Galeako gotorlekua Bizkaian direnen artean garrantzitsuena da. Bere eraikuntza ikusteko XVIII. mende erdialdera jo beharko genuke, hain zuzen ere, 1742. urtean eraiki baitzuten. Garai horretan, ingeles itsasontziak oso nabariak ziren leku horretan, eta hori mehatxua zen Getxoko herritarrentzat. Beraz, Bizkaiko Jaurerriak mehatxu hori saihesteko beharra ikusita, gotorleku bat eraikitzea pentsatu zuen. Hala ere, jarritako itxaropen eta indar guztiak bertan behera gelditu ziren.
Hainbat arrazoi zirela-eta, eraikina zenbait alditan bota zuten. Lehenengo aldian, mehatxua suposatzen zutenek bota zuten; ingelesek, alegia, 1813an. Gotorlekua eraikitzeko bigarren saiakeran, alderdi liberala iritsi zen bertara Gerrate Karlista zela-eta. Ordutik aurrera, gotorlekua pixkanaka abandonaturik gelditu da, 1947. urtera arte.
Urte batzuk geroago, Getxoko Udalak Estatu espainolaren Herri Ogasunetik lur-jabetza lortu zuen, bai inguruko lurrak baita itsasargia ere. Hori horrela izanda, jatetxe bat eraiki zuten bertan 1975. urtera arte irekita egon dena. Hala ere, gaur egun gune turistiko bezala ikus daiteke.
Getxoko bost ibilbideak
Euskal Herrian dauden parajeen artean Aixerrotako eta Galeako itsaslabarrak dira txundigarrienak. Lurralde horrek duen kosta ikaragarria da, eta itsasoak uraren higaduraz sortzen dituen formak itzelak. Badirudi eskultore batek eskua sartu diela kostako harri horiei. Baina ez. Itsasoaren eta haizearen lana izan da hori, milaka urteko lana izan ere. Haize bolada ikaragarriak, gainera, iparraldeko hegaztiak erakartzen ditu, eta bertan elikagaiak eta atsedena bilatzen dute.
Bestalde, goitik behera begiratzen badugu itsaslabarretik, harea horixka ikusi ahal izango dugu. Haizearen eta uraren higaduraren poderioz, itsaslabarretik eroritako harea. Gaur egun, hareaz estalitako lurra gizakiak zapaldu eta hondartza izenez izendatu du. Horrek guztiak, beraz, sortzen ditu gaur egun Getxon, eta, oro har, Euskal Herriko kostan ikus daitezkeen paisaia ikaragarri ederrak. Benetan merezi du ikustea, gure lurraldearen ondasuna baita.
Hori horrela, Getxoko turismo bulegoak bost ibilbide planteatzen ditu herriak dauzkan gune interesgarriak ezagutu ahal izateko. Kontuan hartuta Getxok 11,64 km koadroko azalera duela, turistek bost ibilbide aukera ditzakete herri guztia ezagutu eta haren historiaz jabetzeko.
Ibilbidea hasteko Bizkaia Zubia hartuko du turistak, eta hark Algortako Portu Zaharreraino eramango du. Bertan eraikuntza ikusgarriak topatuko ditu, hala nola, Evaristo Txurruka ingeniariaren omenez eginiko eskulturak, eta Itxas-Begi eraikina. Jauregiak ere aurki daitezke ibilbide horretan: Kai-Alde, Luis Allende, Mudela, Ampuero eta Arriluze Jauregiak. Etxe famatuen artean, Cisco eta Lezama Leguizamon Etxeak, Aizgoyen baserria, Etxekolandetako galeria eta Naufragoen Etxea daude.
Bigarren ibilbidea egiteko, gutxi gorabehera, ordubete eta laurden behar da. Bertan, gehien aurki daitezkeen eraikuntzak elizak dira.
Tradizioz beteriko herria da Getxo, eta hori eraikuntzetan islatzen da. Hala nola, Santa Ana Baseliza, Mesedetako Ama Birjinaren eliza eta Karmengo Ama Birjinaren eliza topa daitezke bertan.
Hurrengo ibilbidea, hirugarrena, alegia, herri barrutik doan bidea da. Parkeak daude non jauregiek beren oinarria bertan kokatzen duten. Santa Klara eta Udalbatzaren Jauregiak dira horren eredu garbiak. Hala ere, tradizioari jarraiki, hainbat etxek eta elizak ez dute protagonismoa galdu nahi. Horren lekuko dira Etxe Arrosa, Loiolako San Ignazio, Bariko San Nikolas eta Trinitarioen elizak.
Laugarren ibilbidea lasaitasunaren adierazle da. Landa eta basoetan barrena bete-betean sartuz, ikuskizun bikaina aurkituko du turistak. Heldu zaio garaia txangozaleari Galeako gotorlekua ikusteko eta haren historia barrenean sartzeko. Kostan dabilen haizea eratzen duen sortzailea zein den jakiteko aukera bikaina izango du, gainera. Bertan, 1726. eta 1727. urteen artean eraiki zuten Aixerrota dago.
Itsaslabarrari jarraituz, gauaren barrenean arrantzaleak orientatzeko balio duen begi handi argitsua bistaratuko du abenturazaleak.
Arrantzale askori portura iristeko baliagarri izan zaie begi handi hura.
Bosgarren ibilbideak amaierara darama ibiltaria, baina
han murgilduz, sekulako harribitxiak topatuko ditu. Hala, abentura guztiari
amaiera emateko Errotaetxeko Santa Kolunba baselizan amaituko du ibilbidea gure
abenturazaleak. -