- Kae
Lehen multzoko taldeak Zierbenan lehiatuko dira
DONOSTIA Kantauriko Arraun Elkarteko (KAE) lehen multzoko taldeak XXIII. Petronor Ikurrina eskuratzeko asmoz uretaratuko dira gaur 18.00etan Zierbenan. Lehiaketa horretako azken-aurreko proba izango da gaurkoa. Lehen multzoa erabakita dago jada. San Pedrok hurrengo urtean TKEn egoteko igoera kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu zuen azkenengo proban, Getarian jokatutakoan. Horretaz gain, lehiaketa lehen sailkatuta amaitzeko aukera esku-eskura du. Bigarren postuan dagoen Isuntza da lidergoa kendu diezaiokeen talde bakarra. Lekeitiarrek, baina, igoera kanporaketa ziurtatu gabe dute oraindik, baina seguru asko gaur bertan lortuko dute. Atzetik, Getaria hori zapuzten saiatuko da. Ikurrinari begira, San Pedro eta Super BM Isuntza Grafilur izango dira garaipena lortzeko faborito nagusiak. Getariak, Ondarroak, Donostia Arraun Lagunak eta etxeko taldeak ezustekoa eman nahiko dute. Bihar, berriz, Pontejosen lehiatuko dira lehen multzoko traineruak.
Bigarrenekoak, Colindresen
Bigarren multzoko hamar traineruek, aldiz, Colindresen izango dute eguneko hitzordua. Bertan, lehen multzora igoera lortu berri duen Kaiku da garaipena eskuratzeko faborito nagusia. Ur Kirolak, Urola Kosta eta Portugalete taldeek ere lehia horretan sartu nahi dute.
|