GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-31
Xabier ALBERDI | Historialaria
«Pertsona bera merkataria eta, aldi berean, kortsarioa izan zitekeen»
Gipuzkoan XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan indarrean egon zen itsas ekonomiari buruzko doktore tesia aurkeztu berri du Xabier Alberdi historialari zarauztarrak. Lan horren bidez, garai hartan ekonomiak gainbehera egin zueneko ideia, orain arte zeharo zabalduta egon dena, kolokan jarri du. Horrez gain, merkatari, ontzigile, arrantzale eta kortsarioen arteko harreman korapilatsuak agerian utzi ditu. Izan ere, pertsona bera merkataria izan zitekeen eta, aldi berean, kortsarioa.

Azken hamar urteotan, hainbat artxibotako milaka dokumentu arakatu ditu Xabier Alberdik. Horiek oinarritzat harturik, Aro Modernoko itsas ekonomia gipuzkoarrari buruzko doktore tesia egin eta bikain cum laude lortu berri du.

­Gaia bera baino bereziagoa omen da tesirako aukeratu duzun ikuspegia.

Ez da ekonomiari buruzko ikerketa ohiko bat. Ekonomian pertsonen eta taldeen interes desberdinen ondorioz garai hartan sortu ziren gatazkak aztertu ditut, batez ere.

­Zein zen hasierako hipotesia?

Nire hipotesia zen ekonomiaren garapenean eragin handia dutela hainbat aldagai «abstraktuk», nolabait esateko. Adibidez, prezioen gorabeherek. Baina, horrez gain, badira beste aldagai batzuk, «pertsonalagoak», giza talde desberdinek duten interesekin lotuta daudenak. Interes hauek, sarri, kon- trajarriak dira, eta gatazka sortzen dute. Gatazka hori erabakigarria da, ekonomiaren motor bihurtzen baita.

­Zein dira doktore tesiaren ondorio nagusiak?

Ekonomiaren bilakaera gatazken arabera aztertu eta horri esker ikusi ahal izan dut askotan independenteak ziruditen fenomenoek elkarren arteko lotura estua dutela. Arrantza (balea arrantza barne), merkataritza, ontzigintza-burdingintza eta kortsaritza dira aztertu ditudan jarduerak. Eta elkarren arteko lotura estu-estua da. Lehenik eta behin, talde edo pertsona berek hartzen zutelako parte guztietan, nahiz eta jarduera horiek, itxura batean, behintzat, askotan kontrajarriak diruditen, adibidez, merkataritza eta kortsaritza. Jarduera horien gorabeherak as- kotan ez dira gertatzen kanpo faktore baten ondorioz (esaterako, eskaera eta eskaintzaren arteko desoreka), baizik eta jarduera horietan parte hartzen dutenen interesen ondorioz.

­Esaterako?

Hor dago kortsaritza. Baina beharbada “Piratas del Caribe”ri esker egunotan hain modan dagoen gai hori aipatu gabe ere, hor dago Ternuako arrantzaren bilakaera, merkatarien interesek baldintzatu zutena.

­Balea arrantzan, Gipuzkoaren eta Lapurdiren artean konkurrentzia bai, baina, aldi berean, nolabaiteko kolaborazioa ere ba omen zegoen.

1615ean, Euskal Herria bihurtu zen Espainiaren eta Frantziaren arteko gatazkagune. Alde batekoak sartu ziren Lapurdin eta Donibane Lohizune txiki-txiki eginda utzi zuten. Gero etorriko zen buelta: beste aldekoek Hondarribia setiatu eta Pasaia kiskali zuten. Alde bateko eta besteko portuak birrinduta, ekonomiak astindu ederra hartu zuen. Gerra hark urte asko iraun zuen, baina hemengo agintariek, bai Gipuzkoa eta Bizkaikoek, bai Lapurdikoek, hitzarmen batzuk bideratzea lortu zuten. Nolabait esateko, txikizio haiek jasan ondoren, gerra hartatik «salbuetsita» geratu ziren.

­Lapurdin Gipuzkoako kapitalarekin armatzen omen zituzten baleak arrantzatzera joateko ontziak.

