Inkesta eta herri galdeketa egitea proposatu du Madrazok
Berriki Juan Jose Ibarretxek egin duen bezala, EBko buru Javier Madrazok ere prozesu politikoan herritarren parte-hartzearen aldeko jarrera agertu zuen atzo, eta horretarako hiru proposamen mahairatu zituen: inkesta bat, galdera-sorta bat eta herri galdeketa bat. PSEk, ordea, «oinarri juridikorik gabeko galdeketarik» ez duela onartuko ohartarazi du.
BILBO
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ezinbestekotzat jo zuen orain aste batzuk euskal herritarren parte-hartzea gatazka gainditzeko prozesuan. Geroztik, hori sustatu ahal izateko proposamena irailaren amaieran Gasteizko Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurkeztuko duela esan dute askok. Javier Madrazok atzo baieztatu zuenez, saio horretan, Lakuako Gobernua sostengatzen duten hiru alderdiek EAJ, EA eta EB hitzartutako «parte hartzeko proposamen zehatzak» aurkeztuko ditu lehendakariak.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, EBk badituela hiru proposamen azaldu zuen:inkesta «zabal eta fidagarria» egitea prozesuaren «gakoen» gainean; prozesuaren inguruko galdera-sorta «komun eta zabala» igortzea gizarte eragileei; eta herri galdeketa egitea, «gizartearen parte-hartzearen adierazpenik handiena delako».
«Ez dugu bake eta normalizazio prozesua Kataluniako Estatutuaren erreforma bezalakoa izatea nahi, herritarrei bizkar emanda garatutako prozesuak gaizki bukatzen baitira», agertu zuen, eta honakoa gehitu:«Prozesua ondo joan dadin, bermerik onena herritarren iritzia hasieratik kontuan hartzea da».
Ibarretxek Osoko Bilkuran iragar dezakeenaz ere mintzatu zen PSEko eledun Rodolfo Ares, eta gauzak argi utzi nahi izan zizkion hirukoari:«Oinarri juridikorik ez duen galdeketa egin nahi bada, ez gaude ados. Arazoak konpontzeko proposamenak egitea espero dugu».
|