Korta, historian Kontxa gehien irabazi duen gizona
DONOSTIA
Jose Luis Korta historiara pasatu zen atzo. Lehendik ere ziurtatua zuen arraunari buruzko liburuetan berari eskainitako tartetxo bat izatea, baina atzo irabazitako Kontxako Banderari esker, hamalau lortu ditu guztira, eta, beraz, bera da orain arte Donostiako estropadan garaipen gehien lortu duen gizona. Gainera, Batista Oliden handiaren hamahiru garaipenak hobetu ditu. Aurreneko garaipena 1970. urtean lortu zuen Ortzaikakoak, orduan arraunlaria zela. Hurrengo urte bietan ere Kontxako Banderaz jabetu zen. 1973an, berriz, Lasarte Michelineko tostetan zela gailendu zen Korta. 1978 eta 1980 urteetan Kaikun arraunlari zela lortu zuen Kontxako Bandera; eta urtebete geroago, berriz, Bizkaiko taldeko prestatzaile bezala. 1982. urtean laugarren garaipena jarraian eskuratu zuen, orduan Kaikun arraunlaria zela. 1992, 1996 eta 1997 urteetan Oriorekin lortu zuen garaipen bana, eta bere azken hirurak Castroko patroi eta prestatzaile moduan irabazi ditu. Olidenek, aldiz, arraunlari bezala lortu zituen Kontxako hamahiru banderak. Mikel Portularrume ilobak, ostera, atzo irabazi zuen aurreneko garaipena Kontxan, eta aitonak hasitako ibilbideari jarraipena eman dio. Kortak arrauna aurten utziko duela behin baino gehiagotan esan duen arren, seguruenik hurrengo urtean ere talderen batean ikusiko dugu. Konparazioak gehiegi gustatzen ez zaizkiola ere aitortu izan du, eta Olidenen marka hobetu duen arren, bere ustez, Orioko arraunlaria izan da historiako onena. «Berak arraunlari bezala lortu zituen Kontxako bandera guztiak, eta hori ez dago edozeinen esku», adierazi izan du. Juan Mari Etxabe oiartzuarrak bere bizitzako bosgarren Kontxako Bandera irabazi zuen atzo, eta aurreneko laurak Pasai Donibanerekin irabazi ditu. Zazpi euskaldun izan ziren atzo La Marinerako tostetan: Juan Mari Etxabe bera, Jon Elortegi, Agustin Mujika, Aitzol Arrizabalaga, Mikel Portularrume, Iker Zabala eta Gorka Olazar. Horrez gain, Sergio Carrionek, Luciano Pregok, Alexander Estebanek, Andrei Banicak, Javier Vilariñok eta Miguel Angel Millaresek egin zuten arraunean Kantabriako ontzian.
|