Hori batez ere XVII. mendeko bigarren zatian da nabarmena. Arrantzari dagokionez, Gipuzkoako dirudunek gero eta gutxiago inbertitzen zuten bertako ontzietan; eta gero eta gehiago, berriz, Lapurdikoetan. Marinelak ere gero eta gehiago joaten ziren Bidasoaz beste aldera. Hainbesteraino iritsi zen gauza, ezen XVIII. mende hasieran Lapurdiko arrantzontzietako marinelen herena «espainiarra» omen zen, hau da, gipuzkoarrak eta ekialdeko por- tuetako bizkaitarrak.

­Zergatik inbertsio falta hori Gipuzkoako arrantzontzietan?

Arrantzan ez, baizik eta Ameriketako merkataritzan gero eta gehiago inbertitzen hasi zirelako. Bai legez ­monopolioa zuen Sevillatik barrena, alegia­, baita legez kanpo ere. Eta legez kanpo gero eta gehiago, gainera. Prozesu hori XVIII. mende hasieran burutu zen. Erabaki behar zuten dirua ordurako nahiko gainbeheratuta zegoen arrantza flota indartsu batean ala merkataritzan inbertitu. Merkataritza aukeratu zuten, eta horren ondorioz Karakaseko Errege Konpainia sortu zuten. Neurri batean, konpainia horren bidez legeztatu zuten ordu arte legez kanpo egiten ari zirena. Konpainia tapadera ere bihurtu zen. Izan ere, legez kanpoko negozioak ­kontrabandoak, alegia­ jarraitu zuen; are gehiago, gero eta handiagoa izan zen.

­Eta arrantza? 1713an izenpetutako Utrecheko Hitzarmena aipatu ohi da Ternuako pagotxaren bukaera gisa.

Balea arrantzari dagokionez, Ternuak aspaldi utzi zion pagotxa izateari. Ordurako baleak Artiko aldean arrantzatzen zituzten. Utrecheko Hitzarmena galera politikoa izan zen ekonomikoa baino gehiago. Politikoa, ordu arte zuten eskubide bat kendu zietelako. Baina ikuspuntu ekonomikotik ez zuen, une hartan behintzat, eragin handirik izan. Kontuan izan behar da XVIII. mende hasieratik urtero-urtero bat edo bi bakailao-ontzi baino ez zirela Gipuzkoatik Ternuara joaten. Arestian esan bezala, itsasoaz haraindiko arrantza hori aspaldi Lapurditik bideratzen zuten, gehienbat. Horren ondorioz, Gipuzkoan marinel gabezia eta guzti zegoen, eta Karakaseko Konpainiak nabaritu egin zuen. Horrela gauzak, 1732an sortu zuten Real Compañia Ballenera de San Sebastian. Kanpotik ikusita, bazirudien errege konpainia berri horrek arrantza suspertzea zuela helburu. Ez du ematen, ordea, horrela izan zenik. Konpainia horretan parte hartzen zuten hainbat kidek Karakasekoan ere parte hartzen zuten. Errege konpainia berriaren bidez zera lortu zuten: baldintza pribilegiatuetan lan egin ahal izatea, Gipuzkoan une hartan arrantzara dedikatzen ziren bakanen kaltetan.

­Gaur egun bidegabeko lehia deitzen dugun hori, alegia.

Horixe, berez arrantzan ari zirenek arrantza utz zezaten, ezin zutelako konpetitu.

­Haiek ziren benetako piratak, eta ez zurezko hanka zutenak.

Haiek ziren enpresa gizonak, baina, gainera, esan bezala, sarritan, merkataritzan ez ezik kortsaritzan ere interesak izaten zituzten.

­Egunotan nabarmendu dute XVII. mendean Donostia eta Hondarribia penintsulako kortsario porturik garrantzitsuenak zirela.

Hala da, baina hori ez da nire aportazio bat, beste historialari batzuek aspaldi egin zuten aportazio bat baizik.

­Itxuraz, behintzat, merkataritza eta kortsaritza ez datoz bat; ez beti, behintzat. Hemen, aldiz, pertsona berek bultzatzen zituzten bata eta bestea, eta aldi berean, gainera.

Zenbait koiunturatan, merkataritza eta kortsaritza guztiz bat etor daitezke. Azken batean, kortsaritza konpetentziari aurre egiteko arma ekonomiko bat zen; esaterako, holandarrei aurre egiteko arma ekonomiko bat. Koiunturak oso aldakorrak ziren, ordea, eta, halako batean, beharbada merkatari batzuei kortsaritzan jarraitzea komeni zitzaien, baina beste batzuei, berriz, ez, holandarrekin harremanak nahi zituztelako, harreman horiek legezkoak edo legez kanpokok izan.

­Esan ohi da Bilbon «merkatariagoak» zirela; eta Gipuzkoan, aldiz, kortsaritzarako joera handiagoa zutela.

Hemen kortsaritza errotuagoa zegoen, bai, baina hainbat koiunturatan jarduera horrek Gipuzkoako bertako enpresa gizonen arteko kontraesanak ere azalarazten zituen. Hori oso ondo ikusten da XVII. mendearen erdialdean. Gipuzkoako baleaontzi jabeek legez lortu zuten lehentasuna beren balea gurina merkaturatzeko. Baina Gipuzkoan bertan baziren balea gurina kanpotik ­adibidez, Lapurditik bertatik­ zekarten merkatariak, eta horiek besteei lehentasuna ematen zien legea aldatu nahi zuten. Kontua da batzuk eta besteak kortsaritzaz baliatu zirela elkarren kontra egiteko. Beraz, donostiarrak donostiarren kontra aritu ziren, nahiz eta erasoa beharbada ontzi holandar bat izan.

­Milaka eta milaka dokumentu aztertu dituzu. Esklabotza kasurik aurkitu al duzu?

Salerosketak-eta azaltzen dira, baina ez dut ontzi negrero baten edo merkatari negrero baten aipurik aurkitu. Ez da jarduera nagusi gisa, behintzat, agertzen.

­Askotan aipatu izan da XVII. mendeko krisi handia. Alabaina, zure tesiaren ondorioetako bat da ez zela krisirik izan.

Arazo kontzeptuala da. Askotan, XVII. mendeko krisiaz hitz egiten da epe luze-luzeko egoera izan balitz bezala. Ni ez nago ados. Krisi puntualak daude, oso urte gutxiko une gordinak, arestian aipatu dudan 1615eko gerrak eragindakoa adibidez. Baina dokumentazioa aztertuta, ez da inondik inora ekonomiaren hondoratze orokorrik ikusten. XVII. mendeko krisi politikoa ez dago zalantzan jartzerik, baina ez ekonomikoa. Porrot egin zuena inperio eredu bat izan zen. Inperio hark ezin zuen XVII. mendean munduko poliziarena egin, XVI. mendean neurri handi batean egin zuen bezala. Bere konpetidoreak, batez ere Ingalaterra, Holanda eta Frantzia, nabarmen sendotu ziren. Gainera, inperio haren oinarrian zegoen Ameriketako zilarra gero eta urriago iristen zen Sevillara. Baina horrek ez du esan nahi zilar gutxiago zegoenik. Hego Ameriketako unibertsitateetan azken urteotan egiten ari diren ikerketei esker, gauzak asko aldatzen ari dira. Egia da zilarra Sevillara gero eta gutxiago iristen zela, legez, behintzat. Ameriketako meatze zuloetako produkzioa gero eta handiagoa zen, ordea. Beraz, non geratzen zen deklaratzen ez zen zilar hori guztia? XVII. mendeko krisiaz hitz egiten dugunean, krisi politikoa mimetikoki ekonomian islatzeko joera dago. Baina garbi dago ekonomiak, deklaratzen ez zen zilar hark guztiak bezala, zeharkako bideak aurkitu zituela. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna acusa al PSOE de «chantajear» a los presos para condicionar el proceso
Mundua
Al-Assad y Chávez hacen causa común contra la hegemonía de Estados Unidos
Mundua
84 migrantes mueren camino de las islas Canarias
Kultura
Naguib Mahfuz, el mayor cronista de Egipto contemporáneo, muere a los 95 años
Jendartea
2x3 bidearen aurka egitasmoa kaleratu du Lurra Zainek
Ekonomia
Un déficit de mantenimiento causa un grave accidente en Tubacex
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss