Ia bada 40 urte uda hemen New Yorken ematen dudala. Bost urte Bronxen igaro nituen eta beste guztiak Manhattanen. Orain bizi naizen auzoa Manhattanen dago, Washinton Heights-en. Hispanoz beterik dago. Gehien gehienak Dominikar Errepublikakoak dira. Hispano etorkinak ugari dira Estatu Batuetan. Berrogei milioiren bat. Gehienak mexikarrak dituzu.
New Yorken latinorik gehienak dominikarrak dira. Legezkoak, 532.000. Paperik gabe daudenak, askoz gehiago. Etorkin berriak etengabe ari dira sartzen. Abioiez, ontziz eta oinez, Mexikoko mugak ezkutuan igaroz. Urtero etorkinak, latinoak batez ere, ugaltzen ari dira. Alferrik dira Gorbernuaren neurri guztiak.
Etorkinek hasieran problema gogorrak izaten dituzte. Hemen nire lanaren alderdi bat, hain zuzen ere, etorkinei laguntzea da. Legez kontra sartu direnei oso zail egiten zaie lana bilatzea. Lanik gabe, berriz, egoera larrian daude etorkinak, bizimodua New Yorken horren garestia baita.
Oraingo honetan ni ez naiz sartuko latinoen problemak aztertzera. Hizkuntza kontua da niretzat eta euskaltzale guztiontzat ikertu beharrezko problema.
Gaztelania bihurtu da EEBBako bigarren hizkuntza. Eta gauza jakina da, gero eta jende gehiago mintzatuko dela espainolez.
Gauzak zehaztu egin behar dira, ordea. Latino gurasoek New Yorkera datozenean ez dakite ingelesez. Haurrak, ordea, umetatik joaten dira eskolara eta ingelesaren jabe egiten dira.
Haur horiek elkarrekin beti ingelesez egiten dute eta gurasoekin bakarrik egiten dute gaztelaniaz. Neba arrebek elkarrekin ingelesez egiten dute, bai eta lagunekin ere. Askoz errazago egiten dute, bizitzaren zatirik handiena eskolan eta lagunekin ematen baitute.
Eta oraintxe dator arrazoi nagusia ingelesez egiteko. Beharrezko hizkuntza da. Munduko nazio askotako jendea bizi da USAn. Ingelesez toki guzti guztietan bidea egingo duzu. Ingelesa da hizkuntza ofizial bakarra eta beharrezkoa. Latinoei dagokienez, hirugarren belaunaldiko latino askok galdu egin du gaztelania. Ingelesez bakarrik egiten dute. Beren buruen kaltetan, hizkuntzak jakiteak haurreen burua zabaltzeko eta beste hizkuntzak ikasteko erraztasunak ematen baititu. Halaxe da kontua, ordea.
Euskal Herrian etorkinak gero eta gehiago izango dira. Askok asmatu ere ezin duen neurrian. Progresio geometrikoan etorriko dira. Euskal Herrira heldu den latinoak gutxienez beste hiru ekarriko ditu eta hiru horiek beren aldetik bakoitzak beste hiru. Laster Euskal Herria etorkinez beterik ikusiko dugu. Ez dago munduan hori galeraziko duenik. Batez ere latinoak etorriko dira. Euskal Herrian beren etxean sentitzen dira, en «la Madre Patria», hau da, Espainian.
Alde batetik pozgarria da. Etorkinak besoak zabalik hartu behar ditugu. Geure kasuan ordea, problema handia ekartzen dute. Madrilera doan latinoak ez dio Espainiako kulturari kalterik egiten. Espainol hizkuntza eta espainol kultura dakartzate latinoek eta es- painol kulturan eta hizkuntzan sartzen dira.
Euskal Herrian, ordea, etorkinek kultura arrotza eta hizkuntza arrotza sartzen dituzte. Euskara galtzorian daukagu. Etorkinen etorrera euskararentzako azken ezpata izan liteke, etorkinen kopurua gero eta handiagoa izango baita.
New Yorken etorkinen seme alabek nahitaez ingelesez ikasten dute. Euskal Herrira datozen etorkinen seme alabetan gehienek ez dute euskaraz ikasten. Eta ikasi duenak ez du euskaraz egiteko erraztasunik. Norekin mintzatuko da etorkina hiri handietan, Bilbon, Donostian, GasteizenŠ? Etorkinak ez du non pratikatu, herri txikietan ez bada.
Estatu Batuetako etorkinek, berriz, une guztietan ingelesa erabiltzeko aukera dute, gizartea erabat ingelesa da eta.
Bestalde, euskaldun gazteek elkarrekin gaztelaniaz egiten dutela ikusten dugu. Etorkinen etorrerak ez die giroa errazago egingo.
Ba al dago erremediorik gaitz honentzat? Bakar bakarra Euskal Herriak independentzia lortzea. Independente bagina euskara Beharrezkoa egingo genuke. Orduan etorkinen kontua eus- karari ezpata sartu gabe konponduko genuke.
Nik hemen astirik daukadanean Fordham unibertsitate entzutetsuan lan egiten dut. Irakasle hizkuntzalari guztiek gauza bera esaten didate. Beharrezkoa ez den hizkuntzak, globalizatua dagoen mundu honetan ez duela etorkizunik.
Euskaldun batzuek Euskal Herriaren independentzia Madriletik libre ibiltzearren nahi dute. Edo ekono- mia hobea lortzearren.
Beste batzuek ordea, geure nortasunari eutsi nahi diogulako. Garbi ikusten dugu, independentziarik gabe euskara ez dela beharrezkoa izango eta Euskal Herria Erdal Herria bihurtuko dela. -