- Top 14a
Avironek Agilerara txango laburra Montauban hartzeko
BAIONA
Avironek Montauban hartuko du gaur arratsaldean 18.30etik aurrera Agileran, Biarritzen. Partida ez dute Baionan jokatuko, Jean Dauguer ez baitago oraindik erabiltzeko moduan, eta zuri-urdinek Biarritzera eraman dute partida. Egia esan, aukerak ere ez ziren gehiegi, Biarritz edo Akize baitziren jokatzeko moduko zelaiak. Frantziako Federazioak Donostian jokatzen uzten ez duenez gero, bi zelai horietan bakarrik zegoen jokatzea, eta Biarritzekin lehia handia badu ere, zaleen mesederako, gertuen dagoen zelaia aukeratu dute zuri-urdinen zuzendaritzakoek.
Bitxia izango da gaur Agilera zuriz eta urdinez jantzita ikustea, kolore horiek ez baitira ohikoak Biarritzen, zuzeneko etsai baten koloreak direlako, baina gaur Baionatik Biarritzera jende asko joango da bere taldea animatzera.
Premia ere izango dute, Ligako hasiera ez baitute ona izan. Lehen jardunaldian partida irabazteko neurketa zuten, mailaz igo berria baitzen Albi, baina urtero egiten dituen hutsak egin zituen eta esku hutsik itzuli behar izan zuten.
Garaipenen bidea gaur bertan zabaldu nahi dute, bi jardunalditan bi porrot jasotzea kolpe dezente izango baita bai jokalari eta bai zaleentzat ere, baina horretarako beltz egin beharko dute lan jokalari lapurtarrek.
Montauban indarrez gainezka etorriko da Euskal Herrira, lehen jardunaldian garaipena eskuratu baitzuen, eta lasai agertuko dira taldekideak Agilerara. Avironen, aldiz, entrenatzaileak jadanik esan du aldaketa dezente egingo dituela, eta honako jokalari hauek deitu ditu gaurko partidarako: Usandizaga, Coetzee, Laurent, Hill, Garcia, Lapresti, Tewhata, Hall, Rudzki, Hall, Bernard, Gratchev, Davies, Den, Baget, Rouet, Tilloles, Fraser, Vermis, Hegarti, Audrin, Lhande, Ngongo eta Thierry.
Bestetik, Avironek garrantzitsuak diren jokalariak izango ditu faltan, hala nola, Dorthez eta Bergez. Biak ere jokalari garrantzitsuak izan ziren iragan den denboraldian, baina aurten ez daude aritzeko moduan. Edonola ere, berehala hastea espero dute taldekideek. Lehenengoa hemendik bi astera hamabostekoan izatea espero dute, eta bigarrena, berriz, datorren asterako.
|