DONOSTIA
Reala, Athletic eta Eibarrek hiruko torneo bat jokatuko dute Alberto Ormaetxea omentzeko. Lagunarteko partida horiek gaur izango dira arra- tsaldeko zazpietan, Ipuruan.
Ormaetxea Eibarreko eta Realeko jokalaria izan zen eta entrenatzaile moduan ere aritu zen talde txuri-urdinean. Hain zuzen, 1978-79ko denboraldian hartu zuen lehenengo taldea. Urte horretatik 1985 arte aritu zen eta hainbat titulu lortu zituen: Ligako bi titulu (1980-81 eta 1981-82), Superkopa bat (1982-83) eta Ligako bigarren postua 1979-80 denboraldian. Hala, Alberto Ormaetxearen lagunen plataformak haren ibilaldi profesionala gogoan hartu nahi du ekimen horrekin.
Torneo horretan, Ligako lehenengo jardunaldiko derbia ikusi ahal izango da berriro, eta Realak eta Athleticek norgehiagoka errepikatuko dute. Eibar, ordea, maila ona ematen saiatuko da Bigarren B Mailara jaitsi ondoren.
Partida horiek 45 minutukoak izango dira eta lehenengo partida Eibarrek eta Realak jokatuko dute. Ondoren, eibartarrak Athleticen aurka arituko dira eta hiruko torneoa amaitzeko, berriro derbia jokatuko dute Reala eta Athletic protagonistak izanda.
Beste alde batetik, Alberto Ormaetxearen omenez haren emazte Celia Esnaolari artelan bat emango diote. Horrez gainera, hiru taldeei eta Migel Angel Perez Lasa epaileari ere emango diete artelan horren kopia bat.