GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-09-14
Azpiegitura proiektuak
«Demokrazia eza» AHTren eztabaida publikoan
AHTren proiektua eztabaidatzen hasi diren honetan, ingurumena babesteko elkarteek eztabaida horren ibilbidea salatu zuten, eta proiektua eramaten duen RFF enpresak plazaratu oinarrizko dokumentuaren datuak guztiz «puztuak» izan zirela adierazi zuten. Horregatik, beste azterketa batzuk egiteko eskatu zuten. Era berean, CADE eta Sepanso elkarteek eztabaida publikoa antolatzeko asmoa zutela jakinarazi zuten.

BAIONA

CNDPketa CPDPk (eztabaida publikoen aldeko batzordeak) Abiadura Handiko Trenari buruzko eztabaida publikoa astearte gauean Baionan egindako bilkura publiko baten bidez abiatu zuten Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Agintari politikoak eta AHT proiektuaren sustatzaileak zeudela-eta, hirurehun bat herritar elkartu zituzten bertan eta lau orduko eztabaida eskaini zuten.

CNDP eta CPDP batzordeek abiatutako eztabaida abenduaren 18a arte luzatuko da eta, garai horretan, herritar eta elkarte orok egitasmoari buruzko iritzia emateko aukera izanen du postaz edo Ipar Euskal Herritik barna eginen diren hogei bat bilkuren bitartez.

Iritzi guztiak bildu ondoren, eztabaida sortu duten bi egiturek sintesia egin beharko dute, eta RFFri (AHT proiektua daramana) helarazi. AHTren proiektua bere osotasunean egiteko orduan eztabaida horretan emandako iritziak bereganatzeko edo baztertzeko askatasun osoa izango du.

Halere, eztabaida hasi zen une horretan, lekuko ingurumena babesteko elkarteek gogor salatu zuten eztabaidaren ibilbidea eta edukia.

Bai salgaiak eta bai jendea garraiatzeko trenei buruz RFFk emandako datuak «puztuak» zirela eta eztabaida bera guztiz «desbideratua» zela salatu zuten.

Datuak puztuak

«Datuak ukateko eztabaidaren abiatzea itxaron behar izan dugu, eta gainera, eskuratzerakoan, gehienak gaizki zeudela ohartu gara», argitu zuen Victor Pachon CADE men defentsako elkarteen kolektiboko arduradunak.

Egoera ikusiz, datu zehatzak izateko beste azterketa batzuk egitea ezinbestekoa zela nabarmendu zuten: «Beste azterketa batzuk egiteko eskatu diegu agintariei bilkuran. Baietza eman digute, baina guk azterketa horiek erakunde independente batek egitea nahi dugu».

Horrenbestez, suitzarrek garraio gaietan esperientzia handia dutela-eta, azterketa bertako adituen enpresa bati eginarazteko galdegin zuten.

Lau hilabete iraunen duen eztabaidaren ibilbideari dagokionez, egitasmoaren aurka eta alde daudenen arteko hitza ore- katua izateko ere eskatu zuten.

«Eztabaida hori ez da inolaz ere demokratikoa. Hiru proiektu aurkeztu dizkigute eta horien artean aukeratzeko eskatu digute», gaineratu zuen Pachonek.

Ingurumena babesteko elkarteen ustez, izan ere, AHT eta A63 autobidea zabaltzeko proiektuen gainetik garraioari buruzko eztabaida sakona izatea ezinbestekoa da.

«Garraiobide proiektuak ezin dira geroaren ikuspegi zehatz bat izan gabe egin. Aurreikuspenek ez dituzte gizarte aldaketa guztiak kontuan hartzen. Guk, garraioaren eztabaida gizartearen bilakaerari egokituz aurrera eramatea nahi dugu. Bestenaz, porrot handia izanen da», argitu zuen Pachonek.

«Ez badira proiektu horiek oztopatzen, biharko lurra garraiogune handi bat baizik ez da izanen, eta guk, erdian trenak eta kamioiak begiratzen geratu beharko dugu. Gure irudiko, egun ez dago inolako arra- zoirik tren linea berria eraikitzeko, dagoena ez baita guztiz baliatua», jarraitu zuen esaten.

Eztabaida publikoan borroka

Eztabaida publikoa abiatzea salatu bazuten ere, elkarteek ez diote bertan parte hartzeari muzin eginen. Eta, herritar guztiak bilkura guztietara joatera deitu zituzten. «Ahal bezainbeste herritar eztabaida publiko horietan izatea nahi dugu. Toki horiek izan behar dute gure borrokagune. Lehen urratsa azterketak egiteko eskatzeko izango da», gaineratu zuen CADEko arduradunak.

1992an AHTri buruz abiaturiko proiektuan eramandako borrokara lotu dira berriz ere CADE eta Sepanso elkarteak. «Uste dutenek egitasmo berri hau 92an baino erreskiago amaituko dela, gaizki uste dute. AHTren proiektuari buruzko eztabaida hasi denetik dei asko izan ditugu. Asko galduta daude, eta beste asko berriz ari dira iratzartzen», gaineratu zuen.

CADE eta Sepansoren ustez, ondoko asteetako lan nagusia antolaketa eta herritartasun lana bultzatzea da. Horretarako, bilkura publikoa egiteko asmoa zeukatela jakinarazi zuten. «Denbora hartuko dugu eztabaida hori behar bezala antolatzeko», adierazi zuten azkenik bukatzeko.



Merkataritza Ganbera bide berriaren alde
Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak tren linea berriaren aldeko jarrera azaldu zuen astearte gauean izandako eztabaida publikoan. RFF elkarteak zabaldu dokumentuan hiru lineen artean aukeratzeko eskatzen da, eta lehenengoak egungo linea bikoiztea aipatzen du. Lehen egitasmo hori ekologiari dagokionez sekulako hondamendia izango zela esan zuen Jean-Mari Berchkmans lehendakariak. «Dauden beharrei erantzun nahi badiegu, argi dugu linea berriak egitea ezinbestekoa dela», erran zuen. Linea berria eraikiz, gune ekonomiko garrantzitsua den Tolosara hurbilduko direla nabarmendu zuen Berchkmansek. -



Hautetsien Kontseilua eta Berdeak azterketa eske

BAIONA

Ingurumena babesteko elkarteekin batera, Hautetsien Kontseiluko ordezkariek eta Berdeak alderdiak ere RFF elkarteak landuriko dokumentuan oinarrituriko eztabaida publikoaren ibilbidea salatu zuten. Horrenbestez, datuak salatu zituzten bereziki. CADE eta Sepanso elkarteekin bat eginez, beste azterketa batzuk egiteko eskatu zuten. Jean-Renee Etxegarai Baionako hautetsi eta Hautetsien Kontseiluko ordezkariak hitza hartu zuen astearteko bileran: «Edozein proiektu hasi aurretik ezinbestekoa iruditzen zaigu egungo trenbidearen gaitasuna ongi aztertzea. CADEk hainbat adibide zehatz eman ditu datuak puztuak izan direla esateko. Ipar Euskal Herria desitxuratuko duen proiektu erraldoi hori abiarazi aurretik, ezinbestekoa iruditzen zaigu CADEn tesiak ikustea», gehitu zuen. Abertzaleen Batasuna alderdiak A63 eta AHT proiektuak batu zituen, eta Euskal Herri osoa ukitzen zuten proiektuak zirela nabarmendu zuen. «Ardatz egituratzaileak dira, alta, bien artean koherentzia falta da».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Iñaki de Juanaren aldeko urgentziazko mozioa Gasteizen
Euskal Herria
Díez: «Se acaba el tiempo de los talantes y las palabras huecas»
Mundua
El proyecto de declaración critica, una a una, las políticas unilaterales de EEUU
Kultura
«Mentxakaren aitorpena», militante baten testigantza
Jendartea
«Demokrazia eza» AHTren eztabaida publikoan
Mundua
El PKK niega cualquier relación con el atentado en Diyarbakir
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss