Plutoni agurra testuliburu berrietan
Nazioarteko Astronomia Elkarteak Plutonen izaera aldatu du, eta ez du eguzki sistemako planetatzat hartuko. Horrek aurrerantzean eragin handia izango du zenbait arlotan. Esaterako, eta ikasturte berriaren atarian gaudela kontuan hartuta, argitaletxeei nahiko buruhauste ekarri die berriak. Iruñeko planetarioan ere zenbait eraldaketa egin behar izango dituzte datozen egunetan.
Orain zortzi. Zortzi izango da egungo haurrek ikasi beharko dituzten eguzki sistemako planeten kopurua. Izan ere, Nazioarteko Astronomia Elkarteak onartu duen planetaren definizioaren arabera, Plutonek planeta izaera galdu du. Honenbestez, hainbat arlotan izango du eragina erabakiak. Esaterako, ikasturte berria hastear dagoela, argitaletxeek testuliburu ugari plazaratuko dute. Eta, horiek hala, azken orduko aldaketa horrek izango al du eraginik 2006-2007ko ikasturteko testuliburuetan?Horren erantzuna argitaletxeek dute. Izan ere, horiek dira datorren ikasturteko liburuen arduradun nagusiak. Batzuek inprentako lanak gelditu eta herenegun Pragan eman beharreko adierazpenei itxaron diete atlas eta bestelako liburuei azken ukitua emateko. Beste batzuentzat, ordea, berandu iritsi da Nazioarteko Astronomia Elkartearen epaia. Honela, datorren urte arte Pluton «planeta» hitzaren ondoan azalduko da hainbat eta hainbat liburutan. Argitaletxe euskaldunek hainbat buruhauste izan dituzte planeten kopurua dela-eta. Esaterako, Elhuyar argitaletxean adi-adi egon dira denbora honetan guztian, azken epaiaren zain. Eztabaida sortu zenetik, horrek eduki zezakeen garrantzia kontuan hartu dute, eta azken orduko aldaketa egingo zutela erabaki zuten. Esamesak hasi zirenean, atlasa inprentan zuten oraindik, eta berandu izan baino lehen, inprentako kideei ekoizpen katea gelditzeko eskatu zieten. Honenbestez, guztia prest eduki arren, zenbait orri kolokan utzi zituzten etorkizunean aldaketak egin ahal izateko. Hasiera batean, planeta kopurua handituko zelakoan, Elhuyar argitaletxean guztia prest zuten hiru planeta gehitzeko. Azkenean, eguzki sistemak planeta bat gutxiago duela ebatzi dute, ordea. Horiek hala, atzokoa lanegun gogorra izan zen Elhuyar argitaletxean. Kolokan ziren orrialde horiei planeta bat ezabatu eta berriz ere inprentara ahalik eta azkarrena eramateko jarduna izan zuten goizean goizetik. Nahiago izan dute denboraz doi-doi ibili eta atlasean eguzki sistemaren egoera berria zehatz-mehatz azaldu. Elkar argitaletxean ere aldaketa horrek eragin handia izango du argitalpen askotan. Hala nola, eskola liburu edo atlasetan. Hala ere, argitaletxe horretako testuliburuetan Plutonek lekua izango du eguzki sistemaren barnean datorren ikasturtera begira. Izan ere, erabakia hartu baino lehen argitaratua zuten datorren urteko materiala. Argitaletxeetan horrelako erabakiek izan dezaketen eragina ekoizpen katearen araberakoa da. Elkarreko arduradunek aipatzen dutenez, udaberrian ere Montenegron gertatutako hauteskundeekin antzeko zerbait gertatu zen. Baina orduan, materiala segituan aldatzeko aukera izan zuten euskal argitaletxe horretan. Fernando Jauregi Iruñeko planetarioko arduradunetariko batek azaldu duenez, bertan ere eragina izango du erabakiak. Hala ere, harrera ona egin diote berriari; haren hitzetan, errazagoa da planeta bat «desagerraraztea» hiru gehiago gehitu behar izatea baino. -
DONOSTIA
|