UHARTE ARAKIL
Bihar Artzain Egunaren beste edizio bat hartuko du Sakanako Uharte Arakil herriak; 39.a, hain zuzen ere. Ohikoa den bezala, artzaintzaren gorazarre izateko sortutako jai horrek arratsaldeko bostetatik aurrera Geinbera zelaian egingo duten artzain txakurren lehiaketa izango du ikuskizun nagusi. Baina horrez gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatu ditu «egiazko festa egun» horren antolatzaile den Aralar Mendi elkarteak. Nafarroako Ardi Latxaren XXII. erakusketa eta Esne Ekoizpen Lehiaketa, Ardi Latxaren IV. Lehiaketa Nazionala eta enkantea, Nafarroako XIX. Ardi Mozte Mekanikoaren Txapelketa eta Nafarroako Ardi Latxa Gaztaren XXV. Txapelketa, besteren artean.
Lau omendu guztien izenean
Azken hori izango da aurtengo edizioko bereizgarrietako bat, ez baitira egunero betetzen halako garrantzia eta arrakasta duen lehiaketa baten zilarrezko ezteiak. Hori dela-eta, Aralar Mendi elkarteak Hego Euskal Herriko emakume gaztagileak omenduko ditu.
«Zorretan gaude emakume horiek guztiek egin duten, egiten ari diren eta etorkizunean egingo duten lanarekin, eta horregatik, herrialde bakoitzetik bat omenduko dugu, baina bakoitza herrialde osoaren izenean», adierazi zuen Jose Mari Ustarrotzek, antolakuntza lanetan buru-belarri sartuta dabilenak. Zor hori zertan datzan azaltzerakoan, isilpean egiten duten lana nabarmendu zuen Aralar Mendiko kideak.
«Lan handia egiten dute, baina gaztandegi gutxi daude emakumeen izenean», azaldu zuen Ustarrotzek. Arrazoi horretara mugatu gabe, emakumeenganako laudorio eta hitz ederrez betetzen zaio ahoa Ustarrotzi: Emakumeak baserrian duen arrakasta, gaztaren lanbidean duen garrantzi handia, normalean, gizonezkoak baino txukunagoak direlako, emakumea hobeki kontzentratzen delako eta esku hobea duelako, eta beste aipatu zituen.
«Emakume bat falta baldin bada etxe batean, gauzak ez dira hain ongi joaten. Orain gaineratu zuen bostehun emakume sartuko balira baserrietan, bostehun baserri gehiagok egingo lukete aurrera», ondorioztatu zuen azkenik Ustarrotzek.
Beraz, nahi duen orok zer ikusi ugari aurkituko du bihar egun osoz Uharte-Arakil herrian.