BAIONA
A-63 autobidea 2x3 bilakatzeari buruzko eztabaida publikoa 2006ko udazkenean abiatzekotan zirela argitu zuen atzo Lurra Zain elkarteak.
Noiz eginen den zehazki ez bazekien ere, elkarteak ASF erakundeak landuriko aurretiko txostena eskuratu eta, lau hilabetez landu ondoren, aurkako ikerketa zabaldu zuen atzo.
«Txostena irakurri ondoren, hutsune anitz zeudela ohartu gara. Esate baterako, bidesariak ez dira kontuan hartzen, ez eta autobidea zabaltzeak ingurumenean eraginen dituen kalteak ere», argitu zuen Mixel Esteban elkarteko arduradunak. Horretaz gain, ASFren dokumentuan Abiadura Handiko linea berriaren proiektua ez zela inolaz ere aipatzen nabarmendu zuen. «Bidea zabaltzeko ASFk aipatzen duen argudio nagusia kamioien garraioa da. Alta, trenbide berriarekin garraioaren parte handi bat trenbidetik pasarazteko asmoa dute. Argi dago egitasmo ezberdi- nen artean koordinazio eskasa dagoela», salatu zuen.
Arazo horiek kontuan harturik proiektua bera bertan behera uzteko eskatu zuen, berriz ere, Lurra Zain elkarteak. «Ez dakigu proiektua zertarako egiten duten. Becker txostenean argi jarria zegoen, bidea zabaltzen bada ere, 2020-2030 urteetan autobidea gainezka izango dela», adierazi zuen.
Horiek horrela, kontratxosten hori mahai gainean jarriz, proiektua ahal bezainbat gibelatzea da Lurra Zainen helburua.
«Estatu frantsesean hauteskundeak helduko dira laster, eta lehendakari aldaketa bat izanen da. Eurekin harremanetan jarriko gara, hemen herritarrak bizi direla ulertarazteko», esan zuen azkenik Mixel Estebanek.