DONOSTIA
«Lege batek ezin du hizkuntza bat bortxaz mantendu». Horrela erantzun zuen atzo Donostian Marc Cabane Pirinio Atlantikoetako prefetak, euskararen ofizialtasunaren beharraren gainean kazetariek galdetu ziote- nean. Bere erantzuna argudiatzeko hizkuntza gaelikoa jarri zuen adibidetzat, eta nahiz eta Irlandan ofiziala izan, bere biziraupena ziurtatua ez dagoela adierazi zuen.Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, aldiz, «ofizialtasunarena borroka politikoa» dela adierazi eta eztabaida horrek euren «lana ez duela baldintzatu behar» argudiatu zuen.
Adierazpen horiek, Lakuako Gobernuak eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Euskararen Erakunde Publi- koak egindako agerraldian egin zituzten. Prentsaurrekoa euskara eta hizkuntza politika gaietarako lankidetza bidea aztertzeko egindako bileraren ostean egin zuten.
Hiru urteren ostean, akordioa
2003. urtean Lakuak eta Ipar Euskal Herriko Obragintza Publikoko partaide ziren ordezkariak sinatutako protokoloan du oinarria bi erakundeen arteko harremanak. Hitzarmen horrek, Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuaren arabera, «hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza instituzionalerako oinarri sen- doak» jartzen ditu. Protokolo hori hitzartu eta hiru urteren buruan, euskara sustatzeko akordio bat sinatu nahi dute bi eragileek eta jakinarazi zutenaren arabera, atzoko bilkuran zirriborroa hitzartu zuten eta datozen hilabeteetan akordio berria sinatuko dute.
Aipatutako akordioan, bi erakunde publikoek elkarrekin gara ditzaketen jarduerak, sustapen lerroak eta horien guztien jarraipena eta ebaluazioa egiteko moduak zehaztuko dira.
Gasteizko Gobernuak Donostian duen egoitzan izandako bilkuran, Euskararen Erakunde Publikoaren izenean Max Brisson bertako presidentea, Vicent Bru eta Frantxua Maitia presidenteordeak, Jean Claude Iriart EEPko zuzendaria eta Estatu frantseseko ordezkari eta era berean Pirinio Atlantikoetako prefet Marc Cabane egon ziren.
Lakuako Gobernuaren ordezkaritza, aldiz, Miren Azkarate Kultura sailburuak, Jose Mari Muñoa lehendakariaren Kanpo Harremanetarako mandatariak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politika sailburuordeak eta Miren Mateo koordinazio zuzendariak osatu zuten.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Euskal Erakunde Publikoa Estatu frantsesak, Akitaniako eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren aldeko Herrien Elkargoak osatzen dute. Erakunde horrek orain arte Euskal Kultur Institutuak betetzen zuen lana beteko du.