Biarritzek jokoa hobetu beharko du Narbonnen
·Zuri-gorriek lehen jardunaldiko itxura hobetu nahi dute
BAIONA
Biarritzek Narbonnen jokatuko du gaur arratsaldean, 18.30etik aurrera. Zuri-gorriek joan den asteburuan garaipen batekin ekin zioten denboraldiari, eta bide beretik jarraitu nahi dute gaur arratsaldean. Narbonnek, aldiz, ezin izan zuen punturik lortu, eta gaurkoan lortu nahiko du lehenengoan egin ez zuena, eta Biarritzi gauzak oso zail jartzeko ahalegin guztia egingo du taldeak.
Irabaziz bai, baina talde zuri-gorria ez zen joko ona eginez hasi, baina garrantzitsuena puntuak batzea zen, eta horixe egin zuen eta sailkapeneko mutur-muturrean jarri da lehenengo jardunalditik. Helburua, beraz, horixe izango da, zuri-go- rrientzat ia baitezpadakoa izango baita Ligako lehen fasea estreinako lauren artean amaitzea, horrek finalerdiak joka- tzeko txartela emango baitie, eta hor ez sartzea sekulako deskalabrua izango litzateke.
Jokalariei begira jarrita, etxeko taldeak hutsune asko izango ditu gaur Biarritzen aurka jokatuko duen norgehiagoka horretarako, eta ohikoak ez diren jokalari batek baino gehiagok izango dute gaurkoan hasieratik jokatzeko parada.
Biarritzek ere baditu faltak, baina horrek ez du inolako aitzakia izan behar, zuri-gorriek talde ikaragarria baitau- kate, eta lerro bakoitzeko ia hiru jokalari dauzkate. Halere, gaurko partidarako August itzuliko da taldera. Jadanik jokatzeko prest dago, eta azken orduko zerbait gertatu ezean, hasierako hamabostekoan izango da.
Hamabostekoan izango ez direnak Bobo eta Lievremont dira, biak ere min hartuta baitaude, eta oraindik jardunaldi batzuetan partidak harmailetatik ikusi beharko dituzte.
Biarritzentzat luzea eta gogorra izango da denboraldia, asmoa Liga eta Europako Kopa irabaztea izango baita. Lehenengoa iaz irabazi egin zuten, eta bigarrengoan finalean izan ziren. Lan handi hori errepikatzea ez da erraza izango, baina horixe da zaleak jokalariei eskatzen ari direna.
|