GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-31
Patal dagoen baserria biziberritu nahian dabiltza azken urteotan
Euskal Herriko oinarri izan den baserria ez dago sasoi onenean. Hiriak gero eta handiagoak dira eta jendea bertara joaten da bizitzera, zerbitzu lanetan aritzera. Lehenengo sektorea sasoi patala pasatzen ari da, eta biziberritu nahian dabiltzanek hori lortzeko erraztasunik ez dagoela salatzen dute.

Baserriko bizitza ezezaguna da hirian bizi diren hiritarrentzat, eta bizitza horren erakusgarri dira baserri eskolak. Aisialdia eta didaktika bateratzen dira zentro horietan, eta bertara ikastetxe askotako haurrek irteerak egiten dituzte, taldeak hartzeko prest baitaude. Ikastetxeez gain, beste talde batzuk ere hartzen dituzte, eta baserri bizitzaz gain, ingurugiro naturala ezagutzeko aukera ematen dute.

Hiria eta baserria gerturatzeko aukera horrek helburu nagusia didaktikoa du, haurrek baserriko bizitza nolakoa den ezagut dezaten. Horretarako, baserria eta natura elkartzen dituzten dinamikak antolatzen dituzte. Ogia egiteko labeak dituzte eta bertan egiten dute ogia. Era berean, baratzean sortutako barazkiak eta beste elikagai batzuk ekoizten dituzte. Produktu naturalek duten garrantziaz ohartarazteko baliagarri izan nahi dute baserri eskolek. Ukuiluetan ere abereak dituzte, eta haiek mantentzeaz arduratzen dira. Hartara, haurrek aukera izaten dute ukuiluetan lan nola egiten den bertatik bertara ikusteko. Baserri eskolek mundu horretara lehenengoz gerturatzeko aukera polita eskaintzen dute, beraz.

Zestoan, Gipuzkoan, Sastarrain baserri eskola dago. Baserriko bizitza ezagutzeaz gain, beste motetako ekintzak antola daitezke bertan. Ekaingo haranean dagoenez gero, eskolatik gertu daude Ekaingo kobazuloak. Horiek hala, ikertzaile taldeak ere hartu ohi ditu Sastarrainek.

Otxandiko bidean, Bizkaian, Lapurriketa etxea dago, eta tankerako zerbitzuak eskaintzen dizkie bisitariei. Eskola hori energia iturri berriztagarriez hornitzen da eguneroko funtzionamendurako. Eguzkiaren eta haizearen energiaz baliatzeko tresnak dituzte.

Araban eta Nafarroan ere bada baserri eskolak ezagutzeko aukera. Ilundaingo Haritz Berri fundazioak eskaintzen du baserriko bizitzara hurbiltzeko parada, eta DBH gainditu ez duten gazteak hartzen dituzte. Irakaskuntza metodo bereziko etxea da, eta irakasgai ohikoez gain, abereak eta lurrak ere badituzte. Lantegi praktikoak ere badira; zurgintza, esaterako.

Lurkoi basetxe eskolan ere antzeko gaiak jorratzen dituzte. Izki natur parketik gertu dagoen Elortza herrian dago. Horrek ere baserria eta bizitza naturala bisitariei gerturatzea dauka helburu. 1989an jarri zuten martxan etxea, eta 1992tik aurrera baserri bihurtu zuten. Taldeentzako dinamikak sortzen dituzte. Bertan, aisialdi taldeak, ikastetxeak eta hainbat talde hartzen dituzte.

Baserria biziberritzen

Baserritik bizitzea posible dela azaldu nahi dute etxe horiek, bizitzeko adina lortzen dela lurretik eta abereengandik. Izan ere, egungo gizartean baserriko lana ez da aintza hartzen gehienetan. Gero eta jende gehiagok uzten du baserria, ezintasunagatik edo ezinezkotasunagatik. Bada, ordea, azken urteotan garatzen ari den beste joera bat. Hiriko jendea baserrirako interesa azaltzen hasi da, eta azken urteotan joera nabaria da hori. Horren harira sortu du gazte talde batek Akuilu Elkartea, Baserria Biziberritzeko Gazteon Arteko Auzolana deritzona. Bertako kide Aitor Aranburuk agertu duenez, baserriko lana ezagutzea garrantzitsua da lan hori balioesten jakiteko.

Olaberrin baserria duen gazte horren arabera, baserria bolada txar bat igarotzen ari da, baina, aldi berean, itxaropena dauka azken urteotan jendeak azaltzen duen interesagatik.

Akuilu Elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu herriz herri. Esaterako, baserriko produktuak merkaturatzea eta baserritar gazteen produktuak sustatzeko azokak antolatu izan dituzte. Aranburuk argitu du: «Sentsibilizazio kanpaina baten antzekoak dira ekintza horiek, azkenean gure esku horixe baino ez baitago».

Izan ere, baserriko produktuak merkaturatzea da pausorik zailena. «Baserri txikia agroindustria handien azpian itotzen ari da», azaldu du baserritar gazteak.

Erosotasunaren izenean

Akuilu Elkarteko kide horren iritziz, gaur egungo bizi ereduak eragin handia dauka baserriaren egoeran. «Arropa edo tresna askoren marka begiratu egiten da; kalitatea bilatzen da, baina ez da gauza bera gertatzen janariarekin. Ez du zentzurik», esan du. Izan ere, erosotasunaren izenean askotan kalitatea baztertu egiten dela uste du. «Egungo bizitzak erosotasuna eta irudia bultzatzen ditu. Kontzienteki kontsumituko bagenu, gauzak desberdinak izango lirateke».

Baserriaren krisia hitzetik hortzera dabilen kontua da eta datuek ere horixe agertzen dute. 1989an lau mila familia bizi zen Gipuzkoan esnea ekoiztetik. Gaur egun, laurehun edo bostehun familia besterik ez da geratuko egoera horretan. Esne produkzioa %25 jaitsi da, eta lanpostuak, %90.

Baserritik herrira edo hirira lan egitera joaten dira gehienak; baserritar zaharrek erretiroa hartzen dute eta atzetik zetozen gazteak kalean geratzen dira. «Haragitarako behiek ez dute bizitzeko adina ematen», gehitu du.

Egoera hori dela-eta, Akuilu Elkarteak irteerak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat baserri ezagutzeko. Izan ere, irtenbideak topatzeko erarik onena ingurutik ikastea da, eta irteera horiek teknikak ezagutzeko balio izan dute. «Gure artean hizketan egitea eta arazoez aritzea oso aberasgarria da», agertu du Aranburuk.

Baserriak ez du laguntzarik jasotzen erakundeetatik. Merkatu publikoak pribatu bihurtzen ari dira eta kalte handia egin zaio landa munduari. «Baserritarrak txoko ‘folklorikoan’ gordetzen dituzte, eta inguruan dendak jartzen dituzte», salatu dute.

Banatze sistemak ere aldatu egin dira eta azokez gain, badaude banaketarako beste modu batzuk. Esaterako, baserritar zenbait Saskiaren sistema delakoan ari dira. Jende finko batekin hitzartuta daukate zer jaitsi astero-astero, bakoitzaren ekoizpena kontuan hartuta. Hala, ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean konfiantzazko harremana sortzen da eta bi parteentzat da onuragarria: «Batek badaki zer jaten duen eta norengandik, eta besteak badaki salduko duela». Azokak kentzen duen segurtasuna ematen du sistema horrek. Gainera, azken urteotako elikadura krisiak direla-eta, jende asko baserriko produktuetara itzuli da.

Baserri batean ezartzea ez da erraza. Diru inbertsio handia egin behar da hasieran, eta arriskuz betetako bizimodua da. Tresneria, berrikuntzak, txukunketak... Gauza asko prest utzi behar dira ekoizten hasi baino lehenago. Halere, azken urteotan bada lehenago ere aipatu dugun joera. Eta proiektu eramangarri bat aurkeztuz gero, posible da kooperatiba bitartez aurrera eramatea ideia hori. Bizimodu berri batera animatzen direnak laguntzeko prest dago Akuilu Elkartea. -



Laborantza ekologikoaren alde, Asunak 2006 Hazparnen

Biharko Lurraren Elkarteak laborantza biologikoaren eta ingurumenaren gainean antolatu du datorren irailaren 8an hasiko den Asunak 2006 topaketa. L’Atalante zinema aretoan hasiko dira ekintzak, eta janari azkarraren inguruko eztabaida bat egongo da. Nekazaritza biologikoa izango da gai nagusia. Lapurdiko fruitu eta barazki bioekoizle baten etxaldea ikusteko aukera izango da eta Zuberoan ahuntz gazta egiten duten etxaldea. Igandean Bio Azoka egingo dute Hazparneko elizako plazan. -



Iparraldean ere hiritik baserrira joateko joera nabaria da
Ipar Euskal Herrian, lurrik gabeko jendearen mugimendu handia dago. Lurhats taldea helburu horrekin sortu zen, lurrik ez zuen jendea nonbait ezartzea lortzeko. Hori da Loloren gertaera. Duela 46 urte Paris inguruetan jaio zen gizon hori orain dela gutxi ezarri da, eta lekaleak ekoizten hasi da. Euskal Herrian dagoenetik nekazaritzan aritu da, baina espekulazioak lurrak kentzen dituela salatu du. Berak ez du nekazaritzan ari den ahaiderik, ez da familiako ohitura. Baina hura bezala jende asko dago. Baserrian ezartzen den jendearen eta familiako baserrian lanean jarraitzen duenaren ehunekoak antzekoak dira. Nekazaritza Ministerioak eta eremu bakoitzeko erakundeek laguntzak eskaintzen dizkiete nekazari gazte berriei. Berrogei urtetik beheragoko jendearentzat laguntzak ematen dituzte, baina hortik goragokoentzat ezer ez, eta ondo dagoela dio Lolok, baina jendea kanpoan uzten duela ere kontuan hartzekoa da: «Jende heldu dezente ari da baserrian hasi nahian azken urteotan». Zortzi hilabeteko ikastaroak eskaintzen dira Hazparneko Helduentzako Eskola Publikoan, Departamenduko Gobernuaren kontura. Modu horretan, jendea baserriko bizitzan trebatzen dute, eta jendeak badu zeri eutsi une jakin batean. Hasteko aukera ona da nekazaritza eskolena. Lur bila dabilen jendea eta erretira- tzekotan diren nekazariak harremanetan jartzen dituen elkarte bat ere badago.

Datorren irailaren 8an, hitzaldi bat egongo da Baionan Biharko Lurraren Elkarteak antolatuta. Nekazaritza biologikoa lantzen dute elkarte horretako kideek, eta elikadura txarra aztertuko dute. Nekazaritza biologikoaren onurak azaltzeko aukera izango dute. Asteburuan, nekazari festa bat egingo dute elkartzeko, eta orain dela gutxi kokatu den neska baten baserria ezagutzeko aukera izango da. Duela urtebete ahuntzekin sortu zuen etxaldea, eta ahuntz gazta egiten du. Bera ere lurrik gabeko gazte erakundeko kide izan zen, eta azkenik lortu du helburuetako bat, nagusia: kokatzea lortzea. Igandean, azoka eta herri bazkaria egingo dituzte Hazparneko herrian.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna acusa al PSOE de «chantajear» a los presos para condicionar el proceso
Mundua
Al-Assad y Chávez hacen causa común contra la hegemonía de Estados Unidos
Mundua
84 migrantes mueren camino de las islas Canarias
Kultura
Naguib Mahfuz, el mayor cronista de Egipto contemporáneo, muere a los 95 ańos
Jendartea
2x3 bidearen aurka egitasmoa kaleratu du Lurra Zainek
Ekonomia
Un déficit de mantenimiento causa un grave accidente en Tubacex
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss