Muguruzaren Jamaikako esperientzia «Bass-que Culture» dokumentalean
·Berlingo Kato Cluben antolatu duten jaialdian ikusi ahal izango da etzi
DONOSTIA
Fermin Muguruzak “Euskal Herria Jamaika Clash” diskoa grabatzeko Jamaikan izandako esperientzia jasotzen duen “Bass-que Culture” dokumentala larunbat honetan proiektatuko dute Berlingo Kato Cluben, Lucha Amada taldeak antolatu duen jaialdian. Muguruza bera izango da bertan nondik norakoak azaltzen.
Diskoaren banaketa atzeratu egin da Europako zenbait herrialdetan, baina Alemanian aste honetan bertan hasi da banatzen “Euskal Herria Jamaika Clash” PIAS Germany banatzailea.
“Bass-que Culture” dokumentalak Fermin Muguruzak Jamaikaren eta Euskal Herriaren arteko zubia eraikiz egin zuen lana agertzen du. Diskoaren grabazioa da dokumentalaren eduki nagusia. Duintasuna mantendu eta bizirik irauteko ahalegin etengabean ari diren bi herriren arteko lotura da, berriz, diskoaren mamia. «Gerrilla kutsukoa, ohiko irudi eta soinu muntaketak alde batera utzita, gertutasunezko sentsazioa gailenduz lortu du dokumentalak giza testigantzen berri ematea», dio bidali duten idazkiak.
U-Roy, Luciano, Toots, Rita Marley, Marcia Griffiths eta abenturan parte hartzen duten musikari eta beste hainbat lagun agertzen dira dokumentalean.
|