AB:«Herriko bozak ez dira inprobisatzen»
BAIONA
Sartzearekin bat, hurrengo hilabeteetarako erronka nagusietakoa udal hauteskundeak prestatzea izango dela adierazi zuen ABk, atzo, Baionan. Peio Etxeberri-Aintxarten esanetan, indar abertzaleek maiz askotan «beranduegi» heltzen diote lanari:«Herriko bozak ez dira inprobisatzen. Lan handia egin behar da proiektuak landu eta hedatzeko eta kanpaina prestatzeko». Indar abertzaleak, beraz, berehala ekingo dio, are eta arrazoi handiagoarekin, udal hauteskundeak 2008an izango zirela adierazi arren, 2007ko urrira aitzinatuko dituztela dirudielako. ABrentzat iaz hasitako lanaren jarraipena izango da, egiaz. Izan ere, azken 20 urteetako bilana egina dute, eta orain jarraitu beharreko estrategia mamitzen ari dira, abenduaren 2an egingo dituzten jardunaldietan eztabaida dezaten. Bestalde, udaberri amaiera arte iraungo duen formazio ziklo berezia abiatuko dute berehala; zehazki, urriaren 14an. Heletako herriko etxean udal-finantzaketaz arituko dira, baina hirigintza, ingurumena, udal funtzionamendua, herri elkargoen zeregina eta antzekoak ere landuko dituzte hurrengo hilabeteetan.
Abertzale orori irekia
Etxeberri-Aintxartek nabarmendu zuen formazio saio horiek edozein joeratako militante abertzaleei irekiak izango direla; hain zuzen ere, «hautetsien egitekoaz daukaten ezjakintasunagatik gogaide asko bere burua aurkezteko beldur izaten delako».Lan-ildoen artean, ABk Pays Basque 2020 proiektuaren lanketan parte hartzen jarraituko du, «nahiz eta lehen gertaturikoa baieztatzen bada, hots, hango erabakiak gauzatzeko agerikoa den erakundearen premiari erantzuten ez bazaio», beren parte-hartzea bertan behera uztea ez duen baztertu. Horiek hala, Batera-ren sinadura kanpaina indartzen ahaleginduko da.
|