GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > zirikazan 2006-09-11
Josebe Egia
Emakumea globalizazioaren unibertsoan

Ukaezina da egitura sozioekonomikoen iraultza batean murgilduta gaudela. Duela hogeita hamar bat urte jaiotzen ari diren jendarte hauetan, geruzapen sozial mota eta harreman berriak identifika daitezke, garai modernoko erakunde zaharretan ezinbesteko aldaketak dakartzatelarik: familiatik hasi eta lan munduraino.

Globalizazioa gure planeta diruarentzat, merkantzientzat eta zerbitzuentzat mugarik edukiko ez duen espazio bakar bihurtu nahi duen prozesua da. Hau da, bere baitan gordetzen duen oinarrizko ideia ondasunen eta merkantzien inongo murrizketarik gabeko mugimendu askatasuna da, batik bat lehen munduko herrialdeentzat. Ez du beste helbururik, dimentsio soziala baztertu egiten du.

Horrela izanik, politika ekonomiko neoliberalek ondorio latzak eta injustuak dakarzkie Lurreko toki ezberdin askori bai eta hainbat kolektibo soziali, baztertuak baitira informazio baliabideetara ­globalizazioaren euskarri­ heldu ezin diren heinean eta txirotu egiten baititu egungo lan merkatu berri eta polarizatuan sartzeko beharrezkoa den kultura ez daukatenak. Horien atzean, toki guztietan eta talde sozial guztietan, emakumeek jarraitzen dute izaten kaltetuenak.

“Sings” aldizkariak plazaratutako «Globalization and Gender» izeneko monografikoak horrela azaltzen du: azkenengo hamarkadetan eragin handien izan duten globalizazioari buruzko teorizazioak metaketa kapitalistaren forma berriek dakartzaten ondorioetan zentratu dira, baina ez dira generoaz arduratu. Eta, hala eta guztiz, globalizazio neoliberalak emakumeen bizitzan duen eragina hain esanguratsua da non pobreziaren feminizazioak edo lan merkatuko bereizketa generikoak dituen zifrek ezinezko egiten duten beste alde batera begiratzea eta arretarik ez ipintzea, hain da eskandalagarria gizonekiko desberdintasuna.

Baina, hala eta guztiz ere, globalizazioari buruz dagoen bibliografia kritikoaren artean eskasak dira genero desberdintasun eta emakumeen pobrezia agerian jartzen dituzten ikerketak. Baina errealitate hutsa da pobrezia, biziraupena, baztertzea eta debaldeko lana gero eta feminizatuagoak izaten ari direla. Globalizazioaren ondorioetako bat lanaren informalizazioa izanik, harrigarria da munduan azpimarratuagoa ez izatea gaizki ordaindutako eta eskubiderik gabeko lan horien gehiengoa emakumeek egiten dituztela.

Horregatik gizadiaren beste erdiak ere aldaketetan eta prozesuetan zeresana izan behar duelako, ikerketa feministen oinarrizko ideia da globalizazioarekin zerikusia duten prozesuak ezin direla ulertu eta onartu genero aldagaia gabe.

Aldaketa sozial eta politikoetan emakumeontzat eremu berri bat sortu eta erabili nahi badugu, mundu globalizatu honek eskaintzen digun paperari eta espazioari buruz hausnartu beharko da, sortzen ari diren eta emakumeen bizitzari afektatzen dioten egitateei buruzko ezagutza produzituz eta hedatuz. Emakumeok kolektibo sozial bezala dugun konplexutasuna azaltzeko gai izan behar duen ezagutza beharko luke izan. Era berean, emakumeak murgilduta dauden hainbat dominazio forma azaltzea eta, zer esanik ez, gaitzestea ekiditen dituzten teoriak ezlegitimatuko dituena. Hain emaitza onak ekartzen dizkionak ekonomia kapitalista berriari.

Bide horretan lan egiteko, globalizazioak daukan alde positiboari heldu behar diogu: gizateriarentzat dakartzan posibilitate teknologiko amaigabeei eta bai gizabanakoei bai komunitateei harreman interkulturalak izateko zabaltzen dizkien erraztasunei. Teknologia horiek, Internet nagusi, neoliberalismoaren garapena lortzeaz gain, kontrakoa ere ahalbidetzen baitute. Esaterako, eredu ekonomiko honekin kritikoak diren mugimendu internazionalen antolakuntza eta elkarlana.

Beraz, esandakoa praktikara eramateko, momentu hauetan munduan zehar dabilen aldarrikapen baten berri eman: urte bukaeran Kofi Annan ordezkatuko duen pertsona emakume bat izan dadin jasotzen ari diren sinadurak http:// www.unefemmealonu.eu/petition.php orrian. Mundurako mezua litzateke, emakumeen eskubideen aldeko konpromisoaren ikur. Nahiz eta erakunde honek sortua izateko zituen helburuak ez dituen betetzen, orri horretan izena ematera animatu nahi zaituztet. Emakumeok, betiere genero ikuspuntu argi batekin, leku guztietara heldu behar baitugu eta garaia da halako erakundeetan ere gure presentzia nabaritzeko.-

jegia@gara.net


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Cerca de 250 niños saharauis se quedan tirados en el aeropuerto de Loiu
Euskal Herria
Amnistia eta errepresaliatuak itzultzeko eskatu dute Donostian
Mundua
EEUU conmemora los ataques en medio del fracaso de su política en Irak y Afganistán
Kultura
El fuerte de la Galea, rescatado de la basura y la maleza, vuelve a vigilar el Abra
Kultura
Arrakasta biribila izan zuen makinaren eta dantzariaren arteko elkarrizketak
Kirolak
Un cúmulo de sensaciones negativas
Kirolak
La lógica se impone en Anoeta
Kirolak
Castro se impone en La Concha pulverizando todos los récords
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss