GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-14
Ertz, musika esperimentalaren erakusgarri
Gaur hasiko da Ertz jaialdia, eta musika egiteko eta erakusteko modu anitz dagoela frogatuko dute zazpigarren urtez. Soinuek gure bizitzan duten garrantzia eta sortzen dituzten erranahiak ikuskizuna baino gehiago direla aldarrikatuko dute. Horretarako, artistak ordez pertsonak gonbidatu dituzte. Pertsona gisa ere aberatsak diren musikariak.

DONOSTIA

«Bertze Musiken Jaialdia antolatzen dugun zazpigarren aldia da, eta aurten ere ez dakigu nola joanen den, ez baitugu etorriko diren artisten zuzeneko emanaldirik ikusi», adierazi du Xabier Erkizia antolatzaileak. Donostiako Artelekun eta Berako kultur etxean izanen da musika esperimentalari eskainitako besta, baina karrikan ere. Horixe da aurtengo berrikuntzetako bat. Kalean eginen dute apustu nagusia: Llorenç Barber valentziarrak proposatutako kontzertua. Bera osoa izanen da agertokia, edozein bazterretatik adituko dira doinuak, eskualdeko hogei bat musikarik kanpai guztiak astinduko baitituzte. Norbait hiltzean edo sutea dagoenean jo ohi dira, eta ohitura horrekin ere jokatuko dute.

Estreinaldiak

Borrokak lehendabiziko aldiz joko du Hego Euskal Herrian. Euskal kantagintzaren eragin handia du taldeak, baina hori jazzarekin eta bertze musika batzuekin nahasiz aski emaitza bitxia lortzen du. Maite Arroitajauregi Elgoibarko cello-jotzailearekin arituko dira lapurtarrak. «Ez dute elkar ezagutzen, eta hori jakinik proposatu genien emanaldia elkarrekin egitea», argitu du Erkiziak.

Oier Etxeberria azpeitiarrak aurreneko aldiz joko du zuzenean eta bakarrik. “C14” lana aurkeztuko du, euskal kantutegiari buruz egindako ikerketen emaitza. Collage gisako bat da, gure kulturako hainbat erreferentzia biltzen duena. Bizarrak ere ez du oraindik kontzerturik eman bikote bezala. Iban Urizar Elgoibarko tronpeta-jotzaileak eta Mikel Etxegarai bateria-jotzaile beratarrak ordenagailuak ere erabiliko dituzte Berako emanaldian, eta inprobisatu eginen dute ia ehuneko ehuna.

Sortzaile euskaldunek badute pisua egitarauan, baina ez kanpotarrek baino handiagoa. «Atzerritik etorriko diren artista guztiak bereziak diren arren, Phill Niblock nabarmenduko nuke, 70 urte baino gehiago dituelako eta garrantzi izugarria izan zuelako 60ko hamarkadan, musika esperimentalak sortzen hasi zirenean. Ahaztutako minimalista da historia liburuetan. Baina guretzat ohore handia da hemen izatea, jakinik zer adin duen eta etortzeko zenbaterainoko ahalegina egin duen. Thomas Ankersmit gaztearekin joko du, gainera». Artistak baino pertsonak gonbidatzen saiatzen direla ohartarazi zuen Xabier Erkiziak. Pertsona bezala ere aberatsak diren musikariak.

Gabriel Paiuk lantegi bateko gidari izanen da gaur eta bihar, eta kontzertua prestatuko dute parte-hartzaileek. Larunbatean, berriz, pianoa joko du Paiuk, pianoa soilik. «Aipagarria da hori, musika esperimentala ordenagailuarekin soilik egiten dela pentsatzen baitu askok. Eta ez da hala. Norbert Möslangek, erraterako, irratiak, aspiragailuak, jostailuak eta horrelako tresnak erabiltzen ditu. Argiekin sortzen ditu doinuak». Sortzeko bide ugari dagoela erakutsiko dute, baita erakusteko ere. Phill Niblockek, Thor Magnussonek eta Oier Etxeberriak, adibidez, ikus-entzunezkoak erabiliko dituzte.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Iñaki de Juanaren aldeko urgentziazko mozioa Gasteizen
Euskal Herria
Díez: «Se acaba el tiempo de los talantes y las palabras huecas»
Mundua
El proyecto de declaración critica, una a una, las políticas unilaterales de EEUU
Kultura
«Mentxakaren aitorpena», militante baten testigantza
Jendartea
«Demokrazia eza» AHTren eztabaida publikoan
Mundua
El PKK niega cualquier relación con el atentado en Diyarbakir
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss