Iñigo Lamarca Iturbe - Arartekoa
Adingabe atzerritarrak: gure adingabeak
Egunotan adingabe atzerritarrentzako zentroak irekitzearen kontrako gizarte-mobilizazioak ikusten ari gara berriro. Izugarri gaizki egiten ari gara «zerbait». Ireki nahi den zerbitzu hori beraien kargu egiteko inor ez duten nerabeentzat da, beren jaioterrian familiarik edo beraietaz arduratuko den erakunderik ez dutenentzat, eta jatekoa, janztekoa, etxebizitza, hezkuntza... behar dituztenentzat. Baina biztanleak manifestazioan agertzen direnak behintzat beldur diraŠ Adingabe horiek bortitzak omen dira, arazoak sortzen omen dituzte, eta ez dituzte alboan nahi; hori aditzera emateko, antolatu egin dira, udatiar batzuen eta mugakide dituzten udalerrietako beste auzotar batzuen laguntza lortu dute eta, gauza kezkagarria benetan, baita Udalbatzaren laguntza ere.
Ezinbestean, jendaurreko gogoeta egin behar dut egintza horiei buruz, horrelako zerbitzuak gaitzesten badira izango dugun gizarteaz, izan ere, zerbitzuok pertsona ahulentzako dira, herri-agintarien arreta behar dutenen pertsonentzat. Oraingo honetan adingabe atzerritarrak dira, eta gero?
Zerbitzuok ez onartzeko arrazoien artean, «ez direla haur babesgabeak» irakurri dugu. Zer da, bada, lo egiteko tokirik ez izatea edo heziak izateko, lana aurkitzeko edo maitasuna jasotzeko inolako aukerarik ez izatea?
Adingabeei arreta eskaintzea administrazio guztien ardura da (ez bakarrik foru aldundiena) eta baita gizarte osoaren ardura ere. Hona hemen zer dioen 1966ko eskubide zibil eta politikoei buruzko Nazioarteko Itunak, 1976. urteaz geroztik indarrean dagoenak: «Haur orok eskubidea du bere adingabe egoerak beharrezko egiten dituen babes-neurriak izateko, bai familiaren aldetik, bai gizarte eta Estatuaren aldetik ere, eta ez da inolako bereizkeriarik egingo arraza, sexu, hizkuntza, erlijio, jatorri nazional edo sozial, ekonomia egoera edo jaiotzazko ezein arrazoirengatik».
Adingabe horien hezkuntza-prozesuek haurrok gizartera ditzan lortu behar dute herri-administrazioek, eta ez, ordea, bazter ditzan edo bazterkeriazko jokaerak burutu daitezen. Orobat, herri-administrazioek ezagutzera eman behar dituzte adingabe horien errealitatea, beren bizitzetan pairatzen duten pobreziaren, sufrimenduaren eta abandonuaren zama, adingabe horietako asko egiten ari diren ahaleginak batzuetan bidea errazten ez dien gizartean txertatzeko. Aitzitik, gazte horietako batzuen portaera gatazkatsuak administrazioek abiarazitako neurri batzuen porrotaren eta abandonuzko bizitza-historia baten adierazgarri izan daitezke.
Euskadin ez dago nahikoa baliabide adingabe atzerritarrentzat, gure txostenetan agerian jarri dugunez. Presakoa eta nahitaezkoa da adingabe horien oinarrizko beharrei erantzutea. Hori lortzeko, baliabide hobeak behar dira, koordinatzeko borondatea, eta ordezkari politikoek jarrera tinkoa izatea legezkotasuna babesten eta gizarte-politikak modu eraginkorrean sustatzen. Ararteko naizenez, gai horretan administrazioek onartu dituzten betebeharrak gogorarazi behar ditut. Bai Haurraren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenak, bai Estatuko eta autonomietako araudiak ere, adingabe horiei dagozkien erabakietan adingabearen in- teres gorenari lehentasuna ematera behartzen dute, eta printzipio hori ez dago ezergatik ere leuntzerik.
Inmigrazioa gai konplexua da eta zalantzan jartzen ari da estatu batek eta bere autonomia erkidegoek beren kabuz modu egokian kudeatzeko ahalmenik ba ote duten. Beraz, erronka bat da Europako Batasunarentzat eta nazioarteko erakundeentzat, eta gizarte osoarentzat ere bai. Ziur gaude Europan, lortutako aurrerapen mailari esker, erronka horri guztiontzat ona den eran aurre egin diezaiokegula. Ahuleziarik larrienean dauden adingabe horien zailtasunak eta beharrak kontuan hartzen dituen kudeaketa aldezten du Ararteko erakundeak. Gazte horien egoerak gure kontzientzia eta gure bizikidetasunezko sistema demokratikoak euskarri dituen printzipioak interpe- latzen ditu. Hortaz, ez erakunde eta administrazio publikoek, ez gizarteak ere (hau da, gutako bakoitzak) ezin diogu adingabe atzerritar babesgabeak babesteari utzi. Gure ustez, ezinbestekoa da hezkuntzak eta erakundeen babesak haien integrazioan eta gizarte-kohesioan duten garrantziaz jabetzea. Bestela, non geratzen dira Europako gizarteen oinarrian dauden elkartasun eta humanismo balioak, non adingabeen eskubideak, non nazioarteko legezkotasuna betetzea? Egin dezagun gai horien gaineko gogoeta zintzo eta arrazoizkoa. -
|