EBk Txinako eta Vietnamgo zapatak zergapetzeko proposamena onartu du
Europar Batasuna osatzen duten hogeita bost herrialdeek hilabeteko epea dute orain Europako Batzordeak atzo onartutako proposamena onartzen duten ala ez erabakitzeko. Hain zuzen, batzordeak Txinan eta Vietnamen egiten diren larruzko oinetakoei %16,5eko eta %10eko muga-zerga ezarri nahi die herrialde horietako ekoizpenaren eta salmenta prezioaren arteko desberdintasuna ekiditeko. Neurriak umeen zapatak ere hartzen ditu aintzat.
BRUSELA
Europako Batzordeak Txinatik eta Vietnamdik datozen larruzko zapaten inportazioak zergapetzeko proposamena hartu zuen atzo. Horiek hala, hurrenez hurren, %16,5eko eta %10eko muga-zerga finkoa ezarri nahi diete herrialde horien dumping delakoari aurre egin ahal izateko, ekoizpen salneurria baino baxuagoa saltzeari, alegia. Hogeita bostek orain hilabeteko epea dute neurria babesten duten ala ez erabakitzeko. Batzordeak argitutakoaren arabera, proposamen horrekin Europar Batasunaren barruko herrialdeen arteko interes ekonomiko desberdinak bateratu nahi dituzte eta, era berean, Txinako eta Vietnamgo oinetakoen inportazioen gainean egindako ikerketaren ondorioak errespetatu eta dituen legezko betebeharrak bete nahi ditu.
Urriaren 6a
EB apirilean hasi zen Txinako eta Vietnamgo oinetakoei behin-behineko muga-zergak ezartzen, baina bere iraunaldia urriaren 6an bukatzen da. Ondorioz, epe hori baino lehen Hogeita bosten artean akordio batera iristen ez badira, inportazioak zergarik gabe sartuko dira berriz ere urriaren 7tik aurrera. Ez da lehen aldia, hala ere, Bruselak proposamen hori egiten duela; izan ere, uztailean aurkeztu zuen, baina orduan antidumping batzordeko kideak akordio batera iritsi ez zirenez gero, ezin izan zuten onartu. Oinetakoak ekoizten dituzten herrialdeak muga-zerga finko bat izatearen alde daude, hala nola, Estatu espainola, Italia edo Portugal. Alemania eta Erresuma Batua, aldiz, kontra dauden herrialdeak dira. Izan ere, azken horien ustez, proposamenak banaketa enpresak kaltetuko lituzke, euren ekonomian garrantzitsuagoak direnak, hain justu. Lehen, umeen oinetakoak behin-behineko muga-zergetatik at zeuden familiei kalterik ez eragiteko, baina orain muga-zerga berria izango dute, emakumezkoen zapata asko umeenak balira bezala aitortzen dituztela ikusi baitu EBk.
|