DONOSTIA
Ikasturtea hasi berri den honetan, Batasunak argazkia atera dio herrialdez herrialde bizi den egoerari. «Oraindik ere konpondu gabeko arazo ugari ditugu Euskal Herri osoko ikastetxe eta heziguneetan», adierazi du talde abertzaleak.Ipar Euskal Herritik hasita, eta euskaraz ikasteko eskaera gora doa arren, «hizkuntzaren kalitateari ez zaio inolako arreta jartzen hizkuntzaren bulego publikotik, ez da inolako plangintzarik euskararen transmisioa egoki lantzeko eta, beraz, belaunaldi berrien euskalduntzea kolokan dago», salatu du Batasunak.
Nafarroa Garaian ere D ereduan matrikulatu diren haurren kopurua handitu egin da. «Erakunde publikoetatik egindako lana trabak jartzea besterik ez da izan», salatu du talde horrek eta Patxi Larraintzarreko kasua aipatu du adibide. Hartara, kalitatezko hezkuntza euskaraz jasotzeko eskubidea «ukatu» egin zaiela kritikatu du.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikasleen kasik %67k D ereduaren alde egin badute ere, «oraindik euskaldunduko duen eskola ereduaren inguruko proposamenik» Lakuako Hezkuntza Sailak ez duela egin salatu du eta gaur egun indarrean dagoen legeak dioena ez dela betetzen gaineratu du Batasunak.
Gauzak horrela, talde abertzalearen ustez, «administrazioek ardura guztia dute ikasleek beren ikasketa zikloa amaitzean euskara eta gaztelania ezagut dezaten bermatzeko» eta, bestela, «iruzurra» egiten ari direla salatu du. Hartara, «eredu sistemaren agorpena agerian geratu den honetan eskola eredu berria ezartzearen alde» agertu da Batasuna. Horretarako hezkuntza eragileekin elkarlana sustatu behar dela nabarmendu du.
Campoyren lehentasunak
Bestalde, Nafarroako Hezkuntza Saileko buru Luis Campoyk ikasturte honetarako dituen lehentasunak aipatu zituen atzo. LOE legearen garapena; Haur Hezkuntzako lehen zikloa; sindikatuekin eta Lanbide Heziketan diharduten zentroekin hitzarmena lortzea eta eraikuntza berriak egitea eta zentroak handitzea aipatu zituen ikasturte honetan egin beharreko etxeko lan nagusi bezala.Ikasle etorkinen gizarteratzea sustatzeko bideak indartzeko asmoa ere agertu zuen Campoyk, eta horretarako indartze programekin jarraituko dutela esan zuen.