Aita eta bere ipuinak. Beti zuen aitak ipuin bat kontatzeko. Edozein unetan. Bazkaltzen ari ginela edo mendian zehar paseatzen. Bizitzako edozein egoera zela eta ateratzen zuen ipuinen bat mahaira. Arazo guztien irtenbidea omen dago ipuinetan, halaxe zioen berak, egia guztiak agertzen direla ipuinetan. Horixe zioen berak. Gure aita zaharrak. Haren ipuinak bezain zaharra zen gure aita. Beti beldurrez nik zer egingo, non geratuko. Aitak esaten zidan nik djina nuela sartua barru-barruan.
Deabruari esaten zion hark djina. Eta djina atera behar nuela nire barrutik, bakea bilatu behar nuela neure buruarekin, bestela hondamendira eramango ninduela deabruak. Koranean ageri den Gabriel aingeruak bezala norberak deabrua menderatu behar duela. Den-denok dugula barruan, alde txarra pertsona guztiok daukagula, baina alde ilun hori menderatzean datzala zoriontasuna. Alde ilun hori onartu bai, baina hanka azpian izateko. Deabrua menderatu behar nuela, bestela bila eta bila arituko nintzela bizitzan, ibili eta ibili, inoiz ezer aurkitu gabe.
Elefanteari gertatu zitzaiona gertatuko zaizu orain arte bezala jarraituz gero esaten zidan aitak txikitan, eskolarako bidean.
Elefantearena?
Garai batean elefantea zen animalien erregea eta ez lehoia, mundu guztiak pentsatzen zuen bezala. Baina behin eltxo bat sartu omen zitzaion elefanteari tronpan barrena. Eltxoa handituz eta handituz joan zen elefantearen buru barruan, eta ez zuen bakean uzten. Buruko mina ezin jasanda bizi zen elefantea. Medikuek esaten zioten djina sartu zitzaiola barrura eta nola edo hala atera egin behar zela. Inguruko herrialdeetako medikurik onenak etorri ziren erregeren jauregira, baina inork ezin zion djina atera.
Eta nola bukatu zen dena? galdetu nion nik haren eskua estutuz.
Etzazula pazientzia gal, seme. Lehoia agertu zen jauregira. Esan zuen urruneko erresuma batetik zetorrela eta berak hamaika erregeri lagundu ziola barruko deabrua kanporatzen. Baina horretarako behar-beharrezkoa zuela lepoa moztea. Gero, deabrua atera eta berriz jarriko ziola burua bere tokian. Elefanteak baietz erantzun zion, ezin baitzuen buruko mina gehiago jasan, egiteko egin behar zuena.
Eta atera al zion eltxoa?
Bai eta zera ere! Elefantea hil egin zen eta lehoia da geroztik animalien erregea.
Aita eta bere ipuinak. Nik ez nion kasu handirik egin, eta orain hementxe nago, Europan giltzapean. Izan ere, nik djina nuen barruan. -