Aritz LASKURAIN | Aspeko atzelaria
«Maila onean jokatzen ari naiz, baina orain izan du oihartzun handiagoa»
26 urteko Soraluzeko semea, Aritz Laskurain, denboraldi bikaina egiten ari da. Orain dela lau urte egin zuen debuta profesionaletan, Eibarko Astelena pilotalekuan, baina gero eskuin eskuan izandako lesio batek ia bi urtez kantxetatik urrundu zuen. Arazoak atzean utzi ditu atzelari gipuzkoarrak, eta egun maila onean ari da jokatzen, Aspeko goi mailako atzelariekin lehian. Bolada on bat baino gehiago dela uste du berak.
Lekeitioko sanantolinak izan dira Laskurainen aurreneko hitzordu garrantzitsua lehen mailako pilotari bezala. Uda osoan partida nagusiak jokatzen izan da Soraluzeko atzelaria, eta enpresak emandako aukera ondo aprobetxatzen jakin du. Zurrumurruen arabera, Binakako Txapelketa jokatzeko aukera ere izan dezake, baina berak oinak lurrean mantentzea nahiago du.
Bolada ona izan duzu udan, eta torneoren batean ikusteko eskaera egiten ari ziren zaleak. Lekeition iritsi zitzaizun aukera. Nola ikusi zenuen zeure burua?
Gustura aritu naiz. Dena den, nik uste dut bolada bat baino gehiago dela. Lesioa atzean utzi nuenetik maila onean ari naiz jokatzen, poliki-poliki gora eginez, baina agian orain eduki du oihartzun handiagoa; batez ere, Lekeitioko torneoarekin. Baina nik uste progresio polita izan dudala orain arte.
Lekeitiokoa pilotari onenekin jokatzen duzun lehen lehiaketa izan da, baita finalera iritsi ere. Ba al da gehiago eskatzerik?
Pozik nago orain arte egindakoarekin. Finala galtzea pena izan zen, baina torneoan finalerdi ona egin genuen, Asegarceko bikotearen aurka irabazita. Finalean ez zitzaigun oso partida ona atera eta ezin izan genuen irabazi. Ni, behintzat, ez nintzen gustura geratu egindako lanarekin. Baina, beno, goi mailako pilotariekin jokatzea beste zerbait da, beste erritmo batŠ Baina orain arteko balorazioa ona izan da, eta konpromisoetako partidetan maila ona eman dudala uste dut.
Finalerdietako neurketatik finalekora atseden hartzeko denbora gutxi izan zenuen. Nekea igarri al zenuen?
Ez. Beldur pixka bat izan nuen, egia esan, baina ez zen final luzea izan. Erritmoa izan zen, baina ez zen gogorra izan. Nekatu baino lehenago galdu genuen.
Nola moldatu zara Martinez de Irujorekin?
Jokatu ditut jada partida batzuk, sei bat edo, eta oso gustura nabil. Aspen oso aurrelari onak daude, lehen mailan gehienbat, baina baita bigarrenean ere, eta guztiekin gustura jokatzen dut. Juan eta biok ondo konpontzen gara. Bikoteari asko laguntzen dio, ez du gehiegi exijitzen eta galduz gero ez da ezer pasatzen.
Lesio larria izan zenuen eskuin eskuan, eta ia urte bi eman zenituen jokatu gabe. Orain arte ikusitakoaren arabera, hori guztia ahaztuta duzu, ezta?
Bai, hala da. Hasiera oso gogorra izan zen. Ekainaren 9an debutatu nuen eta hilabete horretan bi partida jokatu nituen. Uztailean beste bat jokatu nuen, eta gero hilabete inguru geldi egon nintzen. Sei partida edo zazpi galdu nituen, eta lehena urrian irabazi nuen. Eskuak ez nituen ondo, eta gero dena konpondu orduko beste lesio bat eduki nuen. Zorionez, orain ondo nabil. Hori dena atzean laga dut. Eskuak gaizki nituenean ezin nuen ezer egin. Partida on gutxi jokatu nituen, astean entrenatu ezinda eta masajez masaje ibili nintzen. Eskuak bigunak nituen, egin barik, baina eskuak gogortu ditut eta orain dena ahaztua dut.
Binakako Txapelketa joka dezakezula diote zurrumurruek. Aukeratxoren bat izan dezakezula uste al duzu?
Ilusioa egiten du, baina ez nago horretan pentsatzen. Aukeratxo bat egon daitekeela? Ba, bai, agian egon daiteke, eta aukera txiki bat egotea oso gauza handia da jada. Lehenengo mailan muturra sartzen ari naiz, eta oraindik hobetzeko aukera badudala uste dut. Ea aukerak aprobetxatzen ditudan.
Oraindik ere hobetzeko tartea baduzula esan duzu. Zertan hobetu behar duzu?
Pilotakada onak jotzen ditut, baina bakarren batzuk. Gehiago gozatu behar dut, jarraipen gehiago izan. Airea hobetu behar dut, moztenŠ Lesioekin zentratu gara, segurtasuna hartzen, eta aurten beste zerbait lantzen ibiliko gara.
Atzelari asko daude jotzaileak direnak, baina gero eta gutxiago ezker hormara pilota baztertzen dutenak. Elegantea zarela ere esaten da...
Kolpe polita daukat, baina gehiago dutenak badaude. Nik altuera aprobetxatu behar dut, baztertzen saiatu, eta hala eginez gero, edozeinen aurka joka dezaket. Beti entzun dut elegantea naizela, baina nik ez dut neure burua horrela ikusten.
Lana eta pilota tartekatzen dituzu. Nola moldatzen zara?
Une honetan ez zait gogorra egiten. Lehen gogorragoa izan zen, eskuak gaizki nituela-eta tratamendu bat jarraitu behar nuelako. Orain lauzpabost ordu sartzen ditut egunero lanean. Noski, goizago esnatu behar naiz, denbora gutxiago duzuŠ baina arazorik ez dut. Pilotaz bizitzea ez da batere erraza, eta mementoz, behintzat, ez dut halakorik lortu. Lana uztea ere ez dut pentsatu. Ez dut horretarako ahalmenik, ezta asmorik ere.-
|