatuta, elkar ukitzen dute, beheratzeko lantzean behin igartzen diren mugimendu bortitz artean.
Gerora, galeria artean, aire falta, iluntasuna, gas hatsa eta itoginak nonahi. Orduak eta orduak apurka-apurka zulatzen eta ustiatzen gabiltzan mendiak, gure buru gainera jausita, mendekurik har ez dezan otoitz egiten.
Eskuak beltz eta birikiak are beltzago. Hauxe bai lanaren belztasuna. Ez dut uste behar txarragorik sekula egon denik meatzea baino. Ezinezkoa da, udako besoetan ere, oilo ipurdia ekiditea seinale batean Pozo Maria Luisa irakurtzean. Ezinezkoa grisu bezalako berbak, harri-zulatzaileen besoak, eztulak edo heriotza iragartzen zuten txori txiki hilak garunean bueltaka ez agertzea. Ezinezkoa norberaren esku zuri leunak ikatz meta erraldoi batean, bihotzerainoko odola tindatu artean, zikintzeko eta urratzeko premia bizirik ez sentitzea.
Zeren eta, gura ala ez, kamiseta zuriekin eta nautikoak oinetan txakur zaunkariak paseatzen dituzten horiek ikustean, traidore huts bihurtu garela ohartzea ere bada ezinbestekoa. Borrokaren, elkartasunaren eta kontzientziaren traidoreak garelako. Meatzarien duintasunaren traidoreak garelako.
Ipuinak zera dio: «Bai, badakit kaiola behean gelditu dela, ume. Tontoa ez naiz, gero. Baina honezkero eskalak botako zituzten eta ziur heltzear daudela. Putzutik hirurehun pauso baino gutxiagora gaude. Denbora eman beharko dute gu topatu arte. Baina heldu egingo dira, ez egin negarrik, gero. Gorde zure arnasa gerturatzean entzuten ditugunean garrasi egiteko. Orduan bai, orduan ozen oihukatu, guaje. Oihukatu eta iratzarri, burua pisutsu sentitzen dut eta, uste dut loak hartuko nauela. Zu, guaje, ez lokartzen ahaleginduko zara. Zabaldu horiek begiok, ez izan leloa.
Lokartzen baldin bazara, nork oihukatuko du orduan hemendik atera gaitzaten?».
Ipuinak horrelaxe dio, ipuinak edo errealitateak.
Norberak barrurantz zuzen dezala begirada. Inor al da gai esateko premiazkoa den guztia egin egiten duela? Inor al da gauza zati batean behintzat saldu egin dela ez onartzeko? Inor al da kapaza langile horien guztien traidorea ez dela engainatzeko? -