GUEÑES
«Hunkigarria izan da». Horixe esan zuen Natxo Velasco Reckitt-Benckisereko langileen batzordeko presidenteak enpresa horren itxieraren aurkako manifestazioa bukatu ondoren. Jende ugari elkartu zen Gueñesen multinazionalak iragarritako itxiera gaitzesteko eta desagertu daitezkeen 190 lanpostuak defendatzeko. Gueñeseko plaza beteta zegoen arratsaldeko 18.00etan. «Oso pozik gaude adierazi zuen Velascok herriko eta eskualdeko jende asko etorri delako». Langileek erakutsitako babesa eta laguntza eskertu zuten.
Manifestazioak udaletxea inguratu zuen, eta plazan berriro bukatu zen. Ibilbidea motza izan arren, bildutako jendetzak luzatu egin zuen.
Manifestazioan sindikatuetako buruak ere izan ziren. Besteak beste, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak parte hartu zuen. Julio Artetxe Bizkaiko Lan diputatua ere Gueñeseko manifestazioan izan zen.
Batasunak, berriz, ostegunean Ertzaintzak langileen aurkako egindako erasoa gaitzetsi zuen. «Lanik gabe eta jipoituak, hau da Ibarretxeren errezeta, prekarietatea eta egurra», esan zuen.
Alderdi abertzalearen arabera, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak 290 lanpostu sortuko dituela agintzea «hautsa» saltzea da, eta enpresa hori mezua botatzeko itxieraren zain zergatik egon den galdetu zuen, halaber.
«Politika industrial burujabea»
«Lakuako Gobernuak sustatutako eredu neoliberalak enpresa multinazionalen menpe utzi gaitu», esan, eta, horren ondorioz, Reckittek hartutako erabakia azaldu zuen Batasunak. «Horregatik, politika industrial burujabea behar dugu», eman zuen aditzera, prekarietatea gainditzeko eta aberastasuna hobeto banatzeko.
Bestalde, enpresako zuzendaritza eta langileen batzordea datorren asteartean elkartuko dira berriro. Enpresak ez duela atzera egingo adierazi du, eta langileekin birkolokatzeko aukerak aztertu nahi ditu. Batzordeak, berriz, itxiera bertan behera uztea eta lanpostuen jarraipena defendatuko dituela adierazi zuen.