Txokolaterapia, gozozale amorratuen ametsa egia bihurtua
Estetikaren munduko azken berrikuntza dugu Txokolaterapia. Tratamendu horrek txokolatez egiten diren masaje, bainu eta esfoliazioak eskaintzen ditu, eta eragin onuragarriak ditu aldartean eta azalean. Horrelako tratamendu bat probatu nahi duenak ez du oso urrutira joan behar, Euskal Herriko mugatik harago joan gabe, Arrasateko Angela estetika zentroan baitugu ezagutzeko parada bikaina.
Txokolatea jatea gutizia ezaguna da gozozaleen artean. Batzuek gizentzeko beldurrez gehiegi jateari uko egiten dioten arren, txokolateak zoriontasuna eman eta erlaxatu egiten du, beste zenbait onuraren artean. Txokolatearen zaleek, gainera, gozo ezagunari probetxua ateratzeko beste modu bat dute orain: Txokolaterapia.Estetikaren munduko azken berritasuna da Txokolaterapia. Lehen algak, lokatza edo harriak erabiltzea ohikoa zen; orain, aldiz, txokolatea erabiltzen dute masajeak emateko, eta, bide batez, gorputza eta gure aldartea lasaitzeko. Izan ere, txokolateak izugarrizko onurak dauzka, bai gure aldarterako baita azalerako ere, eta, hala, hainbat estetika zentro hasi dira tratamenduetan gozoa sartzen. Hala ere, zentro bakoitzak eskaintzen duen zerbitzua ezberdina da. Zenbait lekutan, gorputza txokolatez bildu edota txokolatezko pipitak dituen kremekin esfoliazioa egiten dute, eta beste zenbaitetan, esnezko bainuak edota txokolatezko masajeak eskaintzen dituzte. Txokolaterapia oso hedatua ez dagoen arren, Euskal Herriko gozozaleek badute tratamendu berri hori probatzeko aukera gure lurraldeko mugetatik harago joan gabe. Arrasateko Angela estetika zentroan dago txokolatearen paradisua.
«Masajr bizia ematen dugu»
Jon Apraiz Arrasateko Angela estetika zentroko langilea da, eta berak ematen ditu egoitzak eskaintzen dituen txokolatezko masajeak. Zentroa ireki zutenez geroztik, batetik bestera ibili izan da Jon azken berrikuntzak Arrasatera ekartzeko. «Italiara, Frantziara eta Bartzelonara joan izan naiz; besteren artean, teknika berriak ikasi eta azken nobedadeak ikusteko. Txokolaterapia eta antzeko zerbitzuak, normalean, bost izarreko hoteletan eskaintzen dituzte eta guk hona ekarri nahi izaten ditugu bertako jendeak ere goza ditzan», adierazi du Jonek. Jonen aburuz, «masaje bizia» ematen dute Arrasateko estetika zentroan, nahiz eta azkenean, bezeroa «erlaxatuta» ateratzen den. «Masaje berezi bat egiten dugu txokolatearekin. Ayurveda teknikan sartzen den masaje bat aplikatzen dugu», zehaztu du. Ayurveda teknika Indiako medikuntzako antzinako tratamendua da, eta masajeak ditu oinarri. Arrasaten horietako masaje bat eskaintzen dute, eta Jonek, teknika horretan sartzen diren masajeak bezala, «bizia» dela adierazi du. Bizitasun horrek ahalegin handiagoa eskatzen dio profesionalari. «Eskuekin, hatzekin eta, batez ere, eskumuturrarekin lan handia egiten dugu, eta arin ibili behar izaten ditugu horrelako masajeak emateko», baieztatu du gazteak. «Txokolatezko masajea eman ondoren, bezeroa plastikozko zorro batean biltzen dugu, txokolatearen propietateak azaletik sartu eta gorputz osoa hidratatzeko. Gero, dutxa bat hartzen du eta, azkenik, beste txokolatezko krema batekin beste masajetxo bat ematen zaio», azaldu du Jonek. Erabiltzen den txokolatea, «%100 kakaoa» da, jaten dena bezalakoa, baina azukrerik gabea. Kakao hori almendra gozoen olioarekin eta laranjazko olio esentziarekin nahasten dute eta ondoren dena batera berotzen dute, kremaren antzeko likido bat lortu arte. Horrelako saio batek ordubete eta laurden irauten du, eta 70 bat euro ordaindu behar dira. Amaitzean, bezeroak «sentsazio berezia» izaten duela adierazi du Apraizek: «Masajeak gorputzak astindu eder bat jasan izan balu bezala uzten du baina ondorengo dutxak erlaxatu egiten du». Gainera, bertako giroak ere eragina du lasaitzeko, lokalean «txokolate usain nabaria» dagoela esan baitu Jonek. Saioa bukatu ondoren ere, bonboi bat eskaintzen zaie bezeroei. Apraizek azaldu duenez, txokolatezko masajeak ematen dituzten oso leku gutxi daude, eta oso arrunta izan ez arren, egun «modan» dagoela adierazi du. Arrasateko eta inguruko jende asko joaten omen da bertara probatzeko asmoz; askok zerbait originala oparitu nahi eta horixe egiten dutela ere aipatu du Jonek. Masajearen ondoren txokolatea jateko gogo handia jartzen omen da. Hala ere, badago masajea duela hiru hilabete jaso eta oraindik ere txokolatea probatu ez duenik. Jonek berak honakoa aitortu du: «Nik izugarri gogoko dut txokolatea, eta oraindik ere ez zait jateko gogoa kendu». -
DONOSTIA
Onura ugari duen tratamendua
Txokolaterapiak hainbat onura eskaintzen ditu, aldartean eragin onuragarriak izateaz gain, azalean ere ondorio mesedegarriak baititu.Kakaoaren usain gozoak burmuineko serotonina izeneko substantziari eragiten dio; substantzia hori da, hain zuzen, zoriontsu egiteaz eta gu erlaxatuta sentiarazteaz arduratzen dena. Era berean, nerbio-sisteman eragiten du depresioaren eta antsietatearen aurka. Bestalde, azala hidra- tatu eta indartu egiten du. Kakao mikatza, esnerik gabekoa, hobea da osasunerako; izan ere, esnea gehitzean txokolateak bere ezaugarri antioxidatzailea galtzen baitu. Onura horietaz konturatuta, zenbait estetika zentrotan, txokolatea duten zerbitzuak eskaintzeaz gain, kakaoa duten produktuak jarri dituzte eskura. Jon Apraiz Angela estetika zentroko langileak adierazi duenez, txokolatezko depilatzeko argizariak, esfolianteak eta kremak daude merkatuan.
|