- Top 14
Biarritzek nahi bezala jokatu du kaskar ibili den Avironen aurrean
·Zuri-gorriek zazpi entsegu egin zituzten eta zelaian nagusi zirela erakutsi zuten
BIARRITZ 54 AVIRON 0
BIARRITZ
Biarritzek ez zuen Avironen gupidarik izan, eta 54-0eko emaitzarekin amaitu zuen norgehiagoka. Zazpi entsegu ere lortu zituen eta jokoan zeuden bost puntuak batuta joan zen aladageletara.Premiaren derbia zen atzokoa. Alde batetik, Biarritz, partida bat galduta eta bat irabazita, baina joko eskasa eginda. Bestetik, Aviron, jokatutako bi partidak galduta eta maila ahula emanda, eta biek zuten atzo itxura aldatzeko aukera eta premia. Biarritzek ez zuen aukera alferrik galdu, eta egun Lapurdiko bi taldeen artean dagoen aldea agerian utzi zuen, sekulako astindua eman baitzion Avironi. Okerrena, ordea, zuri-urdinek emandako itxura izan zen, oso maila eskasa eman baitzuten, batez ere bigarren zatian, eta gauzak asko aldatu ezean, baliteke aurreko urteetan baino okerrago aritzea aurten. Lehen minututik ikusi zen Biarritz garaipenaren bila atera zela, eta bederatzigarren minuturako lehenengo entsegua egina zuen. Hala ere, lehen berrogei minutu horietan hiriburukoek nahiko ongi eutsi zieten, eta atsedenera 18-0ekoarekin joan ziren. Artean, Avironek bazuen zerbait egiteko aukera. Bigarren zatian, ordea, Biarritzek jan egin zuen Aviron. Zuri-urdinak jostailu batzuk besterik ez ziren izan zuri-gorrien eskuetan, eta nahi zuten guztia egin zieten. Zuri-urdinen atzealdea erabat apurtu zuten, eta entseguak bat bestearen atzetik etorri ziren. Bigarren zati horretan bost entsegu egin zituzten eta markagailuan alde handia lortuta amaitu zen norgehiagoka. Aipatzekoa da atzo Bobo itzuli zela. Lehen bi jardunaldietan min hartuta egon ostean, bere abiadura ongi etorri zitzaion etxeko taldeari, eta bere lan ona, gainera, entsegu batekin burutu zuen. Amaieran poza sekulakoa izan zen etxekoen artean eta, buru-makur, oso buru-makur amaitu zuten Avirongo jokalariek, egoerak ez baitu laguntzen.
Aviron oso egoera kezkagarrian dago
BIARRITZ Atzoko partidak bi ondorio garbi utzi zituen. Alde batetik, Biarritz sailkapeneko goialdean ibiliko dela. Akaso, norbaitek lehen bi jardunaldien ostean zalantzatxoren bat izan zezakeen, baina duen taldea kontuan hartuta, inor gutxik uste du amaieran talde zuri-gorria lehen lau postuetatik at geratuko denik, talde bikaina dauka-eta. Beste ondorioa oso kezkagarria da, Avironek itxura penagarria eman baitzuen atzo Agileran. Lehen bi jardunaldietan igo berri diren eta amaieran mailari eusteko borrokan ibili behar duten bi talderen aurka galdu du eta, atzo, berriz, Biarritzi aurre egitea ezinezkoa zela ikusi zen. Aurreko bi urteetan mailari doi-doi eutsi diote. Aurten horrenbeste larrialdi ez pasatzeko moduko taldea egin nahi izan dute, baina hasiera benetan kaskarra izan da. Jokalari batzuk falta dira, baina orain lortzen ez dituzten puntuak gero izango dituzte faltan. Igandean, gainera, Perpinya dator, lehen lau postuetan sartu nahi duen beste talde bat, eta atzokoa ikusita, baikor izateko oso aukera gutxi daude, bestela jokoa erabat aldatu beharko du lau egunetan.
|