GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-31
Ezjakintasuna, produktu exotikoen arrakastaren etsai
Europan eta Ipar Amerikan izugarrizko hedapena duten arren, fruta exotikoek ez dute arrakasta handirik gure artean. Hori azaldu dute, behintzat, inguruko saltokietan diharduten langileek. Izan ere, kanpoko fruta horiek erakargarriak izan daitezke bezeroarentzat, baina maiz ezjakintasunak atzera bota gaitzake erosteko garaian. Hala ere, azaldu dutenez, badaude arrunt bilakatu direnak ere.

Supermerkatura, normalean, ohiko bizimoduan beharrezkoak izaten ditugun produktuak erostera jotzen dugu. Korridore batetik bestera ibili ohi da etxeko eroslea, buruan hurrengo eguneko afaria eta eskuan, pixkanaka-pixkanaka produktuz betetzen doan saskia dituela. Hala ere, kontsumitzailea gero eta zorrotzagoa da, eta, beraz, gero eta gehiago erreparatzen dio esku artean duen produktuari.

Exijentzia, ordea, ez dagokio kalitateari soilik. Aniztasun gehiago ere eskatzen du erosleak. Ohiko bizimoduari ihes egitea zail izaten da askotan, eta, ondorioz, aniztasun puntu horrekin konformatu behar izaten du bezeroak, une batez bada ere, bere ohiko bizimodutik at dagoela irudikatzeko.

Aniztasun eskaera horrek, batez ere, elikagaiei eragiten die. Europar Batasunean produktu exotikoen eskaerak gora egin du azken urteotan, eta tartean frutak nabarmentzen dira. Erresuma Batuan gailentzen da, bereziki, produktu exotikoen eskaera, baina beste hainbat herrialdetan ere nabaritu da euren presentzia; hain zuzen, produktu exotikoen 4.000 tona esportatu ziren iaz Herbehereetara, Belgikara, Alemaniara, Frantziara, Italiara, Portugalera eta Estatu espainolera. Hala eta guztiz ere, Ameriketako Estatu Batuetan kontsumitzen dira Europan baino gehiago.

Produktu horiek Hego Amerikako eta Asiako herrialdeetatik ekartzen dituzte, batik bat. Gainera, fruta exotikoez gain, handik datozen bestelako jakiek ere hedapen handia dute, Thailandiakoek eta Mexikokoek, kasu.

Exotikotik arrunt izaera

Eskariaren izaera kontuan hartuta, ekoizlea kontsumitzailearen nahiak asebetetzen saiatzen da, eta beren produktuetan herrialde tropikaletako lehengaiak sartzen ditu; hain zuzen ere, 2005. urtean Europar Batasuneko 81 produktuk zituzten fruta exotikoak. Okinek ere kontuan hartu dituzte, eta koko, granada, mango edota papaia sartu dituzte euren ekoizkinetan.

Lurralde tropikaletako fruta ugari iritsi da Europa eta Ipar Amerikako herrialdeetara, beraz; besteak beste, aguakatea, marakuia, lima edota txirimoia ari dira hedatzen. Hala ere, horietako fruta batzuk ohikoago egiten zaizkigu beste batzuk baino. Ildo horretatik, Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien Garapen Zentroak (CCD) mango, papaia eta granada frutak exotiko izatetik arrunt izatera igaroko direla esan du, atera berri duen txosten batean.

Fruta exotikoen eskaeraren atzetik dauden arrazoiak ugariak izan daitezke, eta kasuz kasu aztertu beharko litzateke egoera bakoitzean igoera horren kausa zein den zehazki jakiteko. Hala ere, itxuraz hiru dira arrazoi aipagarrienak.

Batetik, osasunaren gainean kezka dago. Kontsumitzaileak garrantzi handia du merkatuan, eta produktuen gainean informazioa lortzeko medio gehiago dituenez, zuhurragoa da elikagaiak aukeratzeko garaian. «Bezeroa gero eta zorrotzagoa da, eta informazio gehiago eskatzen du, bere osasunarekiko kezka dela-eta», azaldu dute Elikadura Segurtasunerako Agentzia britainiarrekoek (FSA).

Era berean, Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien Garapen Zentroak, atera berri duen txostenean, modu osasuntsuan jatearekin lotzen du elikagai exotikoen eskaeraren gorakada. Erakundeak nabarmen- du duenez, osasuntsu jateak izugarrizko garrantzia du kontsumitzailearentzat, eta, dirudienez, fruta horietako batzuk baldintza osasuntsu horiek betetzen dituzte. Esate baterako, granadek minbiziari eta presio arterialarekin loturiko zenbait gaitzi aurrea hartzen laguntzen duten substantziak dituzte.

Ildo horretatik, goranzko joerari eusten dion produktuetako bat da tea. Aurretik zeuden te berde eta beltzari orain te zuria gehitu zaie, eta, dituen ezaugarri osasuntsuei esker, erraz zabaldu da Ipar Amerikan.

Bestalde, atzerritarren etorrerak ere eragin dezake eskaera horren igoera. Kanpotarrek, beren jatorrizko herrialdeetan jaten dituzten produktu exotikoak lortu nahi, eta bertan horiek eskatzen dituzte. Era berean, bertako jendea oporretan herrialde tropikaletara joatean, jomugako produktuak dastatzen ditu, eta, gero, beren lurraldera itzultzean, horrelakoak lortu nahi izaten ditu.

Ezagutza arrunt izaera

Azken urteotan herrialde tropikaletako produktu horiek hedapen handia duten arren, inguruko saltokietan adierazi dutenez, ez dute arrakasta handirik.

Donostiako Super Adarra fruta denda eta Garbera merkataritza guneko Eroski supermerkatuko saltzaileak bat etorri dira aipatu baieztapen horretan. «Ohiko bihurtu diren zenbait fruta exotiko arrunt bilakatu eta erosten diren arren, ezezagunak egiten diren produktuak oso gutxi saltzen dira», adierazi dute bi saltokietako langileek.

Arrakasta ezari arrazoia aurkitzeko garaian, «ezjakintasuna eta salneurria» aipatu ditu Donostiako fruta dendakoak. «Jendeak ez ditu kanpoko frutak gehiegi ezagutzen, eta, beraz, nahiago izaten ditu arruntak. Gainera, besteak baino garestiagoak izateak ere eragin dezake», azaldu du. Izan ere, maiz bezeroak produktu horiekiko jakin-mina izan arren, horien kontsumoaren gaineko zalantzak izan ditzake, eta ziurgabetasuna eta ezjakintasuna medio, atzera egiten du.

Horrela, herrialde tropikaletako produktuak erosten dituztenak atzerritarrak edota kanpora joan diren bezeroak izaten direla azaldu dute, dagoeneko ezagutzen baitituzte fruta horiek.

Ezezagunenak saltzen ez diren arren, fruta exotiko batzuk erabat ohikoak egiten direla azaldu dute saltoki horietan, eta horien eskaria kontuan hartzekoa dela. Fruta horiek dira kiwia, aguakatea, mangoa edota kokoa. Lima ere aipatu dute, gutxiago eskatu arren.

Orain gehiegi saldu ez arren, gerora zer jazoko den ikusi beharko da, zenbait fruta ezezagunek arrunt bilakatzeko bidea har dezakete-eta. Bitartean, jakin-mina piztu zaionak badu saltokira joan eta fruta exotiko horiek dastatzeko aukera. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna acusa al PSOE de «chantajear» a los presos para condicionar el proceso
Mundua
Al-Assad y Chávez hacen causa común contra la hegemonía de Estados Unidos
Mundua
84 migrantes mueren camino de las islas Canarias
Kultura
Naguib Mahfuz, el mayor cronista de Egipto contemporáneo, muere a los 95 años
Jendartea
2x3 bidearen aurka egitasmoa kaleratu du Lurra Zainek
Ekonomia
Un déficit de mantenimiento causa un grave accidente en Tubacex
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss